Onddoak

Kukuma
Amanita ovoidea

Amanita generoko espezie handienetarikoa da kukuma. Kolore zurikoa da eta kotoiaren eitea dauka. Onddo honek ez dauka inolako balio gastronomikorik, zapore ahula baitauka eta usain desatsegina, berezia. Koniferoen zein hostozabalen basoetan aurki daitekeen onddoa  bada ere, ez da arrunta aurkitzea.

Argazkia: Archenzo
Amanita ovoidea

Artikuluari buruz
Egilea: Asier Uribeetxeberria
Sorrera: 2012/12/09
Azken eguneraketa: 2013/12/26
Bisita-kopurua: 1681

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Amanitaceae
Deskribatzailea: (Bull.:Fr.) Link
Sinonimoak
Agaricus ovoideus
Amidella ovoidea
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Onddo handia da, 8-25 cm bitarteko pileoa garatzen baitu. Hasieran hemisferikoa bada ere gero ganbil forma hartzen du eta alea zahartzen denean lautu egiten da. Kutikula zuria errez bereizten da. Txapel mamitsua duen onddoa da. Ertza ildaskatua dauka eta kotoi itxurako arrastoak izaten ditu kroskotik eratorrita. Txapelean ez dira ageri bolbaren arrastorik. 

Estipea

Tamaina handiko estipea garatzen du, bereziki zabala dena genero honetarako 7-20 x 2-5 cm. Estipeak kolore zuria dauka eta eite kotoikara. Onddoa biltzerakoan eta estipea ukitzerakoan irinez estalita dagoela dirudi. Espezie honetan bolba nabarmena da eta eraztuna iraunkorra izaten du, estipearen ehundura antzekoarekin.

Orriak

Onddoaren tamainarekin bat datozen orri zabalak eta libreak ditu. Koloreari dagokionez zuriak dira.

Mamia

Mami ugaridun onddoa da, eta kolore zurikoa izaten du. Usain bereziko onddoa da, nahiko desatsegina egiten dena kasu gehienetan. Zapore oso ahula dauka.


Mikromorfologia

Esporak

Generokide gehienek bezala kukumak kolore zuriko esporada dauka. Esporak globularrak dira, puntan erpin bat dutenak. 9-12 x 6-8 μm.


Ekologia

Habitata

Konifero zein hostozabaletan aurki daitekeen onddoa da. Hala ere gure basoetan ez da oso ugaria.


Habitat bereko espezie batzuk:
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura
Gibelurdina
Russula virescens
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Lanperna horia
Amanita citrina


Perretxiko-garaia

Uda bukaeratik negu hasierara aurki daitekeen onddoa da, hala ere ez da oso arrunta.

Jateko balioa

Ez dauka jateko balio berezirik usai desatsegina eta zapore ahula  baitauka. Horretaz gain kontu izan behar da Amanita zuriekin errez nahastu daitekeela, batez ere aleak gazteak direnean.

Antzeko espezieak
Amanita virosa

Bi espezie hauek oso errez nahastu daitezke, biak zuriak baitira. Ezberdintasun nabarmenena bien arteko tamaina da, kukuma askoz handiagoa izanik. Baina ezberdintasun honek ez du balio alea gaztea denean. Eraztuna ere ezberdina daukate, Amanita virosak eraztun mintzakara dauka.

Hiltzaile konkorduna ( Amanita virosa )

Amanita proxima

Bi espezie hauek ere zuriak dira, baina azken honen kroskoak kolore arrosa dauka. Era honetan bereizten dira bi espezie hauek.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...