Artelatza
Quercus suber

Artelatza, antropomorfikoki asko hedatua izan den zuhaitza da, bere enbor-azaletik kortxoa lortzen baita. Eskualde mediterraneoko zuhaitza da, baina Euskal Herrian populazio bakan batzuk aurkitu daitezke, bereziki iparraldean, Baiona eta Biarritz inguruan, eta Getaria eta Zarautz arteko lurretan. Bitxia da artelatza Kantauri isurialdean egotea, berez klima mediterraneokoa baita. Bizitzeko klima lehorra eta silizio askoko lurra behar ditu artelatzak, baina  Getaria eta Zarautz arteko itsasertzean, ordea, mikroklima berezi bat sortzen da, tenperatura epel samarrekin, eta, gainera, eremu batzuetan lurra aberatsa da silizioan. Hortaz, artelatzak eremu horietan bere lekua topatu du, eta ezin hobeto egokitu da. Inguru horretan, arkamurka deitzen zaio.

Quercus suber

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Artelatzak artearen antza handia du, baina azalean erraz bereizten dira: artelatzaren azala harroa eta pitzatua da, kortxoa. Azala hauts kolorekoa da (iluna deskortxatu gabeko enbor eta adarretan, baina gorrixka deskortxatutakoetan). Zuhaitz hau tamaina ertainekoa da, 20 metrorainokoa eta adarte zabalekoa. Adar bihurriak dituzte.

Hostoak

Artelatzaren hostoak 2,5-10 x 1,2-6,5 cm-koak dira, koriazeoak, iraunkorrak eta obatu-lantzeolatuak. Oin asimetrikoa dute. Gainekaldetik berde ilunak eta glabroak izaten dira baina zurixkak eta tomentotsuak azpialdean. Ertz horzduna izaten dute, baina hortzak ez dira oso nabariak. Nerbio nagusia bihurgunetsua izaten da eta nerbio sekundarioak zuzenak. 6-20 mm-ko peziolo tomentotsua dute.

Loreak

Artelatzaren loreak sexu bakarrekoak dira, eta ez oso deigarriak. Quercus generoaren lore tipikoak udaberri hasieran agertzen dira, lehenengo hostoak ateratzen hasi aurretik. Loreak hori edo berde argi kolorekoak dira. Lore arrak gerba motako infloreszentziatan hazten dira eta emeak, txorten luzeko multzo txikitan.

Lore ar mota hauek airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude,
4-8 cm-ko luzera dute, forma zilindrikoa eta adarretatik zintzilik agertzen dira (bakarka zein taldeka), polena askatuz. Lore ar bakoitzak ezkata trilobulatu bat du eta honen barruko aldean txertatzen da 5-7 gingil obatu eta iletsuko perigonioa, lazinia ilegabe eta 6 estamin luzerekin (4-10 estamin izan ditzake baina arruntena sei izatea da). Estaminek antera bilotsuak dituzte eta filamentuen tamainakoak izaten dira.

Lore emeak buruxkatan antolatzen dira (bakarka edo binaka), hiru estigma dituztelarik eta adar lateralen puntetan agertzen dira. Estiloak laburrak dituzte eta oinetik dibergenteak. 4-6 lobulu bilotsuko periantoa dute. Ginezeoak estilo linear-klabiformeak ditu, oinarritik dibergenteak.

Artelatzaren loreek errakis bilotsua dute.

Fruituak

Haritzen fruituak ezkurrak dira, uda hasieran agertu eta iraila-urrian heltzen direnak. Ezkurra glande motako fruitua da, forma oboideokoa, 1 cm-koa eta hasieran kolore berde argia azaltzen duena, nahiz eta geroago marroixa bihurtzen den. Ezkurrak, pedunkulu luze baten puntan hazten dira, luzangak dira (2,5 cm luze ingurukoak) eta txortenak fruituaren herena estaltzen du, txapela moduko bat osatuz: karloa. Karloa  8-15 x 10-20 mm-koa da eta bertan ezkata lauak ageri dira baina oro har, ez dute ertza gainditzen.

Fruituak 1-2 ezkurreko taldetan edo banaka hazi daitezke baina beti ere pedunkulu bakarretik eratortzen direlarik. Pedunkulu hau 12 cm-raino irits daiteke. Ezkurrak elikagai-iturri garrantzitsua dira zenbait animaliarentzat.

Antzeko espezieak

Quercus ilex eta Quercus rotundifolia

Enbor azalean bereizten dira batik bat, arteek ez baitute suberosoa.

Banaketa

Eskualde mediterranearreko mendebaldean hazten da modu naturalean baina eskualde honetan ere artelatz kultibo garrantzitsuak daude. Espainia, Portugal, Argelia, Maroko, Frantzia, Italia eta Tunisiako azalerak batuta 2,5 milioi hektarea betetzen dituzte artelatz landaketek. Portugalek mundu mailako produkzioaren %50a asetzen du.

Euskal Herrian, populazio bakan batzuk aurkitu daitezke, bereziki iparraldean, Baiona eta Biarritz inguruan, eta Getaria eta Zarautz arteko lurretan. Izan ere, espeziearen banaketa-muga Frantziako hego-mendebaldean dago.

Quercus suber Quercus suber

Ekologia

Eskualde mediterranearrean hazten da, barne haranetan, ondo drenatutako lurzoru sakonetan, substratu silizioetan bereziki. Hezetasunari dagokionean, lurzoru lehorrak nahiago ditu, azidoak (pH 3,5-5,5) eta nitrogenoan txiroak. Argitasun gutxi behar du eta tenperatura beroak. Hala ere, nahiko zuhaitz kontinentala da eta ondo jasaten ditu tenperatura aldaketak.

Erabilerak

Batik bat kortxoa erauzteko erabili izan da artelatza. Euskal Herrian, eguberrietan jendeak kortxoa hartu ohi du, jaiotza apaintzeko. Ohitura honek kalte handia egin dio artelatzari, behin azala zaurituta arrisku handia baitago zauri horretatik onddoak edo bizkarroiak sartzeko eta, ondorioz, zuhaitza gaixotzeko.

Horrez gain artelatzaren egurra ikatzerako ustiatzen zen, artea baino kalitate txarragokoa zen arren. Ezkurrak txerriak elikatzeko erabili izan dira tradizionalki.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Artelatzekin elkarrekintzan onddo ugari aurki daitezke baina garrantzitsuenak, Auricularia auricula-judae, Cantharellus cibarius, Boletus aereus, Paxillus involutus, Xerocomus subtomentosus, Lactarius rugatus, Lactarius zonatus, Russula olivacea, Amanita caesarea, Amanita curtipes, Amanita ponderosa, Gymnopilus suberis, Pluteus petasatus eta Tricholoma myomyce dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak zuhaitz honen egoera ebaluatu ez duen arren, 1990ean, Eusko Jaurlaritzak artelatza babestea erabaki zuen, batetik oso gutxi daudelako eta bestetik balio kultural eta ekologiko handia duelako. 'Interes Berezikoak' bezala sailkaturik daude EAEko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean oinarrituz, 2003. urtean argitaratu zen 'EAEko Flora Baskular Mehatxatua' txostenean. Gainera, 2011eko azaroaren 14an Ingurugiroko Ministeritzak argitaratutako 'Análisis de impactos y vulnerabilidad de la flora y vegetación españolas ante el cambio climático' txostenean, MFE-ko (Mapa Forestal Español) espezie zaurgarri bezala izendatuta dago, A kategoriaren barruan (kritikoa).

Getariako eta Zarautzeko mendixketako artelatzak, nahiz eta ezkurrak eman, gehienetan ezin dira modu naturalean hedatu, inguruko lurrak nekazaritza intentsiborako zein bestelako jardueretarako erabiltzen baitira. Suaren ohiko erabilerak populazio batzuk kaltetzen ditu eta ale gazteen biziraupena arriskuan jartzen du. Horregatik, egungo baldintzak aldatu ezean, populazio txikienak desagertzeko bidean daude. Oso interesgarria da ezkurrak biltzea, leku egokian landatu, ugaldu eta, ondoren, beharrezkoa den tokietan birsartzeko.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2011/12/28 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 2013 | Argazki nagusia: Maite Lopez de Arbina

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...