Erramua
Laurus nobilis

Laurus nobilis edo erramua, 15 metroko altuera izatera hel daitekeen hosto iraunkorreko zuhaitz edo zuhaixka da. Lauraceae familian sartzen da eta espezie honek ematen dio izena, hain zuzen ere, familiari. Jatorria isurialde mediterraneoan duen arren, oso hedatua dago eta oso ezaguna da, batez ere, bere hostoa sukaldaritzan erabilia delako. Hori dela eta, beste hainbat izenen bidez ere, ezagutu daiteke: erramu arrunta, sukaldeko erramua…

Laurus nobilis

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Laurales
Familia
Lauraceae
Deskribatzailea
Linneo, 1753
Estatusa
ne

Morfologia

Tamaina txikiko zuhaitza, gehienez 15 m-koa. Dioikoa da eta hosto iraunkorrak ditu, oso aromatikoak. Zuhaitzaren enborra zuzena izaten da, azal leunekoa eta adar berdexkaduna. Adarrak, gainera, ilerik gabekoak dira eta gazteak direnean ikusgarriak izan daitezke. Adarrak zahartzean, ordea, gris kolorekoak bilakatzen dira. 

Hostoak

Hostoak sinpleak eta txandakatuak izan ohi dira. Tamainari dagokionez, hostoek 6-15 cm arteko luzera izaten dute eta 2-5 cm arteko zabalera. Larruaren antzeko trinkotasuna dute. Berde kolorekoak izaten dira, satinatuak eta beheko partean distira galtzen dute. Zentimetro inguru neurtzen duen pezioloa dute, askotan gorri kolorekoa. Forma lantzeolatua dute, ertz leun edo uhindunekoa. Hostoek punta zorrotza eta nerbiazioa pinatua dute. 

Loreak

Zuhaitza, dioikoa denez, loreak sexu bakarrekoak dira eta, lore arrak eta emeak zuhaitz desberdinetan egoten dira. Orokorrean, kolore horiko loreak garatzen dituzte, hostoen galtzarbean unbeletan antolatzen direnak. Lorearen periantoa 4 atalez dago osatua, guztiak 3-4,5 mm luze eta 1,5-2 mm zabal direnak.

Lore arrek kolore horiko 8-12 estaminez eratua dute androzeoa. Horiek, 3 mm inguru neurtzen dute eta antera borobilduak izaten dituzte. Antera horien oinarrian nektarra biltzeko zakuak egoten dira. Bestalde, lore emeek, 3-4 estamine izaten dituzte; eta, horiek, pistilo berde bat dute, estilo motz batean amaitzen dena. 

Fruituak

Forma obalatuko baia da, globotsua eta 10-15 mm neurtzen duena. Errezeptakuluak arrastoak utzi ditzake fruituan. Eta heldu bihurtzean, kolore iluna hartzen du. 

Banaketa

Isurialde mediterraneoko herrialdeetan zehar hedatzen da, eta Iberiar Penintsulan erabat sakabanatua dago. Hain hedapen handia izanik zaila da bere jatorria kokatzea baina, autore askoren esanetan, jatorria Asian izan dezake.

 

Laurus nobilis Laurus nobilis

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Betula pendula
Urki dilindaria
Alnus cordata
Haltz italiarra


Ekologia

Querco-Fagetea klaseko espezie tipiko hau, edozein lurzoru motatan hazten den espeziea da; hala ere, nahiago izango ditu kareharrizko lurzoruak. 800 m-rainoko altueran aurkitzea ohikoa izaten da. Beste hainbat espezierekin batera agertzen da artadietan, harizti oligotrofikoetan eta ia beti lehortuta dauden lurzoruetan dauden gaztainadietan.

Erramuak, hazkuntza optimoa izateko, behar dituen baldintzak honakoak izango dira: argi intentsitate ez oso handiak; tenperatura epelak, tenperatura altuak eta izotzaldi berantiarrak ez baititu batere ondo jasaten; lurzoru lehorrak, apur bat azido bihurtzeko joera dutenak eta nitrogenoan txiroak direnak. 

Fenologia

Otsailetik apirilera loratzen da, udaberri hasieran. Fruituak urte bereko udazken aldera heltzen dira. 

Erabilerak

Erramuak ematen duen zura nahiko gogorra da, pisutsua, oso usaintsua eta gris-arre kolorekoa. Hala ere, ez da asko erabiltzen. Erramua, gehienbat, sukaldaritzan, medikuntzan edota zeremonietan erabiltzen da. Antzina, enperadore erromatarrek erramuaren hostoz egindako koroak erabiltzen zituzten, garaipenaren sinbolo gisa. Garai horretantxe hasi ziren pentsatzen erramuak izan zitzakeen beste erabileretan: sukaldaritzan, medikuntzan edota magia munduan. Ez da ahaztu behar, ordea, gaur egun bere erabilera gehienbat sukaldaritza eta medikuntzara murriztua dagoela.

Medikuntzan desinfektatzaile, antiseptiko edo estimulatzaile moduan erabiltzen da. Horretarako, hostoak erabiltzeaz gain, batzuetan fruituak ere erabiltzen dira, hainbat konposatutan aberatsak baitira (linalol, eugenol, terpineol, azido oleikoa…). Gainera, erramutik ateratzen den olioa parasitoei aurre egiteko erabil daiteke.

Sukaldaritzan, jakiak aromatiko eta usaintsu egiteko erabiltzen dira erramuaren hostoak, siku daudenak eta siku ez daudenak ere. Hala ere, hostoak ez dira urtebete baino gehiago gorde behar erabili baino lehen, bestela, propietate hau galtzen baitute. Kontutan izan behar da, erramuaren hostoak kantitate handitan hartzen badira, toxikoak izan daitezkeela. 

Esteka interesgarriak

Egilea: Olatz Pereda Iriondo | Sorrera: 2013/10/11 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1608 | Argazki nagusia: Didier Descouens (Wikimedia Commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...