Alepo pinua
Pinus halepensis

Alepo pinua gehienez 20 metro dituen zuhaitza da. Banaketa mediterranearra du eta bere ekialdeko muga Alepo hiri inguruan topatzen du, Sirian. Populazio hau izan zen espeziea deskribatzeko erabili zena, hain zuzen ere.

Pinus halepensis

Dibisioa
Pinophyta
Klasea
Pinopsida
Subklasea
Ordena
Pinales
Familia
Pinaceae
Deskribatzailea
Miller (1768)
Estatusa
ne

Morfologia

Tamaina ertaineko pinua dugu, 15-20 metrokoa. Ale gazteek itxura piramidala izaten dute eta zaharrek, ordea, adaburu irekia eta irregularra dute. Enborra, orokorrean bihurritua izaten da eta 60 cm baino gehiagoko diametroa du. Gazteek azala grisaxka eta leuna dute eta zaharrek zartatua eta arre-gorrixka. Adaxka grisaxkak ditu, hasieran bertizilatuak, meheak, behekoak eroriak eta gainontzekoak tenteak.

Hostoak

Hostoek orratz finen itxura dute eta binaka hazten dira. Nahiko malguak dira, 6-13 x 0,5-0,8 cm-koak, eta hori-berdeak kolorez. 3-8 erretxina-kanal dituzte alboetan.

Loreak

Pinuak monoikoak dira, hau da, lore ar eta emeak dituzte baina zuhaitz berdinaren baitan. Pinuaren loreak kono motako infloreszentziatan multzokatzen dira, arren kasuan polen konoak eta emeen kasuan hazi konoak deiturikoak. Alepo pinuaren lore arrak 6-8 x 3-4 mm dituzte, oblongo-konikoak dira eta 3-5 x 2-3 cm-ko konoetan batzen dira, oboideoak, trinkoak eta kolorez horixkak.

Fruituak

Pinaburuak konikoak eta oso estuak dira, 5-12 x 2-3 cm-koak. 1-2 cm-ko pedunkulua izaten dute. Hasieran berdeak dira baina heltzean (bi urtera) gorritu egiten dira eta zurezko bihurtu. Zertxobait asimetrikoak dira eta apofisia ez da oso nabaria. Pixkanaka zabaltzen dira bi urte horiek igarota (normalean hirugarren urtean), baina zalbaltze hori azkartu daiteke tenperatura altuen bitartez (esaterako, suteak daudenean). Pinaburu hauek 5-8 cm-raino irekitzen dira hazien dispertsioa baimentzeko. Haziak 5-6 mm-koak dira eta 20 mm-ko hegoa dute. Haizearen bidez barreiatzen dira, hirugarren urteko udan.

Antzeko espezieak

Pinus sp.

Alepo pinua Pinus brutia, Pinus canariensis eta Pinus pinaster-ekin oso harremanduta dago eta zenbait ezaugarri konpartitzen dituzte. Zenbait autoreren arabera, gainera, Pinus brutia alepo pinuaren subespezie bat litzake (P. halepensis subsp. brutia).

Banaketa

Banaketa mediterraneoa duen zuhaitza da. Ipar-mendebaldeko muga Arabako Labrazan (Dueñaseko pinudia) duen kokagunea da, hegoaldeko muga Afrikako iparraldean dago, eta ekialdeko muga Alepo (Siria) inguruan. Alepoko populazio hori izan zen espeziea deskribatzeko erabili zena, hain zuzen ere. Arabako Errioxatik Ebroko kubeta handirantz jotzean, kokagune hurbilenak Sesman eta Lerinen (Nafarroan) ditu.

Pinus halepensis Pinus halepensis

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Cupressus sempervirens
Altzifre arrunta
Pinus sylvestris
Pinu gorria
Juniperus oxycedrus
Hego-ipurua
Pinus pinea
Pinazi pinua
Pinus nigra
Larizio pinua


Ekologia

Euskal Herrian higadura naturala jasaten duten eta inbertsio termikorik ez duten muino harritsuetan bizi da, giro oso lehor eta eguzkitsuetan. Labrazan (Araban), pinu hau berez hazten da 600-700 m-tan. Arabako Errioxako beste toki batzuetan, 425 m-tik gora, aldizka ale bakan batzuk ikus daitezke.

Fenologia

Martxotik apirilera loratzen da eta pinaburuek bi urte behar izaten dituzte heldutasuna lortzeko. Hala ere, ez dituzte haziak askatuko hirugarren urteko udaberrirarte.

Erabilerak

Alepo pinuaren erretsina, Grezian ardoari zapore emateko erabiltzen da. Gainera, Argelia eta Marokon sektore forestalean zuhaitz garrantzitsuenetako bat da eta bere egurra oso erabilia da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Suteen hostean hazien berehalako hozitzea mikorrizen menpekoa dela uste da.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, Alepo pinuaren egoera ez da kezkagarria. Hala ere, 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, Euskal Herriko Alepo pinudi espontaneo bakarrak Nafarroan eta Araban ematen baitira.

Euskal Herriko alepo pinua kontserbatzea hainbat faktorek jartzen dute kolokan: pinudia heda litekeen eremuetan larre eta sastraka marjinalak luberritzea eta lantzea, bai eta noizbehinka suteak egitea ere. Baso zabal samarra da, eta adin guztietako aleak ditu. Dueñaseko pinudia babesturiko Biotopo edo mikroerreserba izendatzeak, espeziea epe luzera kontserbatzea bermatuko luke. Epe motz eta ertainera, pinudian egiten diren esku-hartzeak behatu eta arautu beharko lirateke, bai eta alboko lursailetako galondoak erretzea debekatu ere. Labraza herrian, hain zuzen “Alepo” izena jarri dioten elkarte kultural gogotsua dago. Hori datu itxaropentsua da, bertakoek Dueñaseko pinudiari dioten estima adierazten baitu.

Azkenik, Afrika eta Australiako iparraldean Alepo pinua espezie inbasoretzat jotzen da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/23 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1224 | Argazki nagusia: Rosino (Wikimedia Commons)
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...