Albisteak

Fracking-ari buruzko hitzaldi-zikloa Euskalnaturaren eskutik
Martxoaren lehen hiru asteazkenetan emango dira hitzaldiak, EHUren Leioako kanpuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean

2014/03/05
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

Kalapita eragin du fracking-aren gaiak gurean. Haustura hidrauliko gisa ere ezagutzen dena, fracking-a presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hautsiaz lurzorutik petrolioa edota gas naturala bezalako gaiak erauzteko teknologia da. Zalantza handiak daude fracking-aren egokitasunaren inguruan, batez ere ingurunearengan duen eraginagatik. Besteak beste, urpeko urak eta akuiferoak kutsatzen dituela salatzen da. Afera honen inguruan sakontzeko, Euskalnaturak  “Eta zuk, ba al dakizu zer den fracking-a?” hitzaldi-sorta antolatu du fracking-a eta eredu energetikoa ardatz hartuta.


Fracking-ari buruzko hitzaldi-zikloa Euskalnaturaren eskutik
Hitzaldi-sortaren posterra

Martxoaren 5ean izango du abiapuntua hitzaldi-zikloak eta martxoko hurrengo bi asteazkenetan emango zaio jarraipena, martxoaren 12an eta 19an alegia. Hitzaldiak EHUren Leioako kanpusean dagoen Zientzia eta Teknologia Fakultateko 1.2 gelan izango dira, eguerdiko 12etan guztiak ere. Hitzaldi hauen helburu nagusia ikuspuntu ezberdinetatik parte hartzaileei informazio zientifiko-teknikoa eskaintzea da, fracking-aren inguruan hausnarketa sustatzeko.

Martxoaren 5eko hitzaldia Aitor Urresti ingeniari industrialaren eskutik etorriko da. Martxoaren 12ko eta 19ko hitzaldiak Inma Mugerza geologoak eta Mikel Otero “Fracking ez Araba” elkarteko kideak emango dituzte, hurrenez hurren. Euskalnaturatik gonbitea luzatu nahi diogu fracking-aren gaian interesa duen inori hitzaldi-zikloan parte hartzeko.


Bideoak


Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...