Erkametza
Quercus faginea

Erkametza artearen antzeko zuhaitza da. Bere izen espezifikoa Lamarck-ek eman zion 1785ean, bere ustez, zuhaitz honen hostoa eta pagoarena (Fagus) antzekoak baitziren. Mendebaldeko eskualde mediterranearrean hazten da.

Quercus faginea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Lam. (1785)
Estatusa
ne

Morfologia

20 metrorainoko zuhaitza da, adakera zabalekoa eta esferikoa edo elipsoidala. Baldintza desfaboragarrietan zuhaiska modura hazten da. Enbor zuzena dute, azal gris-arrearekin, ez oso lodia, zimurtsua, ezkatatsua eta zartatua ale zaharretan. Adar gazteak tomentoso edo glabreszenteak. Ernamuinak 2-5 mm-koak konikoak, zorrotzak eta ezkatadunak (hasieran ezkata pubeszenteak).

Hostoak

Erkametzaren hostoak 3-15 x 1,5-9 cm-koak dira, martzeszenteak, subkoriazeoak eta forma obobatukoak. Ertz horzduna edo lobulatua dute, lobulu edo hortzak ia oinarriraino iristen direlarik. Glabroak edo glabreszenteak eta berde ilunak dira gainealdean eta ile motz gutxi batzuk dituzte azpialdean, izar formakoak eta 125-155 mikrakoak. 6-12 pare nerbio sekundario dituzte eta 5-20 mm-ko peziolo tomentoso eta subzilindrikoa.

Loreak

Erkametzak amentu motako infloreszentziak ditu, haizearen bidezko polinizaziora (anemofiliara) moldaturik daudenak. Zuhaiska monoikoa da, hau da, ale berdinak sexu bietako loreak ditu, ez oso deigarriak.

Lore arrak 2-7,5 cm-ko amentuak ditu, horixkak, dilindariak eta errakis latz eta glabreszentea. Hauen periantoak 6 lobulu oso ditu, zorrotzak eta ziliatuak direnak.

Aldiz, lore emeek pedunkulu motza dute eta 6 lobulu motzeko periantoa. Hauen estiloa motza da, tentea, eta espatula formako estigma erreflexuak ditu.

Fruituak

Erkametzaren fruitua, ezkurra, akenio motakoa da. Karloak (txapelak)7-18 x 9-20 mm neurtzen ditu eta ezkata obatu-triangeluarrez estanita dago. Ezkata hauek elkarren artean oso estuturik daude eta mutur motzagoa dute, tomentosoak dira eta ezkurraren bi heren estaltzen dituzte.

Antzeko espezieak

Quercus sp.

Quercus generoko espezieak elkarren artean erraz hibridatzen dira eta batzuetan zaila sueta daiteke espezie mailako identifikazioa. Erkametza maiz ikusi da Quercus canariensis (Cádiz-en eta ipar Afrikan) eta Quercus pubescens espezieekin hibridatuta. Gainera, bi subespezie onartzen dira: Q. faginea subsp. faginea-k hosto txikiagoak ditu, koriazeoak, esklerofiloak eta arantza zurrunekoak. Iberiar Penintsulako erdialde, iparralde, hegoalde eta ekialdean zehar banatzen da. Aldiz, Q. faginea subsp. broteroi-k hosto handiagoak ditu, horzdunak. Subespezie hau, mesofitoagoa da, klima hezeagoak eta leunagoak behar ditu eta Iberiar Penintsulako ipar-mendebaldean agertzen da: Extremaduran, Andaluzia mendebaldean eta Portugal erdialdean. 

Banaketa

Eskualde mediterranearrean aurkitzen da, Iberiar Penintsulatik Italiaraino, irlak barne. Afrikako Iparraldean ere ageri da.

Quercus faginea Quercus faginea

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Calluna vulgaris
Ainar arrunta
Viburnum tinus
Gogortxua
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Erica scoparia
Erratz-txilarra


Ekologia

Eguteran dauden basoetan hazten da, barne-haranetako zonalde baxuetan eta ondo drenatutako hegal kalkareoetan, 500-1.500 metroko altitudera. Argitasun ugari gustuko du baina itzala ere ondo jasaten du. Tenperatura epelak behar ditu baina tenperatura aldaketa handiak ere ondo jasan ditzake. Lur lehor eta basikoak behar ditu, ph 5,5-8 bitartekoak, eta nitrogenoan txiroak.

Fenologia

Martxotik maiatzera loratzen da eta fruituak iraila eta urria bitartean heltzen dira.

Erabilerak

Zezidioak nahiko preziatuak dira, duten tanino kontzentrazio altua dela eta. Erkametzaren ezkurrak abelzaintzan erabiltzen dira, hauek artearenak baino lehenago heltzen baitira. Azkenik, erkametzaren egurra egokia da habeak eraikitzeko eta ikatz begetal modura.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Erkametzak askotan izaten ditu zezidio izeneko egiturak, intxaur baten tamainakoak eta kolore marroikoak, maiz fruituarekin nahas daitezkenak. Barrualde hanpatu eta kortxoztatua dute eta Cynipedoen familiako intsektuen ziztadagatik sortzen dira. Cynips generoko liztor hauek kimu gazteetan  arrautzak ziztatzen dituzte eta modu honez, babestuta gelditzen dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/18 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 2805 | Argazki nagusia: Xemenendura (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...