Itsas pinua
Pinus pinaster

Itsas pinua espezie atlantiarra da eta bereziki ugaria Euskal Herriko iparraldeko Landetako baso-berritzeetan, eskualde honetako konifero adierazgarria bihurtu delarik. Bere kokapen, basokultura eta egurraren erbilerei dagokienez, intsinis pinuarekin antza handia du, nahiz eta azken hau bezain produktiboa ez izan. Lurzoru aretsuetan hazten da, intsinis pinua ez bezala, eta beraz, horrelako eskualdeetan landatzeko ezin aproposagoa da.

Pinus pinaster

Dibisioa
Pinophyta
Klasea
Pinopsida
Subklasea
Ordena
Pinales
Familia
Pinaceae
Deskribatzailea
Aiton, 1789
Estatusa
lc

Morfologia

Itsas pinua 25-30 metroko zuhaitza da, baina baldintza onetan 40 metroraino haz daiteke. Sustrai-sistema garatua du eta sustrai nagusia zein sekundarioak nahiko sakonak dira. Enborra zuzena du eta gaztetan azal gris iluna, adinaren poderioz sakonki zartatzen den arren. Heldutan, beraz, azal lodia dute, iluna, latza eta kolore gorrixka hartzen duten plaka irregularrez betetzen doana.

Adar horizontalak eta zima zabalak eta lauak ditu. Adarkadura bertizilatua du, gutxi gora behera erregularra. Kimuak gorri kolorekoak dira. Adakera, piramidala da ale gazteetan baina borobildua eta lobulu zorrotzez betetakoa helduetan, soilik oinarritik urrunen dagoen zuhaitz herena estaltzen delarik. Indibiduo zaharretan adakera kanpai formakoa da eta enborraren hurbileneko zatiak hostorik gabeak.

Hostoak

Makroblastoek (hazten diren adarrek) hosto eskuamiformeak dituzte (katafiloak), klorofila gabeak. Aldiz, mikroblastoek (azikulak + hauen oinaldeko zorroak) binaka elkartuta hazten diren hosto azikulatuak dituzte, 10-25 x 0,1-0,2 cm-koak, kolore berde ilunekoak, zapalak, zurrunak eta mukroidunak, eta ertz zerratua mutur zorrotza eta azpikaldean kanal bat dituzte. Hostoak zuhaitzean 2-3 urtez mantentzen dira.

Loreak

Pinuak monoikoak dira, hau da, lore ar eta emeak dituzte baina zuhaitz berdinaren baitan. Pinuaren loreak kono motako infloreszentziatan multzokatzen dira, arren kasuan polen konoak eta emeen kasuan hazi konoak deiturikoak. Itsas pinuaren kono arrak hori-laranjak dira eta emeak berriz, gorrixkak.

Kono arrak zuhaitzaren oinarrian garatzen dira eta helizean kokatzen diren mikrosporofilo ugariz eraturik daude. 1-2 cm x 4-6 mm-ko tamaina dute, zabalak dira, zilindrikoak edo puntadunak eta oso ugariak. 7 cm-rainoko tamaina duten buruxkatan kokatzen dira. Estaminek pedikulu txiki bat eta bi polen-zaku dituzte (mikrosparangio deiturikoak, bertan daudelarik polenaren ama zelulak). Polen aleek bi zaku aerifero dituzte.

Kono emeak (estrobiloak) ezkata obulifero batzuez eratuta daude, bakoitzak bi obulu dituelarik. 8-22 x 5-8 cm-koak dira, forma oblongokoak, konikoak, pedunkulatuak eta subsesilak. Zuhaitzaren goikaldean kokatzen dira eta bertan gertatzen da ernalkuntza.

Fruituak

Pinaburuak arre-gorriskak izaten dira, luzeak (8-20 cm), ia simetrikoak, forma konikokoak eta distiratsuak. Eseriak edo subeseriak izaten dira. Apofisiak zilbor nabaria du, romboidal-piramidala.

Pinaziak, oblongoak dira, 9 mm-rainokoak, beltzaskak alde batetik eta bestetik hegal artikulatua dute, hazia baino lau aldiz luzeagoa dena.

Banaketa

Zuhaitz hau eskualde mediterraniarrekoa eta eskualde atlantiarreko mendebaldekoa da, baina, aspaldidanik landatu denez, oso zaila da berezko populazioak zeintzuk diren zehaztea. Euskal Herrian, Arabako hego-mendebaldeko lurzoru hareatsuetan hazten da, batez ere babestutako sakanetan. Kantaurialdean gainera, oso ohikoa da itsas pinua. Basoak birpopulatzeko oso erabilia izan da (Landetan batez ere).

Pinus pinaster Pinus pinaster

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Itsas pinua hazkunde azkarreko zuhaitza da eta lurzoru silizeo, ez-trinko eta hareatsuak gustuko ditu. Bereziki lurzoru txiroetan hazten da, eta ondorioz, kostaldeko sistema dunaretan bereziki da ugaria nahiz eta 1500 metroko altueran ere aurki daitekeen. Halaber, argitasun handia ere behar du. Suteen ondoren, kolonizatzailea da.

Fenologia

Itsas pinua martxotik maiatzera bitartean loratzen da eta pinaburuak hurrengo urteko udazkenean heltzen dira. Pinaziak berriz, ez dira hirugarren urteko udaberrira arte sakabanatzen.

Erabilerak

Bere egurra oso erretxinaduna da eta oso kalitate onekoa izan ez arren, zurgintzan erabiltzen da. Bestalde, sortzen duen trementina izeneko erretxina destilatuz agoarrasa eta kolofonia lortzen dira eta beraz, industria kimikoan eta lurringintzan erabiltzen da. Sendabelartzat ere erabili ohi da, baltsamiko eta antiseptiko modura.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Eroritako pinaburuetan oso ohikoa da Tapesia strobilicola onddoa. Horrez gain, maiz pinudietako espezie tipikoak diren beste batzuekin ere aurkitu ohi da, esaterako, Gyromitra esculenta, Helvella lacunosa, Helvella leucomelaena, Sarcosphaera crassa, Calocera viscosa, Dacrymyces sp., Pseudohydnum gelatinosum, Lycoperdon umbrinum, Rhizopogon luteolus, Rhizopogon roseolus, Auriscalpium vulgare, Sarcodon imbricatum, Sparassis crispa, Boletus pinophilus, Chroogomphus rutilus, Hygrophoropsis aurantiaca, Paxillus atramentosus, Suillus belleni, Suillus bovinus, Suillus granulatus, Suillus luteus, Suillus variegatus, Xerocomus badius, Lactarius deliciosus, Lactarius hepaticus, Lactarius quieticolor, Lactarius rufus, Lactarius sanguifluus, Lactarius semisanguifluus, Lactarius vellereus, Russula torulosa, Amanita citrina, Amanita gemmata, Amanita muscaria, Amanita rubescens, Cortinarius mucosus, Cortinarius sanguineus, Galerina marginata, Baeospora myosura, Clitocybe rhizophora, Hypholoma fasciculare, Hygrophorus agathosmus, Hygrophorus hypothejus, Hygrophorus latitabundus, Mycena pura, Mycena rosea, Mycena seynessi, Tricholoma equestre, Tricholoma focale, Tricholoma batschii, Tricholoma portentosum, Tricholoma saponaceum, Tricholoma terreum, Tricholomopsis rutilans...

Pinu honek gainera, parasito ugari izan ohi ditu, onddoen artean arruntenak Armillaria melea, Armillaria tabescens eta Fomitopsis pinicola; eta intsektuen artean, Pineus pini, Cedrobium sp. eta Nysius sp. afidoak, eta Thaumetopoea pityocampa pinu-beldarra. Mihura (Viscum album) ere pinu gorriaren adarretan hazi ohi da.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera espezie honen egoera arriskurik gabea da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/10 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1961 | Argazki nagusia: Christopher Shervey (Wikimedia Commons)
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...