Albisteak

Airearen kutsadura: XXI. mendeko gerra zikina
Munduko Osasun Erakundeak kaleratu duen txostenaren arabera, atmosferaren kutsadurak 2012an 7 milioi heriotza eragin zituen

2014/03/27
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

Martxoaren 25ean Munduko Osasun Erakundeak (MOE) kaleratutako txostenak alarma piztu du aire-kutsaduraren inguruan. Txostenak dioenez, airearen kutsadurak eragindako heriotzen estimazioak labur gelditu dira eta zuzenean esleitzen zaizkion heriotzak egundaino uste zena halako bi dira. Ingurumenari lotutako heriotza kausa nagusia bilakatu da aire-kutsadura eta 2012 urtean munduan hildako zortzi lagunetik baten erantzule da.


Airearen kutsadura: XXI. mendeko gerra zikina
Trafiko-murrizketak ezarri ziren Parisen iragan astean airearen kutsaduragatik

Txostenean aurkeztutako datuen arabera, aire kutsadurak gaitz kardiobaskularrengan eta kantzerrarekin lotura du. Gainera, arnasbideko infekzio larriak eta biriketako gaitz kronikoak eragitearen erantzule ere bada aire kutsadura. Estimazio berrietan aurreko azterketek barne hartzen ez zituzten landa-eremuak ere barneratu dira. Hala, airearen kutsadurak  heriotza gehien Asiako hego-ekialdean eta Ozeano Barearen mendebaldeko eskualdeetan eragin zituela adierazi du MOEk.

Aire-kutsaduraz hitz egitean kanpoko kutsadura (etxetik kanpo pairatzen dena) eta barne kutsaduraz (etxe barruan izaten dena) bereizten dituzte adituek. Pentsa genezakeenaren aurka, etxe barruan pairatzen den kutsadura da heriotza gehienen eragilea. “Arnasten dugun airea garbitzeak gaixotasun askoren dispertsioa mugatzen du, batez ere emakumeen, haurren eta zaharrenen gisako arrisku-taldeetzat”, baieztatu du MOEren izenean Flacia Bustreok. “Etxean denbora gehiago pasatzen dutenez, emakume eta haur behartsuak dira etxe barruko kutsadura gehien pairatzen dutenak, batez ere ikatza eta egurra erabiltzen duten berogailuengatik eratorritakoa dena”. Orotara, munduan 2.900 pertsonak darabiltzate halako berogailuak eta 2012 urtean 4,3 milioi heriotza eragin zituen barne kutsadurak.

Kanpo kutsadurari dagokionez, 3,7 milioi heriotza egozten zaizkio etxetik kanpo arnastutako aire kutsatuari. Jende asko bi motatako kutsaduren eraginpean bizi denez, orotara aire-kutsadurak eragindako heriotza kopuru totala kutsadura bakoitzak eragindako heriotzen batura baina txikiagoa da.

Iturria: MOE

Estekak

MOEren emaitzen laburpena

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...