Zurzuria
Populus alba

Zurzuria edo osta-zuria deituriko zuhaitz hau Populus generoko ederrenetako bat da askorentzat. Bere izenek, bai zientifikoak eta baina arruntek ere, bere zurtoin eta hostoen azpikaldeko kolore zuriari egiten diote erreferentzia, eta hain zuzen ere ezaugarri honek eragin du zuhaitz hau ornamental modura ikaragarri hedatu izana.

Populus alba

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Magnoliidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaitz hostoerorkor handia dugu, forma borobildukoa eta Populus generoko espezie gehienak bezala hazkunde azkarrekoa. 30 metroko altuera lor dezake eta enborrak metro baterainoko diametroa. Enbor zilindrikoa du, zuzena, azal zuriarekin, leuna ale gazteetan baina helduen oinarrian longitudinalki zartatzen dena. Eroritako edo moztutako adarren orban karakteristikoa uzten dute, begi eta bekain belzen itxura hartzen duena. Zurzuriak ez du adar zupatzailerik, makal beltzak izan ohi duen modura.

Zurzuriak forma zabala eta zutabekara du, enbor mardula eta adakera zabal eta irregularra. Adartxo gazte eta kimu berriak tomentosoak izaten dira. Sustrai-sistema indartsua du eta Populus generoko beste zenbait espezie bezala, sustraietako kimuetatik aurrera dispertsatzen da, zuhaitz-gurasoetatik 40 metrorainoko distantzian, kolonia klonal zabalak sortuz.

Hostoak

Zurzuria zuhaitz hostoerorkorra da eta udazkenean hostoak galdu egiten ditu. Bere hostoak sinpleak dira, txandakatuak, obal edo palmatuak eta ertz horzduna dute. Azpikaldea ile feltrokara zurixkez osaturiko geruza lodi batez estalirik dute, osta-zuri izena ematen diena, hain zuzen ere.

Hosto gazteek 3-5 lobulu dituzte, zuriak eta iletsuak dira, borobildu edo aobatuak eta ez oso lobulatuak. Aldiz, hosto helduek gainekaldea berde ilun eta glabroa eta azpikaldea oso iletsua eta zurixka dute, eta linbo polimorfikoa. Gainera, hostorik handienek forma palmatu-lobulatua dute eta oinarria bihotz-formakoa. Udazkenean, kolore horixka hartzen dute.

Loreak

Zurzuria espezie dioikoa da, hau da, lore eme eta arrak ale desberdinetan daude banaturik. Lore ar zein emeak amento motako infloreszentzietan antolatzen dira, airearen bidezko polinizaziorako moldaturik daudenak. Amentoak, hostoak baino lehenago agertzen dira zintzilik eta lazinia motako ezkata glabro batzuez babesturik daude (oinarrian izan ezik). Zurzurien amentoak lateralak dira, zilindrikoak, eseriak eta disko nektarifero osoa eta oblikuoki trunkatua dute. Loreak eta disko nektariferoak osatutako multzo hau ezkaten galtzarbean kokatzen da.

Amentu arrak handiak (3-6 cm) eta gorrixkak dira, artiletsuak, nahiko lore estuekin (5 mm irekitzean). Loreek ezkata oblongoak dituzte, oxkarratuak edo horzdunak eta ertz ziliatuarekin. Oinarrian berdexkak eta muturrean arre-gorrixkak dira. 8-10 estamin dituzte, filamentu motzekin eta hasieran antera more deigarriekin, gerora horitu egiten direnak.

Aldiz, amentu emeak luzeagoak eta estuagoak dira, kolore hori-berdekoak, banaka agertzen dira eta 10-20 lore izaten dituzte, laxoagoki kokatuta. Lore emeen ezkatak oxkarratuak dira, ia osoak eta ile oso gutxirekin. Loreek diska nektarifero lobulatua dute, pedizelo laburrak, obario obatu eseria, bi estigma horixka bifurkatu  eta obulutegiaren tamainako lau lobulu estigmatiko.

Fruituak

Fruituak bi balbatako kapsulak dira, 4 mm ingurukoak, itxura oboideo-konikokoak, zimurtsuak eta glabroak. Adarretatik zintzilik agertzen dira, amento erako egituratan. Hasieran kolore berdekoak dira eta gerora arreak. Haziak txikori belarraren (Taraxacum officinale) antzeko itxura hartzen du: pelusa leun itxurako bilduki zuri batek inguratzen du, ile luzez eraturik dagoena eta haizearen bidez distantzia handiak kolonizatu ditzake. Haziak kolore arrekoak dira. Hazi ekoizpen maximoa udan ematen da.

Antzeko espezieak

Populus sp.

Populus generoko espezieak elkarren artean oso erraz hibridatzen dira eta hain zuzen ere, ezagutzen diren bi Populus alba barietateak hibridotzat jotzen dira. Populus alba var. pyramidalis, esaterako, Turkestanekoa da jatorriz eta Europa epel eta mediterranoan oso erabilia izan da ornamental modura. Aldiz, Populus x canesces zuhaitza Populus alba eta Populus tremularen arteko hibridoa da zenbait autoreren arabera.

Banaketa

Europako hegoalde eta erdialdean zehar zabaltzen da, Iberiar Penintsulatik Errusiara eta Afrikako iparralderaino. Iberiar Penintsulan oso arrunta da baina taldeka isolatuta agertzen da, zaila sueratzen delarik bere jatorrizko banaketa ondorioztatzea. Hala ere, Kantauriko erlaitzean eta Galizialdean zurzuri populazioak antropologikoki sartutakoak direla uste da.

Populus alba Populus alba

Ekologia

Izatez, zurzuria errekaxtoen inguruan hazten den zuhaitza da, lurzoru heze eta areatsuetan, haran heze eta gune ez oso garaietan. Lurzoru aberatsak behar ditu eta ez da hazten gune silizeo trinko edota karedun lehorretan. Itsas mailatik 1000 metrora agertzen da.

Fenologia

Zurzuriak, otsaila eta apirila bitartean loratzen dira.

Erabilerak

Egurraren ezaugarririk garrantzitsuena bere zuritasuna da. Hala ere, ez da oso egokia aire zabalerako eta altzarietan erabiltzen da. Konbustible modura ere ez da batere ona.

Zuhaitz honen azalak propietate antiinflamatorioak, antiseptikoak, diuretikoak eta tonikoak ditu, salizina konposatua izanagatik, aspirinaren osagai aktiboa. Hori dela eta zenbait gaixotasunen tratamenduan erabili izan da: erreumatismoa, artritisa, gota, bizkarreko minak...

Gainera, zurzuriaren hostoak C bitaminan abersatsak dira eta barne azala lehortu eta hauts bihurtuz gero, ogia egiteko erabiltzen zen eskasi garaietan.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Zenbait onddorekin elkarrekintzan egoten da, aipagarriena Leccinum duriusculum, zurzuriaren sustraiekin baino ez duena mikorrizarik eratzen. Arrunta da ere Melampsora epitea onddoa hostoetan, soro laranja oso deigarriak eraginez.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/09 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 1672 | Argazki nagusia: Kenpei (Wikimedia Commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...