Onddoak

Tripaki argia
Hydnum repandum

Onddo hau ezagutzea oso erraza suertatzen da bere kolore laranja argiagatik, habitat zabalagatik eta bere himenoforo horzdunagatik. Azken ezaugarri hau da, hain zuzen, tripaki izena ematen diona gibel edo tripakiaren itxura hartzen baitu bere azpikaldeak. Denbora luzez erlazionatu izan dute zientzialariek onddo hau kantarelekin, bereziki itxuragatik baina baita ezaugarri mikroskopikoengatik ere, biek baitituzte eszitobasidio izenekoak (luzetara hazten direnak). Egindako azken DNA analisiek, onddo bi hauen arteko ahaidetasuna frogatu dute.

Argazkia: Christian Pourre
Hydnum repandum

Artikuluari buruz
Egilea: Maialen Sistiaga
Sorrera: 2012/01/09
Azken eguneraketa: 2013/12/26
Bisita-kopurua: 1391

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Cantharellales
Familia: Hydnaceae
Deskribatzailea: Linnaeus (1753)
Sinonimoak
Hypothele repanda
Dentinum repandum
Sarcodon repandus
Hydnum rufescens
Hydnum imbricatum
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Tamaina handi xamarra lor dezaken onddoa, 2-17 cm-ko pileoduna. Ganbila da eta erdialdean hondoratua. Ertza hasieran kiribilkatua, oro har irregularra, Cantharellus cibarius onddoa gogorarazi dezakelarik. Nahiko lehorra eta leuna, laranja argi kolorekoa.

Estipea

3-10 cm luze eta 1-3 cm zabal. Orokorrean lehorra eta leuna, kolorgea edo pileoa baino kolore argiagokoa. Gutxitan marroixka.

Orriak

Himenoforo horzduna eta dekurrentea, hau da, estipearekin jarraia. Hortzak 2-7 mm-ko luzerakoak, kolore argikoak edo marroixkak.

Mamia

Kolore zurikoa, batzutan zonalde koloreztatuak aurkezten dituelarik. Mingotsa.


Mikromorfologia

Esporak

Espora eliptikoak eta leunak, 6,5-8 x 5,5-8 mikratakoak. Jalkina kolore zurikoa.


Ekologia

Habitata

Europa, Ipar afrika, Asia eta Ipar amerikan oso arrunta den espeziea da. Mikorrizak eratzen ditu hostozabal zein koniferoekin, Ipar Hemisferioan oso hedatua.


Habitat bereko espezie batzuk:
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Esnegorria, pinutela, nizkaloa
Lactarius deliciosus
Pinudi-gibelubela
Russula sardonia
Pinudi onddo bikorduna
Suillus granulatus
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Ezko gorria
Hygrocybe conica
Ziza arrea
Tricholoma terreum
Lanperna txarra
Amanita pantherina


Perretxiko-garaia

Udazkenean eta negu hasieran.

Jateko balioa

Zapore oneko onddotzat jotzen da, intxaurra gogorarazi dezakeen zapore gozokoa eta kirrikatsua. Alerik zaharrenek zapore garratza izan dezakete baina sukaldatzean galtzen dutena, hori dela eta garrantzitsua da beti irakiten dagon uretan izatea.

Antzeko espezieak
Hydnum albomagnum

Hau ere jangarria da baina zapore apalagokoa.


Hydnum albidum

Espora txikiagoak dituena eta zapore garratzagoa.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...