Zume zuria
Salix alba

Eskualde epeletako zuhaitza dugu zume zuria. Bere izena, hostoek azpikaldean hartzen duten kolore zuritik datorkio. Dagoeneko Hipocrates-ek K.a. V mendean zume zuritik erauzitako substantzia mingots bati buruz idatzi zuen, sukarra jeitsi eta minak apaltzeko gai zena. Geroago substantzia hori salizina zela jakin zen, aspirinak gaur egun duen konposatu bera.

Salix alba

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zume zuria zuhaitz ertaina dugu 6-20 metroko altuerakoa. Enbor sendoa du, zuzena eta azal arre-grisekoa, longitudinalki zartatua alerik zaharrenetan eta gris-berdexka gazteetan. Adakera luzanga du, zertxobait irregularra, adar luze eta malguekin. Ale gazteen adarrak beherantz erortzen dira eta zetakara-zurixkak dira, baina ilea segituan galtzen dute eta azala arre ilun (edo horixka) bilakatzen da.

Hostoak

Hosto sinpleak ditu, txandakatuak eta erorkorrak. Formaz oblongo-lantzeolatuak dira eta ertza leunki zerratua dute. Peziolo motza dute, 5-12 cm-koa. Hostoak jaiotzean ile zetakara zuriz beterik daude (hortik datorkio, hain zuzen ere, izena), itxura zilarreztatua ematen dietelarik, baina gainaldetik galdu ohi dituzte kolore berde disdiratsukoak bilakatuz.

Loreak

Zume zuria, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Zume zuriaren amentuak hostoekin batera jaiotzen dira (Salix askotan hostoen aurretik), adar berrien puntan. Zilindrikoak dira, estuak, laxoak, tenteak, zuzenak edo pixkat kurbatuak eta lateralak. Braktea hostokara zorrotzak dituzten pedunkuluen gainean hazten dira. Brakteak homogeneoki horiak dira, glabreszenteak kanpoaldetik baina pubeszenteak barrualdetik, eta erorkorrak.

Lore estaminatu arrek 4-5 cm-ko luzera dute, bi nektario (bata kanpokoa eta bestea barnekoa) eta harizpi askeko bi estamin iletsu.

Lore emeek, aldiz, 3-4 cm-koa polinizazio garaian, nektario bakarra eta pistilo glabroa, sesila edo subsesila. Lore pistilatu hauek obario obal bakar batez osaturik daude, eseria eta nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Estilo mardula dute eta estigmak banatuta eta pixka bat okertuta daude.

Fruituak

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Zume zuriaren kapsulak 4 mm-koak dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore txuria, iletxoak eta peziolo iletsua. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix espezieak elkarren artean erraz hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke espezie mailako identifikazioa. Salix alba espeziearekin gainera, zenbait barietate ezagutzen dira, horietako batzuk ere hibridoak direlarik.

Salix alba 'Caerulea' barietatea bere hazkuntza azkar eta zurtoin zuzena direla eta bereizten da, eta hosto handiagoak ditu 10-11 x 1,5-2 cm-koak, kolore urdinagokoak. Bere jatorria ezezaguna da baina Salix alba eta Salix fragilis-en arteko hibrido bat izan daitekela uste da.

Salix alba 'Vitelina' barietateak kimu hori-urreak ditu eta ornamental modura oso erabilia da. Eta Salix alba 'Sericea' barietateak ile zuriak ditu hostoen bi aldeetan, Salix alba var. alba-k bezala.

Banaketa

Eskualde epeletan hazten da, Europako erdialdean, Afrikako iparraldean eta Asiako mendebaldean. Ipar Ameriketako ekialderaino zabaldu da. Aspalditik kultibatu dela eta, bere jatorrizko banaketa-eskualdea zein den ondorioztatzea zaila suertatzen da.

Salix alba Salix alba

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Corylus avellana
Hurritza
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Alnus cordata
Haltz italiarra
Betula pendula
Urki dilindaria
Fraxinus angustifolia
Lizar hostotxikia


Ekologia

Zonalde hezeetan hazten da, ibai inguruetan, ibar-basoetan... Lurzoru alubialetan hazten da, hareatsuak edo hareatsu-buztintsuak. Itsas mailatik 1800 metrora aurki daiteke, argitasun gutxiko eremuetan. Tenperatura epelak behar ditu, kontinentalitate ertaina eta pH basikoa 5,5-8 bitartekoa. Lur aberatsetan hazten da. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Martxotik maiatzera bitartean loratzen da eta fruituak apirila-maiatza bitartean heltzen dira.

Erabilerak

Bere egurrak zurgihar gorria du eta zurgizen zuria. Pospoloak, txotxak, habeak, tornuak, kalotxak... egiteko erabili izan da, baita eskulturan ere. Bere ikatza bolborarako erabiltzen zen. Adar gazteak saskigintzan erabiltzen dira. Gainera, salizina konposatua zenbait gaixotasunen tratamenduan erabiltzen da.

Zume zuria ubideen errestaurazioan ere erabili izan da, bere sustrai-sistema adarkatuak lurra babesten baitu.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Gaixotasun ugari pairatzen dituen espeziea da. Arruntenak, Marssonina salicicola onddoak eragindako antraknosia eta Brenneria salicis bakteriak eragindako 'ur-marka' gaitza.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/16 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1587 | Argazki nagusia: Photopoésie

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...