Sahats nanoa
Salix herbacea

Sahats nanoa munduko zuhaitzik txikiena dela esaten da maiz. Beste Salix-ak ez bezala, adartxo aereoak ditu, belarkarak (hortik datorkio, hain zuzen ere, izen zientifikoa), eta lurrazpiko zurtoin herrestariak. Ingurune artiko eta subartikoetara moldatuta dago eta Euskal Herrian, soilik Piriniotan aurkitzen da.

Salix herbacea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

0,5-6 cm-ko altuera baino ez du lortzen sahats honek. Herrestaria da eta hazkuntza errizomatoso edo estoloniferoa du, hau da, lurzorua tapizatuz bezala hazten da. Kimu aereoak ditu, tenteak. Adartxoak gorri edo marroiak dira, batzuetan moreak, glabroak, aereoak eta ia belarkarak.  Adar gazteak kolore hori-arrea edo gorri-arrea dute eta ez dute estipularik. 1,5-6 mm-ko pezioloak dituzte, glabroak. Zurtoina zurezkoa bada ere lurrazpitik garatzen da (estoloi modura), nohizean behin han-hemenka sustraituz. Oso hazkuntza motela du, urtean 0,5 mm baino txikiagokoa.

Hostoak

Hosto borobildu-eliptikoak ditu, disdiratsuak eta 1-2 cm x 5-20 mm-koak. Berdeak eta ilegabeak dira bi aldeetatik eta binaka hazten dira, oposatuki, kimu motz batzuen puntan. Hostoak belarkarak dira eta itxura larrukara har dezakete. Zain sekundarioak hostoaren oinarriko puntu bakarretik aurrera ateratzen dira eta gainazal adaxial eta abaxiala gainditzen dute. Hostoen ertza trunkatua eta krenatua da, horzduna. Hostoen oina borobildua.

Loreak

Sahats nanoa, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude.

Sahats nanoaren amentuak hostoen kimuekin batera hazten dira eta terminalak dira, urteko adartxoen gainean haziz. Lore gutxikoak dira, peziolo oso txikikoak eta ia esferikoak.

Lore arren amentuak horixkak dira, lore gutxikoak 2-10 eta txikiak 2-5,5 x 1,5-5 mm-koak. 0,25-2 mm-ko pedunkuluak dituzte. Antera gorrixkak dituzte hasieran baina gerora horixka bilakatzen dira, 0,3-0,6 mm-koak. Bi nektario dituzte abaxial eta adaxiala. Nektario adaxiala obala da, 0,6-1,1 mm-koa eta oinetik fusionaturik agertzen da.

Lore emeak, aldiz, kolore gorri deigarrikoak dira, hauek ere lore gutxikoak 2-12, 3-11 x 2-10 mm-koak. Pedunkulu handiagoak dituzte, 0,25-4 mm-koak, eta lore-brakteak izaten dituzte, gorri edo arrosak. Brakteen muturra zabalagoa da eta 0,5-1,5 mm-koak izaten dira, glabroak (baina ile gutxi batzuekin muturrean). Ez dute nektario adaxialik (edo izatekotan bakarra). Estipeak 0,28-1,12 mm-koak dira. Udare formako obarioak dituzte, glabroak. Estiloak 0,2-0,4 mm-koak dira (osoak edo bifidoak).

Fruituak

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Sahats nanoaren kapsulak kolore gorrikoak dira. 

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix generoko espezieak erraz hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke espezie mailako identifikazioa. Salix herbacea bera ere, mugako ingurunetan bizi arren, Salix uva-ursi espeziearekin hibridatzen da, Salix x peasei Fern. espeziea sortuz. Hibrido honek espezie parentalen ezaugarriak konbinatzen ditu: ez da S. herbacea bezain liraina eta kiribiltzen diren kimu lodiak ditu. Bere hostoak krenatuak dira, S. herbacea-n bezala, baina bere amentuak luzeagoak dira, S. uva-ursi-ren antzekoak.

Banaketa

Ingurune artiko eta subartikoetan bizitzeko moldaturik dago eta banaketa zabala du Ipar Atlantikoko alde bietara, Asiako ipar-ekialdean, Europako iparraldean, Groenlandian eta Kanadako ekialdean. Bere banaketa-eskualdeko hegoaldean mendietara mugatzen da eta Alpeetan, Rilan eta Piriniotan (Europan) eta Apalatxeetan (Ipar Ameriketan) aurki daiteke.

Salix herbacea Salix herbacea

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Salix aurita
Zume belarriduna
Erica tetralix
Txilar lauhostoa
Fraxinus angustifolia
Lizar hostotxikia


Ekologia

Tundran eta zohikaztegietan hazten da, ingurune hezeetan eta gehienetan itsas mailatik 1.500 metrora. Ondo jasaten ditu tenperatura hotzak eta izoztetako urak. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Maiatzetik irailera bitartean loratzen da eta fruituak uda bukaeran heltzen dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/16 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1090 | Argazki nagusia: Ewout Nonhebel

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...