Haritz amerikarra edo haritz gorria
Quercus rubra

Haritz amerikarrak jatorria Ipar Amerikan du (hortik izena), Ameriketako Estatu Batuetako ipar-ekialdean eta Kanada hego-ekialdean, hain zuzen ere. Europan XVIII. mendean barneratu zen eta egun eskualde atlantikoetan dago hedatua, Euskal Herria barne. Udazkenean bere hostoek gorri kolore oso deigarriak hartzen dituztela eta, haritz gorria ere deitu izan zaio.

Quercus rubra

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Basoetan, haritz amerikarrak oso enbor zuzen eta luzea garatzen du, 30 metro ingurukoa (baina 43 metrorainokoa), eta 50-100 cm-ko diametrokoa. Aldiz, eskualde irekietan hazten diren zuhaitzak txikiagoak izaten dira baina euren enborrak 2 metrorainoko diametroa lor ditzake. Adar sendoak ditu, enborrarekiko perpendikularki hazten direnak.

Zuhaitz honek oso azal bereizgarria du, arrakala ugari ditu eta hauen erdian itxura disdiratsuko gandorrak. Beste zuhaitz batzuek ere azaltzen dute ezaugarri hau, baina solik enborraren gainealdean, eta ez, haritz amerikarrak bezala, enbor osoan zehar. Enbor azala gris-marroixka da.

Hostoak

Hosto txandakatu lobulatuak ditu, 7-11 lobulu zorrotzekoak. Txortenetik hurbilen dauden lobuluak txikiagoak dira, eta urrundu ahala handiagotzen doaz. Hostoak 12,5-18 cm luze dituzte eta 15 cm zabal dira eta ertz horzduna dute. Erdiko nerbiazioa zein nerbiazio sekundarioa argi ikusten dira.

Hosto hasikinak arroxa koloekoak dira, estalki zetakara batean bilduta egoten dira gainealdetik eta tomentu zure lodi batzuetan bilduta behekaldetik. Heldutan, berde ilun kolorekoak eta leunak dira. Hostoen gainekaldea disdiratsuagoa da eta azpikaldea horixka eta axilen inguruan bilotsua izaten da. Udazkenean, kolore gorri deigarria hartzen dute eta pezioloa eta erdi-nerbioa ere gorritu daitezke. Pezioloak bakarka edo binaka ager daitezke eta sesilak edo erorkorrak izan daitezke.

Loreak

Haritz lore tipikoak udaberri hasieran agertzen dira, lehenengo hostoak ateratzen hasi aurretik. Loreak hori edo berde argi kolorekoak eta monoikoak dira, hau da, sexuak lore bereiztuetan agertzen dira.

Lore arrak gerba motako infloreszentziatan hazten dira eta emeak, txorten luzeko multzo txikitan. Lore ar mota hauek airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude, 5-13 cm-ko luzera dute, forma zilindrikoa eta adarretatik zintzilik agertzen dira (bakarka zein taldeka), polena askatuz. Lore ar bakoitzak ezkata trilobulatu bat du eta honen barruko aldean txertatzen da 5-8 gingileko perigonioa, lazinia ilegabe eta 6 estamin luzerekin (4-10 estamin izan ditzake baina arruntena sei izatea da).

Lore emeak buruxkatan antolatzen dira (2-5-eko taldeetan), hiru estigma dituztelarik eta adar lateralen puntetan agertzen dira. Estiloak laburrak dituzte eta oinetik dibergenteak.

Fruituak

Haritzen fruituak ezkurrak dira, uda hasieran agertu eta iraila-urrian heltzen direnak. Ezkurra glande motako fruitua da, forma oboideokoa, 1 cm-koa eta hasieran kolore berde argia azaltzen duena, nahiz eta geroago marroixa bihurtzen den. Ezkurrak, pedunkulu luze baten puntan hazten dira, luzangak dira (2,5 cm luze ingurukoak) eta txortenak fruituaren herena estaltzen du, txapela moduko bat osatuz: karloa. Karloa  8-15 x 10-20 mm-koa da eta bertan ezkata lauak ageri dira baina oro har, ez dute ertza gainditzen.

Fruituak 1-2 ezkurreko taldetan edo banaka hazi daitezke baina beti ere pedunkulu bakarretik eratortzen direlarik. Pedunkulu hau 12 cm-raino irits daiteke. Ezkurrak elikagai-iturri garrantzitsua dira zenbait animaliarentzat.

Antzeko espezieak

Quercus sp.

Quercus espezieak elkarren artean asko hibridatzen dira eta batzuetan zaila suertatzen da haritz espezie desberdinak bereiztea.

Banaketa

Ipar Ameriketan, AEB ipar-ekialde eta Kanada hego-ekialdean du jatorria haritz amerikarrak. Hala ere, XVIII. mendean Europan sartu zenetik eskualde atlantiko askotan barneratu egin da. Gainera, udazkenean hartzen duen kolore gorrixka dela eta, asko erabili izan da zuhaitz ornamental moduan ere.

Ekologia

Haritz amerikarrak prezipitazio ugariko eskualde epeletan hazten dira. Askotan glaziazioetatik eratorritako materialetan aberatsak diren lurzoru azidoetan aurkitzen dira, hondar, arbela, kareharria, buztin eta granitoetan aberatsak direnak. Itsas mailatik 1700 metroko altueretara haz daiteke.

Erabilerak

Haritz amerikarra, egur iturri garrantzitsuenetako bat da Ipar Ameriketan. Balio handiko egurra da eta azkar hazten denez, asko ustiatu da zuhaitz hauen egurra: zoruetan, altzarietan...

Hala ere, enborraren azala oso porotsua da eta ura erraz iragazten da bertatik. Hori dela eta, egur hau ez da oso aproposa ontzigintzan.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2011/12/28 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 2187 | Argazki nagusia: Alina Zienowicz (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...