Onddoak

Adarretako marasmioa
Marasmiellus ramealis

Nahiko espezie arrunta da onddo bitxi hau. Hemen erabilerarik ematen ez zaionez eta hain tamaina txikia duenez oharkabean pasatzen da jende gehienarentzat, baina benetan onddo berezi eta polita da naturako izaki txikiei erreparatzen dien naturzaleentzat.

Argazkia: Okolí Zlína
Marasmiellus ramealis

Artikuluari buruz
Egilea: Asier Uribeetxeberria
Sorrera: 2011/12/01
Azken eguneraketa: 2013/04/04
Bisita-kopurua: 1296

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Marasmiaceae
Deskribatzailea: (Bull.) Singer 1946
Sinonimoak
Marasmius ramealis
Agaricus ramealis
Agaricus amadelphus
Microphale rameale
Ekologia
Saprobio lignikola
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

3-15 mm-ko diametroa du. Garapenean berehala ganbil bihurtzen da eta gero zapaldu egiten da. Krema-kolorekoa edo beixa da, eta batzutan isla arrosaxkaduna; erdialdean ilunagoa izanten da. Egitura mintzakara du eta eguraldi lehorra denean zimurtsua.

Estipea

Motza, estua eta kurbatua du, 3-20mm altu x 1mm lodi. Kolore arre-gorrixkakoa eta ilunagoa oinarrian, ezkata zurixkekin.

Orriak

Orri banatuak eta krema-kolorekoak ditu.

Mamia

Oso mami mehea du, ia mintzairea. Zuria, usainik gabea, eta zapore gozoa edo apur bat mingotsa.


Mikromorfologia

Esporak

8-10 x 3-4µm, zuriak, eliptikoak eta luzangak.


Ekologia

Habitata

Koloniatan hazten da lerro zuzenak osatuz lurrera jausitako adar eta adartxoen gainean. Eguraldi hezeak faboratu egiten du adarretan ezartzerakoan baina, behin ezarrita, lehorte-garai luzeak jasateko gai da.

Perretxiko-garaia

Oso ohikoa da udan eta udazkenean.

Jateko balioa

Bere tamaina txikiaak eta zapore apalak, gastronomiarako baliogabea bihurtzen du onddo hau.

Antzeko espezieak
Micromphale foetidum

Pileo arrea, erdian ilunagoa eta ildaskatua. Estipea beltza eta leuna du. Deskonposatzen ari den egurraren gainean hazten da eta usain desatsegina du.


Marasmius rotula

Paraxut formako pileoa du. Himenoforoan orrien artean ildo sakonak agertzen dira, eta, orriak estipera iritsi aurretik elkartzen dira gurpiltxo moduko egitura bat osatuz haren inguruan. Estipea marroi-beltza da eta zuria buru-aldean.

Marasmio gurpiltxoa ( Marasmius rotula )

Marasmius androsaceus

Onddo oso txikia, aurrekoaren antzekoa, baina orriek ez dute gurpiltxorik eratzen. Oina luzeagoa eta estuagoa da, eta erabat beltza eta zurruna. Azikulen, hostoen eta adartxoen gainean hazten da.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...