Albisteak

Mehatxu “berria” ozono geruzarentzat
Zenbait zientzialarik ozono geruzaren agortzean eragiten duten artifizialki sortutako lau gas topatu berri dituzte

2014/03/13
Miren Atristain
Iruzkinik ez
bisita

Ozono geruza lur azaletik 15-30 bat kilometrotara kokatuta dagoen geruza da, eta funtzio bereziki garrantzitsua betetzen du izpi ultramoreen blokeoan. Izan ere, aipatutako izpiek minbizia sortaraz dezakete gizakian, bai eta ugalketa arazoak gainontzeko animalietan. Hori horrela, ozono geruza kaltetzen (hain zuzen zulatzen) duten faktoreen azterketak interes berezia sortu du aspalditik, honen inguruko ikerketak 80. hamarkada inguruan hasi zirelarik.


Mehatxu “berria” ozono geruzarentzat

British Atlantic Survey-ko zientzialariak izan ziren 1985ean Antartida inguruko ozono geruzaren zuloa lehenengoz deskubritu zutenak. Hortik abiatutako ikerketen ebidentziek, 1920an sortutako klorofluorokarbono (CFC) deritzen  hidrokarburoen eratorriak jo zituzten geruza hondatzearen eragile nagusitzat. CFC gasek garrantzi industrial handia dute, batez ere hozkailuen hozte-sisteman eta aerosolen propulsatzaile moduan erabiltzen direlako.

Hori dela eta, kalte horiek ekiditeko asmoz, ustezko eragile horien erabilera mugatzea erabaki zen 1987an Montrealgo Protokoloa adostearekin batera. Urte batzuk beranduago, 2010ean hain zuzen, produktu horiek erabat debekatu ziren.

Hala ere, East Anglia Unibertsitateko zenbait ikerlarik burutu berri duten azterketa batean (gaur egungo eta iraganeko laginak erabiliz) ozono geruza kaltetu dezaketen eta isurketa jatorri ezezaguna duten lau gas deskribatu dituzte. Horietatik hiru CFC gasak dira (CFC-112, CFC112a, CFC-113a), eta bestea, hidrofluorokarburoa (HCFC-133a). Dr. Johannes Laube ikerlari nagusiaren arabera, “aipatutako lau gas hauek 1960 inguruan agertu ziren lehenengoz atmosferan, eta datu horrek, artifizialak (gizakiok sortutakoak) izan daitezkeela iradokitzen du”. Guztietatik CFC-113a omen da arriskutsuena, eta guztiz ziurra ez den arren, badirudi intsektizidak direla bere jatorria. 

 Estimazioen arabera, jada gas horien 74.000 bat tona igorri izan dira atmosferara, eta hauen degradazioa nahiko geldoa dela kontutan hartuta, lau gas horien erabilera etengo balitz ere, ozono geruzak mendeetan zehar pairatuko luke haiek eragindako kaltea. Hori dela eta, “arrisku gehiago ekiditeko”, Johannes Laube doktoreak “gas horien jatorria ezagutzea derrigorrezkoa dela azpimarratu du”, horien erabilera debekatu edo behintzat, mugatzeko.

Iturria: BBC

Estekak

Jatorrizko artikulua

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...