Zume belarriduna
Salix aurita

Zume belarridunari izena bere estipula handi eta iraunkorretatik datorkio, giltzurrun edo belarri formakoak direnak. Zuhaizka txikia da, 2,5 metrorainokoa, Salix cinerea baina pixka bat handiagoa, eta gainontzeko sahatsetatik bereizten dutena bere kolore gorriko adar berri angeludunak dira, sahiets modukoak dituztenak azalaren azpitik, eta korapilotsuak direnak. Gainera hostoek azpialde iletsua dute.

Salix aurita

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

1-3 metroko zuhaiska da. Adartxo ugari ditu, angeludunak eta korapilatuak. Kolorez, gris-arreak edo arre-gorrixkak dira eta bi urte bete arte iletsuak. Azala erori egiten zaio eta longitudinalki pitzatzen da, azpitik sahiets moduko itxura duten orbanak utziz. Kimu berriek soilik hasiera-hasieran dituzte ileak baina segituan dira glabroak.

Hostoak

Zume belarridunaren hostoak 1,5-5 x 1-2,5 cm-koak dira, transobatuak, eliptiko-transobatuak edo orbikularrak. Mutur motz eta kiribildua dute eta ertza gutxi zerratua edo osoa. Gainaldetik itxura zimurtua dute, hasieran iletsuak dira baina gero glabro bilakatzen dira. Aldiz, azpialdean oso nerbiazio nabaria dute, gris kolorekoak dira eta oso iletsuak. Peziolo motza dute eta izena ematen dien estipula handiak, giltzurrun formakoak eta iraunkorrak. 

Loreak

Zume belarriduna, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Zumeen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude.

Zume belarridunaren amentuak txikiak dira, ia sesilak baina pedunkulu oso txikiak dituzte 3-5 braktearekin, hauek erorkorrak. Lore brakteak transobatuak dira eta mutur ilunagoa dute.

Lore arrek harizpi askiko estaminak dituzte eta oinarrian iletsuak dira. Emeek ere pistilo pubeszentea dute, zertxobait pedizelatua, eta oso estilo motza. Estigma bifidoak dituzte.

Fruituak

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira.

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix espezieak elkarren artean erraz hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke espezie mailako identifikazioa.

Banaketa

Zume hau nahiko arrunta da mendebaldeko Europan, itsas mailatik 1.700 metroko altitudetaraino. Eskualde Mediterranearrean ere aurkitzen da (Korsikan izan ezik), baita kostalde atlantiarrean ere. Iberiar Penintsulako iparraldean aurkitzen da, Euskal Herrian, Nafarroan eta Iparraldean, eta bere agerpena Araba eta Bizkaian zalantzazkoa da.

Salix aurita Salix aurita

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Salix herbacea
Sahats nanoa
Erica tetralix
Txilar lauhostoa
Fraxinus angustifolia
Lizar hostotxikia


Ekologia

Zonalde epeletan hazten da, eguzkia zeharka jotzen duenetan eta lurzoru azido eta hezeetan, bereziki zohikatzetan. Hezegune, ibai-ertz, baso-ertz etabarretan aurki daiteke. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Martxoa eta maiatza bitartean loratzen da eta fruituak apirila eta maitza bitartean heltzen dira.

Erabilerak

Erleek espezie hau eztia egiteko ustiatzen dute eta landare ornamental modura ere erabilia da. Egur homogeneoa du, egonkorra eta lantzeko erraza baina ez da oso erabilia bere diametro txikia dela eta. Saskigintzan asko erabili izan da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Habrocytus dolichurus eta Mesopolobus semiclavatus intsektuak zume belarridunaren parasito arruntak dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu baina 2011 urteko Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota dago, espezie 'Bakan' modura.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/17 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1118 | Argazki nagusia: Per Aasen

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...