Pinu gorria
Pinus sylvestris

Pinu gorria edo lergorria jatorri Europarra eta Asiarra duen espeziea den arren, espezie honen banaketak muga Iberiar Penintsulan topatzen du eta beraz, bertan ez da oso espezie ugaria. Gainera, Iberiar Penintsulan pinu honen beherakada ikusi izan da azken urteotan. Beste pinu espezie batzuetatik erraz desberdindu daiteke bere hosto motz urdin-berdexka eta enbor-azal laranjari erreparatuz.

Pinus sylvestris

Dibisioa
Pinophyta
Klasea
Pinopsida
Subklasea
Ordena
Pinales
Familia
Pinaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
lc

Morfologia

Pinu gorria 35 metrorainoko zuhaitza dugu, enborrak metro baterainoko diametroa izan dezakeelarik. Gainera pinu gehienak bezala hazkuntza azkarrekoa da eta urtean bataz beste 60 cm hazten da. Forma konikoko adakera eta enbor zuzena du gaztetan baina heldutan forma irregular, zabal eta eroria du, 5 metrorainoko zabalerakoa. Adakera zabal eta enbor estu hori direla eta, zuhaitzak itxura nahiko soila hartzen du behekaldean, ez baitu hostotzarik bertan; baina nahiko borobildua goikaldean.

Enbor azala lodia da, ezkataduna eta kolore gris ilun edo marroikoa enborraren oinarrian baina ezkataduna eta laranja kolorekoa enborraren goikaldean eta adarretan.

Hostoak

Pinu gorriaren hostoen kimuak kolore marroi argikoak dira, eta espiralean hazten dira. Zuhaitz helduetan hosto edo orratz hauek kolore urdin-berdekoak dira (hori ilun edo berde ilunak neguan), glaukoak, azikulatuak, zurrunak eta 2,5-5 cm x 2,1 mm-koak. Hosto hauek ebaketa semizirkularra dute, borobildua azpialdean eta hortzduna muturrean. Pinu gorriaren hostoak binakako faszikuluetan hazten dira eta zorro basal gris iraunkorra izaten dute, 5-10 mm-koak.

Zuhaitz indartsu eta gazteetan hostoak bi aldiz handiagoak izan daitezke eta hirunakako edo launakako faszikuluetan lotu. Aldiz hosto gazteak (<1 urte) banaka hazten dira, 2-3 cm-ko luzeera dute, leunak dira eta ertz zerratua dute. Hostoen iraunkortasuna aldakorra da, 2-4 urtekoa klima epeletan baina 9 urterainokoa eskualde subartikoetan.

Loreak

Pinuak monoikoak dira, hau da, lore ar eta emeak dituzte baina zuhaitz berdinaren baitan. Pinuaren loreak kono motako infloreszentziatan multzokatzen dira, arren kasuan polen konoak eta emeen kasuan hazi konoak deiturikoak.

Pinu gorriaren konoek forma oblongoa dute, gaztain kolorekoak dira (berdeak gaztetan eta gorriak polinizazio garaian) eta irtengunerik gabeko apofisidunak. Ez dute arantzarik unboan eta txikiak dira, 4-8 mm-ko diametroa dute lehen urtean baina bigarren urtean handitzen dira 3-8 cm-ko luzera lortu arte eta euren itxura oboideo-koniko karakteristikoa. 2-3 konoetako taldeetan hazten dira eta oso erorkorrak dira.

Kono arrak zuhaitzaren oinarrian garatzen dira eta helizean kokatzen diren mikrosporofilo ugariz eraturik daude. Pinu gorriaren polen konoak horiak dira, aldizka arrosak. Estaminek pedikulu txiki bat eta bi polen-zaku dituzte (mikrosparangio deiturikoak, bertan daudelarik polenaren ama zelulak). Polen aleek bi zaku aerifero dituzte.

Kono emeak (estrobiloak) ezkata obulifero batzuez eratuta daude, bakoitzak bi obulu dituelarik. Zuhaitzaren goikaldean kokatzen dira eta bertan gertatzen da ernalkuntza.

Fruituak

Pinu gorriaren pinaburuak ez dira oso nabarmenak. Ia simetrikoak dira, forma konikokoak eta distiratsuak. Eseriak edo subeseriak izaten dira. Apofisia ere ez dute oso nabaria.

Pinaziak, oso txikiak dira, 3-5 mm-koak eta kolore marroi argikoak.  alde batetik eta bestetik hegal artikulatua dute, 12-20 mm-koa.

Banaketa

Pinu gorria Europako iparraldean du berezko banaketa eta baso puruak eratzen ditu bertan. Erresuma Batuari dagokionean, egun soilik Eskozian aurkitzen bada ere (bertako zuhaitz nazionala da), erregistro fosilak bere antzinako (duela 300-400 urte) agerpena frogatu du Gales eta Ingalaterran ere, eta Irlandan, Dinamarkan eta Herbeheretan ere antzeko desagertze bat eman dela uste da.

Iberiar Penintsulari dagokionean, espezie honen banaketak bertan topatzen du muga eta beraz, soilik zenbait eskualdeetan topa daiteke, esaterako, Sierra Nevadan eta Sierra de Bazan, Kantaurialdean eta Gredoseko mendilerroan. Gainera, Iberiar Penintsulan pinu honen beherakada ikusi izan da azken urteotan.

Pinus sylvestris Pinus sylvestris

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Lur txiroetan ondo hazten da eta eguzki asko behar du, baita ura ere (normalean desizozteetatik eratorritakoa). Tenperatura hotzak behar ditu eta ondo hazten da elurtutako guneetan, baina itsas mailatik (eskualde hotzetan) 1000 metrora aurki daiteke, 1200-1600 metrora bere banaketaren hegoaldeko eskualdean.

Fenologia

Pinu gorriaren loreak udaberri erdialdera agertzen dira eta polinizazioa udaberri bukaeran ematen da. Pinaburuak udazkenean agertzen dira baina pinaziek bi urte behar izaten dituzte heltzeko.

Erabilerak

Pinu gorriaren egurra zelulosa egiteko erabiltzen da eta beraz, pinu honen landaketa handiak egin dira. Finlandian eta Eskandinavian pinu honen erretxina izugarri erabili zen aro pre-industrialean zehar eta egun, oraindik badira alkitran ekoizle batzuk ere. Pinu hau ere trementina iturri bezala ere erabili da. Pinu gorriaren egurra marroi-gorrixka da eta eraikuntza lanetan erabiltzen da. 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Pinu gorriak eratutako basoak nahiko desberdinak izaten dira latitudearen arabera. Esate baterako, ipar Europan baso mistoak eratzen ditu Picea abies, Juniperus communis, Betula pendula, Sorbus aucuparia, Populus tremula eta zur gogorreko beste zenbait espezierekin. Europa erdialde eta hegoaldean Pinus nigra, Pinus uncinata,  Pinus peuce eta Pinus cembra-rekin aurki daiteke. Azkenik, ekialdean, Pinus sibirica-rekin eratzen ditu basoak.

Pinu honek gainera, parasito ugari izan ohi ditu, onddoen artean arruntenak Armillaria melea, Armillaria tabescens eta Fomitopsis pinicola; eta intsektuen artean, Pineus pini, Cedrobium sp. eta Nysius sp. afidoak, eta Thaumetopoea pityocampa pinu-beldarra. Mihura (Viscum album) ere pinu gorriaren adarretan hazi ohi da.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera espezie hau arriskuz kanpo dago, baina 2011eko azaroaren 14an Ingurugiroko Ministeritzak argitaratutako 'Análisis de impactos y vulnerabilidad de la flora y vegetación españolas ante el cambio climático' txostenean, MFE-ko (Mapa Forestal Español) espezie zaurgarri bezala izendatuta dago, B kategoriaren barruan (oso altua).

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/11 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 2820 | Argazki nagusia: (Wikimedia Commons)
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...