Onddoak

Anis azpibeltza
Agaricus sylvicola

Tamaina ertaineko espezie hau nahiko arrunta da gure basoetan. Horren ohikoa ez dena zera da: Agaricus generokoa izanda basoetan aurkitzea.  Koloreari dagokionez zuria da, nahiz eta kolore ilunagoko orbaintxoak izan. Agaricus  generoko ezaugarriak ditu eta jangarri ona da, beti ere ale zaharrak baztertuz. Onddo hau biltzerakoan hilgarriak diren amanita zuriekin nahastu daitekeela kontuan izan behar da.

Argazkia: Strobylomyces
Agaricus sylvicola

Artikuluari buruz
Egilea: Asier Uribeetxeberria
Sorrera: 2014/02/19
Azken eguneraketa: 2014/02/23
Bisita-kopurua: 1216

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Agaricaceae
Deskribatzailea: (Vittad.) Peck
Sinonimoak
Agaricus campestris subsp. silvicola
Fungus sylvicola
Psalliota campestris var. sylvicola
Ekologia
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

5-10 cm-ko diametroa duen txapela garatzen duen onddo agarikoidea da.  Garapenaren lehen faseetan hemisferikoa bada ere, alea heltzen denean pileoa zabaldu egiten da. Onddo honen kolorea zuria da, hala ere, kolore okre-horiko zuntzak ditu. Txapelak kolore okre horia hartzen du ukitzerakoan. Txapelaren gainaldea estaltzen duen kutikula errez bereizten da.

Estipea

Tamaina handiko hanka garatzen du anis azpibeltzak, 10-12 x 1-2 cm. Hanka zilindrikoa da baina azpialdea lodiagoa izaten du (erraboilatua). Pileoa bezala, estipea ukitzerakoan kolore hori-okrea hartzen du. Ertzak lodiagoak dituen eraztun handia estipearen goiko herenean kokatzen da. Eraztunak tamaina oso txikiko ezkatak ditu.

Orriak

Himenoforo laminarreko onddoa da, orriak hertsiak eta estipetik banatuak daude. Ale gazteen orriak zuri-grisak dira, helduenak arrosa kolorea izaten dute eta ale zaharrenek kolore marroi ilunekoa.

Mamia

Mamiak anisaren usain eta zapore atsegina dauka. Orokorrean mamia zuria eta trikoa den arren, ale zaharretan marroia da eta harrotua egoten da. Schäffer erreaktiboarekin positiboki erreakzionatzen du.


Mikromorfologia

Esporak

Agaricus generoko ezaugarria den esporada iluna dauka, marroi-beltza. Esporak 5-6 x 3-4 µm-takoak dira eta forma elipsoidala edo oboidea dute.


Ekologia

Habitata

A. sylvicola, hostozabalez zein koniferoz osaturiko basoetan talde txikiak eratuz azaltzen da. Gure inguruan nahiko espezie arrunta da.


Habitat bereko espezie batzuk:
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Kukuma
Amanita ovoidea
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Lanperna horia
Amanita citrina


Perretxiko-garaia

Uda zein udazkenean azaltzen den espeziea da.

Jateko balioa

Zapore finekoa eta usain atseginekoa denez jateko aproposa da. Agaricus generokideak bezala ale helduak, hots, lamina ilunak dituztenak ez jatea gomendatzen da, substantzia alkaloideen kontzentrazioa asko emendatzen zaielako.

Antzeko espezieak
Amanita verna

Hiru amanita zuri hilgarriekin nahastu daitekeen onddoa da honako hau. Antzerako eitea baitauka eta habitata partekatzen baitute. Ezberdintzeko ezinbestekoa da himenoforoa begiratzea, amanitena zuria baita eta Agaricus sylvicolarena beltza. Azken honek estipearen azpialdea loditua baldin badu ere ez dauka amanitak duen bezalako bolbarik.

Hiltzaile konkorduna ( Amanita virosa )
Hiltzaile berdea ( Amanita phalloides )
Hiltzaile goiztiar ( Amanita verna )

Agaricus xanthodermus

Generokideak diren bi espezie hauek errez nahastu daitezke biak zuriak direlako eta ukitzerakoan horitu egiten direlako. Ezberdintasun handiena bi espezien usaina da, A. xanthodermus onddoak fenolaren (tinta) usain ezatsegina du eta A. sylvicolak anis usaina.

Azpibeltz tinta usain-argia ( Agaricus xanthodermus )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...