Arbustu arrunta, Karraskiloa
Ligustrum vulgare

Arbustu arrunta 5 m-ko altuerara hel daitekeen zuhaixka submediterraneoa da. Hosto oposatuak eta infloreszentzia dentso zuriak ditu, eta azken ezaugarri honengatik, oso erabilia da apaingarri gisa eta heskaiak egiteko. Euskal Herri osoan naturalki hazten da, baina eskualde mediterraneoan ugariagoa da.

Ligustrum vulgare

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Lamiales
Familia
Oleaceae
Deskribatzailea
Linnaeus
Estatusa
ne

Morfologia

Arbustu arrunta 1-5 m-ko altuerako zuhaixka edo zuhaitz txikia da. Azal leun grisa dauka, lentizelekin. Adarrak malguak eta zutituak dira, eta gaztetan ile gutxi batzuk izaten dituzte.

Hostoak

Hosto bakun osoak ditu, 12-64 x 5-28 mm-koak, paraera oposatuan kokatuak. Orokorrean, udazkenean erori egiten dira, baina negua suabea izanez gero udaberrira arte iraun dezakete. 1,5-7,5 mm-ko pezioloa dute, eta formaz lantzeolatuak edo eliptikoak dira, punta zorrotz edo akuminatuan amaituak. Gainaldea berde iluna da; azpialdea, berriz, zertxobait argiagoa. Azpialdean nerbiazio sekundarioa ikus dakioke, nerbio nagusian ile dispertsoak aurkeztuz.

Loreak

Tirtso erako infloreszentzia dentso eta tentea du, 25-78 mm-koa, ardatz nagusi batetik lateralki ateratzen diren zimaz osatua.

Loreak hermafroditak dira, tetrameroak, 0,3-2,5 mm-ko pedizelodunak eta usaintsuak. 3,5-5 mm-ko brakteak eta 0,75-1,75 mm-ko brakteolak dituzte. Kaliza 0,8-1,4 x 1-1,9 mm-koa da, kanpai itxurakoa, osoa edo 0,2 mm arteko lau hortzekin. Korola gamopetaloa da, zuria, 3,5-8 mm-ko diametrokoa, lau lobulu obatutan irekitako hodi luze eta mehe batez osatua. Androzeoak bi estamin ditu, exertuak eta antera horidunak. Ginezeoa estigma bilobatuan amaitzen da. Lobulu hauek eliptikoak dira.

Fruituak

Baia erako fruitu mamitsua du, oboidea, beltz distiratsua eta gehienetan bi hazi gordetzen dituena. Hauek 4-6 x 2,3-4,2 mm-koak dira, semiesferikoak, bentralki konprimituak eta arreak.

Banaketa

Mediterraneo inguruan hedatzen da, Europa iparralderaino (Norvegia eta Ukrainaraino) helduz. Marokon eta Asiako mendebaldean ere agertzen da. Iberiar penintsula ia osoan hedatua dago, baina hego mendebaldean falta da edo oso arraroa da. Euskal Herrian, ia lurralde osoan aurki daiteke (mendi garaienetan salbu), mediterraneo aldean ugariagoa izanik beti ere.

Ligustrum vulgare Ligustrum vulgare

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Viburnum tinus
Gogortxua
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Taraxacum officinale
Txikoria-belarra, Sorgin-belarra edo Mando-belarra
Erica scoparia
Erratz-txilarra
Barlia robertiana
Orkidea erraldoia


Ekologia

Baso soiluneetan, heskaietan eta sastrakadietan aurki daiteke, eta bereziki arrunta da artadi eta erkameztien inguruneetan. Lekurik lehorrenetan, ibarbasoetan babesten da. Lurzoru freskoak eta substratu karetsu eta eutrofoak nahiago izaten ditu, itsas mailatik 1100 m arterainoko altitudean.

Fenologia

Maiatzetik uztailera loratzen da. Fruituak abuztu eta irailean heltzen dira, eta denbora luzea iraun dezakete landarean.

Erabilerak

Apaingarri gisa asko landatzen da, eta barietate ugari lortu dira. Argenteovariegatum izenekoan, hostoek ertz zuria dute; Aureovariegatum delakoan, berriz, ertza horia da. Aureum delakoak hosto horiak ditu, eta Xanthocarpum barietatean, baiak horiak dira. Heskaiak egiteko oso erabilia da. Sendabelar gisa ere baliatu daiteke, hostoek, loreek eta fruituek eragin idorgarria baitute. Adar malguak saskiak egiteko erabil daitezke, eta bere egur gogorra objektu txikiak egiteko aproposa da. Hostoak, idortu eta ehotu ondoren, ardo beltzen kolorea indartzeko koloratzaile gisa baliatzen dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Craniophora ligustri sitsaren harrek landare honen hostoak jaten dituzte.

Esteka interesgarriak

Egilea: Oihan Pla | Sorrera: 2014/12/09 | Azken eguneraketa: 2014/12/11 | Bisita-kopurua: 980 | Argazki nagusia: Tommy Haga

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...