Onddoak

Onddo mingotsa
Tylopilus felleus

Espezie honen zapore mingotsa dela eta, latineko “fel” (bilis)-etik datorkio bere izena. Onddo honen kanpoko koloreak nahiz mamiarenak Boletus edulisen antza du. Perretxikozale askok Boletus arrunta delakoan etxera eraman eta jaterakoan, bere zapore mingotsa dela eta ustekabeko ederra hartzen dute. Izan ere ale bakar batek beste guztien zaporea aldatzen du, platerkada guztiz hondatuz. Jangarria den beste espezie batekin ez nahasteko beharrezkoa da bere ezaugarri morfologikoetan eta kolorean arreta jartzea.

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Tylopilus felleus

Artikuluari buruz
Egilea: Ostaizka Aizpurua
Sorrera: 2012/02/17
Azken eguneraketa: 2012/02/17
Bisita-kopurua: 1685

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Basidiomycetes
Ordena: Boletales
Familia: Boletaceae
Deskribatzailea: (Bull.) P. Karst. (1881)
Sinonimoak
Boletus alutarius
Boletus felleus
Tylopilus alutarius
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Txapelak 6-15 cm-ko diametroa du, eta hasieran hemisferikoa izan arren, gero ganbildu egiten da, eta azkenik laua bihurtzen da. Kutikula matea eta lehorra da. Hori-arre kolorea hartzen du, batzuetan besteetan baino argiagoa da. Giro lehorrean zartatu egiten da.

Estipea

Hanka zilindrikoa (15x15cm) eta klabiformea da, oinaldea erraboilduna. Okre horixkatik arrerako koloreak hartzen ditu, sarea berriz marroi iluna da. Sarea lodia eta zakarra da, eta belztu egiten da zahartzen denean.

Mamia

Mamia trinkoa eta zuria da, aireak ukitu arren kolorez aldatzen ez dena. Ez du usainik, baina zapore oso mikatza du.


Mikromorfologia

Esporak

Tylopilus generoaren ezaugarri nagusia esporen kolorea da. Okre-arrosak dira eta  heltzean kolore berdinez tindatzen dituzte hodiak. 12-16 x 4-5 μm-koak dira.


Ekologia

Habitata

Koniferoen eta hostozabalen basoetan ateratzen da, lurzoru azidoetan. 

Perretxiko-garaia

Udaratik udazken bukaera arte aurkitu daiteke.

Jateko balioa

Erabat mingotsa da perretxiko hau.

Antzeko espezieak
Boletus edulis

Onddo mingotsaren kanpoko koloreak nahiz mamiarenak Boletus edulisen antza duen arren, onddo mingotsaren poroak arrosaxkak bihurtzen dira eta oina erretikulatua da.

Udazkeneko onddozuria ( Boletus edulis )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...