Onddoak

Basoko azpibeltza
Agaricus silvaticus

Agaricus generoko perretxiko jangarrietako bat da. Itxura aldakorra izan ohi du, eta hainbat barietate deskribatu dira. Koniferoen basoetan agertu ohi da batez ere, uda amaieran eta udazkenean, nahiz eta beste habitat batzuetan ere ikusi diren espezie honen perretxikoak.

Argazkia: www.schwammerlkoenig.de
Agaricus silvaticus

Artikuluari buruz
Egilea: Antton Alberdi
Sorrera: 2011/12/04
Azken eguneraketa: 2011/12/04
Bisita-kopurua: 1299

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Agaricaceae
Deskribatzailea: J. Otto (1816)
Sinonimoak
Psalliota silvatica
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

6 eta 15 cm bitarteko diametroko txapela izan ohi du, hasieran hemisferikoa izan ohi dena, baina denborarekin ganbildu eta lautu egiten dena. Azalak kolore aldakorra izan ohi du, arre grisaxka edo arre marroia, eta ezkaten kolorea ere aldatu egin ohi da: marroiak, gorrixkak, arrosak edo grisaxkak izan daitezke. Ezkaten dentsitatea handitu egiten da pileoaren erdialdera gerturatu ahala.

Estipea

Estipearen luzera 6-15 cm-koa izan ohi da, eta diametroa 1-1,5 bitartekoa. Pileoaren erdialdean txertatuta egon ohi da eta kofaduna da. Kolore zuria edo zuri-grisaxka izan ohi du, eta oinaldeak erraboil-forma du. Txortenaren goialdean beheranzko eraztun sinple hauskor bat izan ohi du.

Orriak

Orriak askeak eta igitai-formakoak dira, eta hasiera batean zuri-samarrak diren arren, arrosa kolorea hartzen dute denborarekin. Ukitzean kolore gorriz tindatzen dira. Esporak heldu ahala, marroi-purpura ilun kolorea hartzen dute orriek. Keilozistidioak iltze-formakoak dira.

Mamia

Gorri-laranja kolorekoa da, eta ebakitzean gorri bizi kolorea hartzen du. Usain ahula du, baina atsegina.


Mikromorfologia

Esporak

Marroi-ilun kolorekoak dira eta espora-jalkin iluna eratzen dute. Nahiko txikiak dira, 4,5-6,5 μm luze eta 3-4 μm zabal ingurukoak.


Ekologia

Habitata

Koniferoen basoetan agertu ohi da batez ere, nahiz eta hostozabalen basoetan ere agertu ohi den. Larreetan eta dunetan ere ikusi izan da. Bakarrik edo taldetan ager daiteke

Perretxiko-garaia

Udaren amaieran eta udazkenean sortzen ditu perretxikoak onddo-espezie honek, abuztua eta azaroa bitartean.

Jateko balioa

Jangarri ona da.

Antzeko espezieak
Agaricus langei

Izeien azpian hazi ohi da, batez ere. Morfologikoki antz handia izan arren, A. langeiren himenioforoko orriak argiagoak dira, eta ezaugarri mikroskopikoei erreparatuta, azken A. sylvaticusen esporak askoz ere txikiagoak dira. Dena den, A. sylvaticus bezala, A. langei ere jangarri ona da.


Agaricus impudicus

A. sylcaticus bezala, onddo hau ere koniferoen basoetan hazi ohi da, eta morfologikoki antzekoak dira. Dena den, A. sylvaticusen mamia berehala gorri bizira aldatzen da, nabarmen, eta A. impudicusena apur bat bakarrik gorritzen da. A. impudicus ez da A. sylcaticus bezain jangarri ona, usain desatsegina baitu, baina ez da toxikoa.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...