Leherra
Pinus uncinata

Leherra pinu txikia da, normalean ez baitu 20 metroko tamaina gainditzen. Mendi garaietan hazten da, 1.600-2-400 metroko altueratan eta Iberiar Penintsulan altituderik handienean hazten den zuhaitza da. Oso ondo jasaten du hotza eta beraz, Euskal Herrian soilik Piriniotan hazten da. Iparraldean leherra izenez ezaguna den arren, hegoaldean mendi pinua bezala ezagunagoa da.

Pinus uncinata

Dibisioa
Pinophyta
Klasea
Pinopsida
Subklasea
Ordena
Pinales
Familia
Pinaceae
Deskribatzailea
Miller (1768)
Estatusa
lc

Morfologia

Leherra zuhaitz txikia da eta ez ditu normalean 20 metroak gainditzen. Adakera koniko edo piramidala du eta hostotza oso dentsoa eta iluna. Enbor zuzena du, normalean zutabekara, baina haize bortitzak dauden eskualdeetan okertu egiten da elurraren pisuaren eraginez. Oinarritik adarkatzen da eta enborrak azal gris ilun edo arrea izaten du.

Hostoak

Hosto azikulatuak ditu, berde ilun kolorekoak eta 3-8 cm x 1,5-2 mm-koak. Ertz latza dute eta binaka elkartzen dira, beste pinu batzuetan ez bezala adarrak ia erabat estaliz eta hosto-egitura dentsoak osatuz. 2-5 urte bitartean mantentzen dira zuhaitzean eta zurrunak dira baina ez oso zorrotzak.

Loreak

Pinuak monoikoak dira, hau da, lore ar eta emeak dituzte baina zuhaitz berdinaren baitan. Pinuaren loreak kono motako infloreszentziatan multzokatzen dira, arren kasuan polen konoak eta emeen kasuan hazi konoak deiturikoak.

Kono arrak zuhaitzaren oinarrian garatzen dira eta helizean kokatzen diren mikrosporofilo ugariz eraturik daude. Mendi pinuare polen konoak gorrixkak dira. Estaminek pedikulu txiki bat eta bi polen-zaku dituzte (mikrosparangio deiturikoak, bertan daudelarik polenaren ama zelulak). Polen aleek bi zaku aerifero dituzte.

Kono emeak (estrobiloak) ezkata obulifero batzuez eratuta daude, bakoitzak bi obulu dituelarik. Zuhaitzaren goikaldean kokatzen dira eta bertan gertatzen da ernalkuntza.

Fruituak

Pinaburuak ia eseriak dira, aobatuak edo aobatu-konikoak eta kolore arre disdiratsukoak. 5-7 x 2-3 cm neurtzen dituzte eta erabat asimetrikoak dira, alde bateko ezkatak bestekoak baino handiagoak direlarik. Pinaburu arren ezkaten apofisiak ezkutu izenekoa du, konkor txiki moduko bat, begiz ikus daitekeena. Leherraren ezkutua kakoduna eta atzerantz kurbatua da, hortik datorkio hain zuzen ere 'uncinata' izena, 'kakoduna' esan nahi duena. Pinaziak kolore gris-arrekoak edo beltzak dira, 4-5 mm-koak eta 1,6 cm-rainoko hegala dute.

Antzeko espezieak

Pinus mugo

Zenbait botanikoren arabera leherra ez litzake espezie bat, Pinus mugo-ren subespezie bat baizik (Pinus mugo subsp. uncinata). Hala balitz, Pinus mugo espezieak bi subespezie izango lituzke, aipatu berri duguna eta Pinus mugo subsp. mugo zuhaitza. Biek antzeko hostoak dituzte baina 'mugo' subespeziearen pinaburuek 2,5-5,5 cm-ko luzera dute, simetrikoak dira, ezkata finak dituzte eta kolore matea. Aldiz, 'uncinata' subespezieak pinaburu disdiratsua du eta asimetrikoa, ezkata lodiak pinaburuko goikaldean eta finak behekaldean. Bi subespezieek habitata elkarbanatzen dute ipar Alpeetan eta Pinus x rotundata subespezie hibridoa ematen dute.

Banaketa

Bereziki Alpeetan eta Piriniotan hazten da, baina Vosgeetan ere aurki daiteke. Iberiar Penintsuan Gudar (Teruel) eta Cebollera (Soria eta Errioxa) mendietan ere aurki daiteke, baina bereziki ugaria da Girona, Lleida eta Hueskako mendietan.

Pinus uncinata Pinus uncinata

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Pseudotsuga menziesii
Douglas izeia
Picea abies
Izei gorria
Abies alba
Izeia
Pinus nigra
Larizio pinua
Larix decidua
Alertze europarra
Larix kaempferi
Alertze japoniarra


Ekologia

1.600-2.400 metroko altueratan bizi da baina ale solteak ikusi izan dira 2.700 metroko altueran, baita 1.400 metrokoa.  Ia edozein substratu motatan haz daiteke, baita hartxingadi eta arroka arrailetan ere. Oso ondo jasaten du hotza eta lurzoru hezea behar du, ez ditu udako lehorteak jasaten.

Fenologia

Loratzea ekaina eta uztaila bitartean ematen da eta pinaburuek udan lortzen dute heldutasuna. Hala ere, pinaziek bi urte behar dituzte erabat garatzeko eta udaberri hortan hozituko dira.

Erabilerak

Hazkuntza moteleko pinua da eta bizitza luzekoa, 600 urte baino gehiago bizi daitekeelarik. Bere egurra zurruna da, arina eta lantzeko erraza, erretxinatsua, baina ez da gehiegi erabiltzen zuhaitz honen eskasia dela eta. Lur subalpetarra birpopulatzeko oso erabilia izan da, lurzorua babesten eta berreskuratzen paper garrantzitsu bat betetzen baitu bertan.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bere beheko mailan Pinus sylvestris eta izei eta pagoekin aurkitzen da. Arrunta da ere Vaccinium myrtillus, Rhododendron ferrugineum eta Salix pyrenaica-rekin aurkitzea.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/12 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1375 | Argazki nagusia: Joan Simon (Wikimedia Commons)
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...