Onddoak

Mitra-zuria
Helvella crispa

Askomikoto zuri hau nahiko ezaguna da, garatzen duen fruitu gorputzak nahiko kolore eta forma berezia baitauka. Tamainari dagokionez handia dela esan daiteke eta gure basoetan eta bide bazterretan nahiko ohikoa da, batez ere hezetasun handiko guneetan. Ez dauka balio gastronomiko handirik, ez baitauka ez zapore ez usain berezirik. Hala ere jan nahi izanez gero, ondo egosita jan behar da, gordinik toxikoa baita.

Argazkia: Celestino Gelpi
Helvella crispa

Artikuluari buruz
Egilea: Asier Uribeetxeberria
Sorrera: 2013/02/05
Azken eguneraketa: 2013/02/14
Bisita-kopurua: 1022

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Ascomycota
Klasea: Pezizomycotina
Ordena: Pezizales
Familia: Helvellaceae
Deskribatzailea: Sowerby
Ekologia
Saprobio humikola
Jateko balioa
Arretaz

Makromorfologia

Fruitu gorputza

Ascomycota dibisioko onddoa izateko, askoma handia garatzen du. Karpoforoak 2-6 cm bitarteko diametroa dauka. Karpoforoak zela (zaldi gainean ibiltzeko erabiltzen den jarlekua) itxura izaten du.  Zela forma duen egitura hau,  2-3 lobulutan banatzen den orri batek garatzen du. Lobulu bakoitza oso irregularra da eta uhindura ugari izaten ditu. Lobuluak oinean kiribilduta edo honen gainean tentetuta egon daitezke. Lobuluaren kanpo eta barne aldeen artean kolore ezberdintasuna nahiko nabarmena izaten da. Kanpoaldea zuri-grisa izaten da, eta barrualdea okre-horia. Ertza ez dago hankari itsatsita. Hanka eta karpoforaren arteko lotura orriaren lobulu batek egiten du eta hau zentrala da, hots, hankaren erdian dago.

Hankak zilindro forma dauka, nahiz eta ez izan Basidiomycota askorena bezain perfektua. Oinaldea lodiagoa izaten dute eta bertako nerbiazioa handiagoa da. Tamainari dagokionez, nahiko handia da 6-10 x 2-4 cm. Ildo sakonak, hanka guztian zehar ikuskorrak dira. Alea gaztea denean oinak kolore zuria izaten du, baina, zahartu ahala kolore horia nabarmenagoa egiten da.


Mikromorfologia

Askoak

Askoen tamaina 220-300 x 12-18 µm-koa da. Zilindrikoak eta oktosporikoak dira.

Esporak

20-22 x 12-13 µm-tako espora eliptiko handiak garatzen ditu. Hauek gutula (gantz tanta intrazelularra) handi bat eta garatxoak izaten dituzte. Esporada zuridun onddoa da.


Ekologia

Habitata

Gurean nahiko ugaria da honako onddo hau. Hostozabalez osaturiko basoetan aurki daiteke, eta batez ere hostozabalen inguruan dauden bide ertzetan azaltzen dela behatu da. Hala ere onddo honek hezetasun handia behar du hazteko.


Habitat bereko espezie batzuk:
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kukuma
Amanita ovoidea
Lanperna horia
Amanita citrina
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura


Perretxiko-garaia

Urteko bigarren erdialdean azaltzen den onddoa da honako hau. 

Jateko balioa

Onddo hau jangarria bada ere, kontuz ibili behar da. Jatekotan beti ere sutan ondo egosia egon behar da. Hala ere, zapore eta usain nabarmenik ez duenez, hesteetako arazoak ekiditeko ez jatea gomendatzen da.

Antzeko espezieak
Helvella lacunosa

Nahiz eta genero berdineko onddoak izan bien arteko ezberdintasunak nahiko nabarmenak dira. H. crispa handiago eta kolore zuriagoa dauka.  Bestea, H. lacunosak kolore iluna dauka eta tamainaz askoz txikiagoa da. Bi espezieak gordinik janez gero toxikoak dira, ondo eginda ez daukate aparteko balio gastronomikorik. H. crispak phythiophyla barietatea dauka, honek zertzelada moredun hanka grisa izanik. 


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...