Sahats iluna, saraxa
Salix atrocinerea

Sahats iluna edo saraxaren izen espezifikoa, "atrocinerea", latinetik dator, "cinereus" (hauskara) adjektibotik. "Atro" aurrizkiak ilun esan nahi du eta izenak, hosto eta adarrak estaltzen dituen feltro griskarari egiten dio erreferentzia.

Salix atrocinerea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Brotero (1804)
Estatusa
ne

Morfologia

Sahats iluna gehienez 12 metro lortzen dituen zuhaixka da. Adakera ez da oso dentsoa. Adar zuzen eta luzeak ditu, gazteenak bilotsuak baina urte bat baino gehiagokoek lustrodun egiteko joera azaltzen dute. Enbor-azala arre-grisa da eta egurra zartatua egoten da. kimuak elkarrengandik nahiko banaturik agertzen dira, arre kolorekoak dira eta hasieran pubeszenteak.

Hostoak

Sahats ilunaren hostoak zimurtsuak dira, nerbio nabariak dituzte (7-14 pare, nabariagoak gainekaldean) eta forma obobatu edo lantzeolatua, zabalagoa alde apikalean. Peziolatuak dira, 2-10 x 1-2 cm-koak, txandakatuak eta apize zorrotzarekin. Hostoen ertza laua da edo batzutan hortz zabal eta ez oso markatuak eduki ditzake. Hosto gazteak pubeszenteak dira eta biloz estalirik daude alde bietan, baina garatu ahala, gainaldeko ileak galtzen dituzte kolore berde ilun karakteristikoa lortuz. Hostoen azpikaldea grisa da eta maiz burdin koloreko iletxoak agertzen dira. 5-15 mm-ko pezioloak dituzte, kanikulatuak goikaldetik. Estipula kordiformeak dituzte.

Loreak

Sahats iluna, sahats guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina gainontzeko amentuak ez bezala, hauek intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Amentu brakteatuak dira, lateralak, 7 x 1-2 cm-koak, sesilak edo pedunkulatuak (baina edozein kasutan, pedunkulu motzak).

Lore estaminatu arrak aobatuak dira eta sesilak. Guruin nektarifero batez lagundurik doazen bi estamin dituzte, filamentu askekoak. Estaminen filamentuek oinarri iletsua dute, nektario oblongo batekin.

Aldiz, lore emeak zilindrikoak dira eta pedunkulatuak. Lore brakteak dituzte, oblongoak, oso iletsuak, apize ilunagoarekin. Pistilo luze eta iletsua dute, euren nekatarioa baino 2-4 aldiz luzeagoa den pedizelo batean kokaturik dagoena. Nektarioak estilo motza du eta estigma oso edo bifidoak. Lore pistilatu hauek obario bakar batez osaturik daude, nektar guruin txiki batez lagundurik doana.

Fruituak

Fruituak, amentu emea zenetik agertzen dira multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore txuria, iletxoak eta peziolo iletsua. 3-4 cm luze dira. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix generoko espezie desberdinak erraz hibridatzen dira eta batzutan ez da erreza suertatzen elkarren artean bereiztea.

Banaketa

Banaketa Mediterranearra eta Hego-Atlantiarra du (Erresuma Baturaino iristen da), baina ipar Afrikan ere aurki daiteke (Maroko, Tunisia), baita Korsikan ere. Iberiar penintsulan oso espezie arrunta da, eta soilik Balear Uharteetan falta da.

Salix atrocinerea Salix atrocinerea

Ekologia

Ibai ertzetan eta ingurune hezeetan hazten da (larre hezeak, ibarrak eta baso ez hain hezeak). Itsas mailatik 2.000 metrora aurki daiteke. Argi ugariko lekuetan hazten da baina ondo jasaten du itzala. Tenperatura hezeak behar ditu. Lurzoru azidoak (pH= 4,5-7,5) eta nitrogenoan txiroak nahiago ditu. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Urtarriletik martxo-apirilera loratzen da eta hazien banaketa haizearen bidez gertatzen da, martxoa eta apirila bitartean.

Erabilerak

Sahats guztien antzera, sahats ilunak ere propietate terapeutikoak ditu, eta bertatik erauzten da aspirina egiteko azido azetil salizilikoa: enbor azala febrifugoa da, erreumatismoa, artritisa, inflamazioak... tratatzeko.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2011/11/22 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1988 | Argazki nagusia: Peter Greenwoods

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...