Albisteak

Mimetismo batesiarra sirfidoetan
Inongo arriskurik gabeko hainbat animalia espeziek erabilitako engainua

2018/05/29
Mikel Yarza Unamuno
Iruzkinik ez
bisita

Zenbat aldiz beldurtu ote da jendea argazkiotan agertzen diren intsektuengatik? Hiruretatik bakarrak du, ordea, gu ziztatzeko ahalmena. Eskuineko irudikoa erlea den bitartean, beste biak dipteroak dira: euli eta eltxoen ordenekoak. Orden horren barruan sirfidoak eta bonbilidoak sartzen dira (Syrphidae eta Bombilidae familia), mimetismo batesiarrean espezializatu diren bi familia.


Mimetismo batesiarra sirfidoetan

Negua pasa eta lehen landare espezieak loratzen hasten direnean, horiekin batera intsektuak ere lozorrotik irteten dira, eta lore multzoetan polinizatzaile ugari ikusteko aukera izaten dugu. Horietako gehienek erle edo liztor itxura izaten dute eta gutako askori iruzur egiten. Hau da, hain zuzen ere, beraien helburua. Mimetismo batesiarra hainbat organismok hartutako estrategia da. Nahiz eta inori kalterik egiteko gaitasunik ez eduki, organismoek inguru berean bizi eta benetan arriskutsu diren beste espezieak imitatzen dituzte. Askotan, gainontzeko bizidunei arriskutsu direla abisatzeko ezaugarri deigarriak bere eginez.

Dipteroetan zentratuz, Syrphidae familiako eulien kasua dago. Familia horretako espezie askok himenopteroak imitatzen dituzte: beraien kolore hori eta beltzen patroiak. Izan ere, himenoptero batzuek (erle, liztor eta inurriak dira ezagunenenak) benetako pozoia erabiltzen dute, bai defentsarako eta bai ehizerako. Diptero edo euli horiek, gainera, ohituretan ere badute antza gehienak polen eta nektarraz elikatzen baitira, eta imitatutako espezieen artean ibiltzen dira loreetan. Espezie taldea bereizteko modu on bat begiei erreparatzea da. Sirfidoek, euli askok bezala, askoz ere begi handiagoak diituzte eta buruaren zati handiena okupatzen diete kasu batzuetan atzealdean batu arte. Erle eta liztor espezieek, aldiz,  finagoak dituzte. Horretaz gain, benetako himenopteroek antena luzeagoak dituzte.

Euli spezie horien biologiak beste interes bat du gizakiontzat. Larba fasean duten elikadurari dagokionez, bizitzako lehen fase horretan landare asko hainbeste kaltetzen dituzten afidoetaz elikatzen dira.

Azkenik, aipatu behar da benetako defentsadunei ere askotan behar baino beldur handiagoa diegula. Gizakia ez da espezie interesgarria erle, liztor, inurri, suge edo bestelakoentzat. Kontuan izan behar da horrelako animalientzat gu ziztatzea arriskutsua izan daitekeela (hilgarria batzuetan) eta oso kasu konkretu batzuetan erasoko digutela. Horretarako, euren burua (edo koloniarena) arriskuan eta ihes egiteko aukerarik gabe ikusi behar dute. Hori kontuan izanda, gal diezaiegun beldur pixka bat eta goza dezagun eurak ikusteaz, kolore eta ohitura interesgarriak dituzte-eta!

 

Iturria: ulum.es

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...