Iñar zuria, zurikatxa
Erica arborea

Iñarra, mundu mailan asko hedatu den txilarra dugu. Lore zuriko landare hau eskualde mediterranearreko espezie tipikoa da eta bere latinezko izenak dioen moduan, beste txilarrak baino handiagoa da, zuhaitz txiki baten itxurakoa. Baldintzak egokiak direnean 7 metroraino luzatu daiteke baina Euskal Herrian, gehienetan ez ditu 4 metroak gainditzen.

Erica arborea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Ericales
Familia
Ericaceae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
ne

Morfologia

7 metroko altuera lor dezaken zuhaixka dugu iñarra, baina gehienetan ez ditu 4 metroak gainditzen. Oinarritik, hau barne, oso zuhaixka adarkatua da eta adar gazteek sahiets modukoak dituzte trabeska. Ile leun eta dentikulatuz osaturiko estaldura fina du.

Hostoak

Hosto iraunkorrak ditu, tenteak. Hostoak bertiziloka multzokatzen dira, bertizilo bakoitzak 3-4 hosto izaten dituelarik. Hostoen neurria 3-9 x 0,5-0,7 mm-koa da eta ertza goruntz zertxobait kiribilduta izaten dute.

Loreak

Loreak unbela motako infloreszentzietan taldekatzen dira. Infloreszentzia hauek brakteatuak dira eta gehienez, hiru lorez osaturik egoten dira. Loreak kolore zurikoak dira eta albo-adarren puntetan kokatzen dira.

Kalizak 1,2-1,5 mm-ko lau sepalo ditu, oinarrialdean fusionatuta daudenak. Formaz obatu-lantzeolatuak dira eta ez dute ilerik. Korola, aldiz, 2-3,5 mm-ko 4 petaloz osaturik dago, hauek ere elkartuta daudelarik, kanpai itxurako hodi bat sortuz. Hodi hau 4 lobuluren bidez irekitzen da kanporantz eta lobulu hauen neurria <1 mm-koa da.

Androzeoak 8 estamin ditu, nektar-diskaren lobuluen artean kokatzen direnak. Anterak 0,1-1 mm-koak dira, iletsuak, eta 0,2-0,4 mm-ko apendize lantzeolatuak dituzte.

Ginezeoak obario glabroa du, eliptikoa. Estiloa filiformea da eta korolaren luzera gainditzen du. Muturrean estiloak itxura diskoidaleko estigma zuria izaten du.

Fruituak

Kapsula motako fruitua du, globo itxurakoa eta 2 mm ingurukoa. Bere baitan, 40 hazi inguru gordetzen ditu, hauek gainazal zartatua dutelarik.

Antzeko espezieak

Erica lusitanica
Erica lusitanica

Bi espezieek dute korola zuria, kanpai formakoa eta bietan infloreszentziak 1-3 lorekoak dira. Baina E. arborearen adartxoetako ileak gehienetan horzdunak dira eta honen anterak 0,2-0,4 mm-koak dira, ziliatuak. E. arborearen korola 2-3,5 mm-koa da eta E. lusitanicarena 4-5 mm-koa. Azken honek, gainera, ile leunak ditu adarretan eta anterak 0,5-0,8 mm-koak dira.

Banaketa

Eskualde mediterranearreko espeziea da eta Europako mendebaldean zehar zabaltzen da, eta Afrika erdialderaino iritsiz. Kanariar uharteetan eta Mallorcan, Menorcan eta Cabreran agertzen da. Kanariar uharteetan, hain zuzen, zuhaitzik arruntena da eta laurisilba basoak eratzen ditu.

Erica arborea Erica arborea

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Arctostaphyllos alpinus
Azeri-mahats alpetarra
Calluna vulgaris
Ainar arrunta
Erica vagans
Txilar burusoila
Erica cinerea
Ainar purpura


Ekologia

Baso hostoerorkorren argiguneetan hazten da, esate baterako harizti eta pagadietan. Hala ere, ez du argitasuna gehiegi gustuko. Lur azidoak gustuko ditu (pH 3,5-5,5) eta itsas mailatik 2200 metrora hazi daiteke. Tenperatura epelak behar ditu eta lur lehorrak eta ez-nitrifikatuak.

Fenologia

Otsailetik ekainera loratzen da.

Erabilerak

Iñar honen sustraietako egurrak erraboil itxura du eta erretzeko pipak egiteko asko erabili izan da. Iñarrak oso egur zurrun eta astuna du, kolore gorri ederrekoa. Iñarraren zerrautsa abereentzako oheak egiteko erabiltzen da eta abereek landare gazteak jan ohi dituzte. Iñarraren egurra oso erregai ona da eta kalitate altuko ikatza sortzen du.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/11/26 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1394 | Argazki nagusia: Frank Vincentz

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...