Onddoak

Belarri landua
Pleurotus ostreatus

Espezie ezaguna da onddoetaz gutxi dakitenen artean ere, saltzeko asko landatzen den espeziea baita. Ostra-forma bereizgarria du eta hainbat hostozabalen enborrean aurki daiteke talde soropilduetan; ohikoagoa da deskonposatzen ari diren enborretan baina bizkarroia ere izan daiteke batzutan. Landatzeko erraza eta merkea da, horregatik landatzen da hainbeste.

Argazkia: www.alamedadelvalle.eu
Pleurotus ostreatus

Artikuluari buruz
Egilea: Asier Uribeetxeberria
Sorrera: 2011/12/01
Azken eguneraketa: 2013/04/04
Bisita-kopurua: 1239

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Pleurotaceae
Deskribatzailea: (Jacq.) P. Kumm. (1871)
Sinonimoak
Agaricus ostreatus
Agaricus salignus
Crepidotus ostreatus
Ekologia
Saprobio lignikola
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

4-15cm-ko diametroa. Kolore aldakorrekoa: gris iluna, gris argia, morexka, horixka, arre grisaxka... Kutikula leuna eta distiratsua. Ganbila garapenaren hasieran, berehala zapaltzen da eta ostra-forma hartzen du azkenik. Ertza luzaroan mantentzen da biribilkatua.

Estipea

Sarri ez da agertzen. Agertzen denean 1-3cm-ko altuerakoa eta 1-2 cm-ko lodierakoa, eszentrikoa edo albo batean kokatua. Motza eta sendoa, sarri oinarrian mizelio-kapa zuri batez estalia.

Orriak

Orriak zurixkak, finak eta estuki kokatuak, aldakorrak eta oso dekurrenteak. Marfil-kolore bereizgarria izaten du.

Mamia

Trinkoa eta zurixka; samurra hasieran baina denborarekin egitura nahiko elastikoa hartzen du. Zapore gozoa du eta baita usaina ere, baina bigarrena adinarekin galdu egiten edo desatsegin bilakatu.


Mikromorfologia

Esporak

8-11 x 3-4 mikrakoak, zurixkak, eliptikoak, leunak eta hialinoak.


Ekologia

Habitata

Espezie lignikola da, hainbat hostozabal espezieren gainean aurkitu daiteke, desakonposatzen ari direnean, eta batzutan bizkarroi ere izan daiteke. Baso heze samarretan agertzen da, sarri talde soropilduetan.

Perretxiko-garaia

Urte osoan aurkitu daiteke, baina ohikoagoa da udaberri hasieran eta udazkenean.

Jateko balioa

Jangarri ona da, hobea gaztea denean. Asko landatzen da saltzeko.

Antzeko espezieak
Pleurotus cornucopiae

Pileoa zurixkatik beix-arrosaxkarakoa du. Usain konplexua du baina irin-kutsu nabarmenarekin, eta nazkagarri samar bilakatzen da zahartzean. Jangarri onada.


Pleurotus dryinus

Kolore zurikoa, orriak dekurrenteak dira baina ez dira estipearen oinarrira iristen. Pileoaren ertzetan harizpi modukoak ditu zintzilika. 


Panellus stipticus

5cm baino gutxiagoko diametroko pileoa du eta orri gorrixkak. Mamia mingotsa du eta ehundura larrukarakoa. 


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...