Albisteak

Martxan da EAEn frackinga debekatzeko sinadura-bilketa kanpaina
Ekimenak 30.000 sinadura behar ditu datozen lau hilabeteetan Herri Ekimen Legegilea Eusko Legebiltzarrera iritsi dadin

2014/03/20
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

EAEn fracking bidezko ustiaketen debekua erregulatzea helburu duen Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadura-bilketa kanpaina aurkeztu du Fracking Ez plataformak prentsaurrekoan gaur, martxoak 20, Gasteizen. Prentsaurrekoarekin plazaratu nahi izan dituzte HEL horrek aurrera egiteko bete beharreko baldintzak eta, bidenabar, Gasteizen dagoen frackingaren aurkako bulegoa ere ireki dute. Datozen asteotan 30.000 sinadura bildu beharko dira HEL hori Eusko Legebiltzarrera sartuko bada.


Martxan da EAEn frackinga debekatzeko sinadura-bilketa kanpaina
Fracking Ez plataformako kideak, gaur Gasteizen

Fracking Ez plataforma izango da sinadura-bilketa koordinatuko duena eta sinatzeko egunen eta tokien berri emango du bere webgunean (frackingez.org/eu). Lehen sinadura-bilketak gaur hasiko dira, arratsaldeko 7etan, frackingaren aurkako bulegoan bertan. HELarekin hainbat helburu bete nahi dituzte Fracking Ez plataformatik. Webgunean adierazten dutenez, “lehenik eta behin, bai frackinga bai ez ohiko baliabideen ustiapena debekatzea da”. Baina, are gehiago, frackingari lotutako arazo guztien berri eman eta  alderdi politikoek frackingaren aurrean duten jarrera azaleratzeko presioa egin nahi dute kanpaina honekin.

Frackinga edo haustura hidraulikoak helburu du lurpeko gas eta petroleoa erauztea zundaketak eginez. Zundaketa horietan ura eta zenbait gehigarri kimiko putzuetan sartzen dira presio handiarekin lurzorua zartatu eta bertako lehengaia eskuratzeko. Ingurumen aldetik askotariko kalteak eragiten dituela uste da, ordea. Kalte horien artean aipatu daitezke akuiferoen kutsadura, lurpeko erradioaktibitatearen eta metanoaren askapena, uraren erabilera masiboa eta lurraldearen gehiegizko okupazioa.

Iturria: Argia

Estekak

Fracking Ez plataforma
HELaren dokumentua

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...