Hego-ipurua
Juniperus oxycedrus

Hego-orrea izenaz ere ezaguna. Portugal eta Marruekosen ekialdetik, Iranen iparralderaino zabaltzen da. Lehortera ongi moldatutako landarea da. Mediterraneoan ugaria da, askotan artearekin, pinuarekin... batera agertzen da (oso arrunta baso pobreetan). Argitasun handia behar du; hori dela eta, mendi magal lehor eta harritsuak kolonizatzeko joera dauka eta, ez da sustratuarekiko espezifikoa. Fruitu mamitsua ematen duen Cupressaceae bakarrak dira genero honetako landareak. Gure herrian erdialdeko zein goi-mendiko espeziea da. 

Juniperus oxycedrus

Dibisioa
Pinophyta
Klasea
Pinopsida
Subklasea
Pinidae
Ordena
Pinales
Familia
Cupressaceae
Deskribatzailea
L.
Estatusa

Morfologia

10 m-ko garaierara hel daitekeen zuhaixka da. Adaburu konikoa dauka isolatuta dauden aleetan baina, irregularra bihurtzen da urteekin. Ale gazteetan adarrak enborraren oinarritik hazten dira, ale zaharragoetan aldiz, enborraren azpiko aldea libre gelditzen da. Ale zaharrek enbor zuzen eta zurruna daukate, metro bateko diametroa baino handiagoa duena. Enbor azala fina da, gris-arre kolorekoa eta, plaka eta tira finetan antolaturik dago.

Hostoak

Hosto iraunkorreko zuhaixka da. Hostoak hirunaka bertizilatuak ditu. Hosto gazteak erikoideak dira eta zaharrak azikularrak, 0,8 - 2,5 cm-koak eta zurrunak. Bi lerro estomatiko txuri ditu hostoaren gainazalean, nerbio berde fin baten bidez banatuak.

Loreak

Landare dioikoa da. Ale arrek kono ugari dituzte, hostoaren galtzarbetan bakarka agertzen direnak. Hauek esferikoak dira eta horixkak edo gorrixkak izan daitezke. Hauek ezkata ugari dituzte, bertiziloetan kokatuta, bakoitza 3-7 polen-zakurekin azpialdean.

Ale emeek kono bakanak dituzte, hauek elkarri lotuta dauden ezkata mamitsuak dituzte. Itsura esferiko edota oboidea dute estrobiloek.

Fruituak

Galbulu izenez ezagutzen dira eta  8 - 15 mm-ko diametroa dute. Gazteak direnean berdeak dira eta heltzean gorriak edo arre-gorrixkak. Hauek, askotan argizari txuri-urdinxka batez estalita daude, igurzterakoan desagertzen dena eta, puntan protuberantzia txiki bat dute. Fruituek 1 - 3 hazi dituzte. Bigarren urtean heltzen dira fruituak.

Antzeko espezieak

Juniperus communis

J. oxycedrusek hostoetan bi estoma-zerrenda zuri ditu eta J. communisek bakarra. Bestalde, fruitu heldua, kolore arre-gorrixkakoa du J. oxycedrusek eta beltz-urdinxka J. communisek.

Banaketa

Ingurune mediterraneora mugatzen da bere banaketa. Hiru subespezietan banatzen da eta, horietatik bi agertzen dira Euskal Herrian:

- Juniperus oxycedrus ssp. oxycedrus

Arruntena gure herrian.

- Juniperus oxycedrus ssp. badia (H. Gay)

Eskualde mediterraneoko gune kontinentalenetan soilik agertzen da Euskal Herrian. 

Juniperus oxycedrus Juniperus oxycedrus

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Cupressus sempervirens
Altzifre arrunta
Pinus halepensis
Alepo pinua
Pinus sylvestris
Pinu gorria
Pinus pinea
Pinazi pinua
Pinus nigra
Larizio pinua


Ekologia

Lehortera ongi moldatutako landarea, arte mediterraneoraen domeinuan agertzen da, sarri, haren ordezkapen etapetan. Mendi-hegal lehor eta harritsuak kolonizatzen ditu. Egoki moldatzen da edozein motatako lurzorutan. 

Fenologia

Negu bukaera eta udaberri artean loratzen da. Fruitua bigarren urtean heltzen da.

Erabilerak

Egurra lurrintsua du, kolore gorrixkakoa, ale xehekoa, usteldurarekiko oso erresistentea eta lantzeko erraza; ebanisterian asko erabili da eta, zutabe eta habe ederrak egiten dira berarekin. Destilazio lehorrez, ezaugarri antiseptiko eta bulnerarioak dituen miera- edo orre-olioa lortzen da bertatik.

Adornurako landatzen da.

 

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: Ibon Aristi | Sorrera: 2012/01/29 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1091 | Argazki nagusia: Hans Hillewaert (Wikimedia Commons)
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...