Ahuntz-sahatsa
Salix caprea

Zuhaitz honen izenaren jatorria, batzuen ustez, antzina bere hosto eta adaxkak ahuntzentzako jaki modura erabiltzen zirelako sortu da. Beste batzuen ustez, aldiz, ahuntzek hosto berriak oso gustora jaten dituztelako sortu da izena.

Salix caprea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaixka hostoerorkorra dugu ahuntz-sahatsa, 3-11 metrokoa eta adaxka gazteak pubeszenteak dituena, gaztaina-gorrixka kolorekoak. Adakera enborraren muturretik garatzen da, adar gehienak puntu beretik garatzen direlarik. Batzuetan adar eroriak dituzte, lurrerantza luzatzen direnak baina hau ikutzera iritsi gabe.

Hostoak

Ahuntz-sahatsak hosto txandakatuak ditu. Hostoek 4-11 x 2-6 cm neurtzen dute, eliptikoak edo obalak dira, maiz ondulatzen direlarik. Ertza horzduna dute eta berde ilun kolorekoak dira, gris edo berde argiak azpialdetik. Gaztetan pubeszenteak dira baina garatu ahala gainaldeko ileak galduz doaz, eta bakarrik azpialdekoak mantentzen dituzte, ile luze ugari eta belusatuak. 8-15 pare nerbio sekundario izaten dituzte eta nerbio primario bakarra erdian, oso nabaria. Pedunkulua ondo garatua dagoen arren nahiko motza da (5 mm ingurukoa) eta hasieran oinarrian estipula zerradun pare bat daramatza, giltzurrun forman, baina hauek erorkorrak dira.

Loreak

Ahuntz-sahatsa, sahats guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina gainontzeko amentuak ez bezala, hauek intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Ahuntz-sahatsaren amentuak 2-4 cm-koak izaten dira eta zilar koloreko bilo zetakara  batez estalirik egoten dira hasieran. Amentuak oboideoak dira, ia zilindrikoak, eseriak edo pedunkulu motz baten gainean ager daitezke. Pedunkuluak brakteatuak dira, emeen pedunkuluetako brakteak handiagoak izanik. Lore brakteak luzangak dira, gaztain ilun kolorekoak eta iletxo txuriz estaliak.

Lore arrek filamentu askeez beteriko bi estamin dituzte. Lore estaminatu hauek 1,8-3 x 0,5-1 cm-koak dira eta guruin nektarifero batez lagundurik doazen estaminak dituzte. Anterak arroxa kolorekoak dira muturrean baina naranja kolorea hartzen dute lorea irekitzean. Bi gelaxka dituzte, longitudinalki zabaltzen direnak. Filakentuak filiformeak dira, hori argiak eta orokorrean pubeszenteak.

Aldiz, lore emeek pistilo luze eta iletsua dute, estua, oboideo-konikoa. Lore pistilatu hauek 1,5-2,5 x 0,5 cm-koak dira eta obario bakar batez osaturik daude, nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Obarioan bi lobuluko estiloa eta obulu ugari daude. Obarioak estilo motza du, bi estigma bifidoetan banatzen dena.

Fruituak

Fruituak, amentu emea zenetik agertzen dira multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore txuria, iletxoak eta peziolo iletsua. 3-4 cm luze dira. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix generoko espezie desberdinak erraz hibridatzen dira eta batzutan ez da erreza suertatzen elkarren artean bereiztea.

Banaketa

Europa eta Asia epeleko zonalde gehienetan bizi da. Iberiar Penintsulako iparraldean oso arrunta da baina ez da Portugalera iristen. Sierra Nevada-n ere aurki daiteke. Euskal Herrian oso arrunta da.

Salix caprea Salix caprea

Ekologia

Baso epel eta argiak nahiago dituen arren (pagadiak, abetadiak...), gai da ere eskualde ilunetan bizitzeko. Itsas mailatik 2.100 metroko altitudera aurki daiteke, sahatsen artean lurzoru lehorrenak hoberen toleratzen dituena da eta. Nahiago ditu lurzoru hareatsuak, eta pH desberdinak ondo jasaten ditu. Tenperaturari dagokionean, ondo jasaten ditu izozteak.

Fenologia

Urtarriletik maiatzera loratzen da, askotan hostoak oraindik atera ez direnean. Loreak erabateko garapena martxoa bukaera aldera lortzen du eta fruituek apirila bukaeratik maiatza hasierara lortzen dute heldutasuna.

Erabilerak

Ahuntz-sahatsa tindatzaile moduan erabili izan da, hori edo urdin kolorez tindatzen baitu burdin sulfatoarekin nahastean. Bere enborreko azala taninoetan aberatsa da eta adarretako azalarekin sokak egiten dira.

Adarrak saskiak egiteko erabiltzen dira eta egurra holtzak, sardeak, uztailak, eskalapoiak... egiteko, baita bolborarentzako ikatza egiteko ere.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2011/11/22 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1471 | Argazki nagusia: Mª África

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...