Albisteak

Ozeanoetako arrain pelagikoen biomasa uste baino handiagoa izan daiteke
Arrain mesopelagikoen mundu mailako biomasa totala 10 aldiz handiagoa izan daitekeela kalkulatu da

2014/02/10
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

Arrain mesopelagikoen taldea ozeanoetako uretan 200-1.000 m-ko sakonera artean bizi diren espezieek osatzen dute. Egundaino, estimazioek ozeanoetako arrainen biomasa totala 2.000 milioi tona inguruan ezarri izan dute eta arrain mesopelagikoak biomasa horren erdia osatuko zuketen. Plazaratu berri den ikerketa baten arabera, ordea, arrain mesopelagikoei dagokien biomasa uste baina askoz ere handiagoa da.


Ozeanoetako arrain pelagikoen biomasa uste baino handiagoa izan daiteke
Morfologia bitxiak agertzen dituzte arrain mesopelagikoek

Arrain mesopelagikoek ozeanoaren gune afotikoan igarotzen dute eguna, non eguzkiaren argirik ez den iristen. Gauez ur azalera igotzen dira elikatzeko eta ezagutzen den animalia-migrazio handienetakoa da eurena. Biosferako ornodun ugarienak diren arren, arrantzatzen ez direnez ez dute interes komertzial handirik pizten eta hein handi batean ezezagun samarrak zaizkigu. Hala eta guztiz ere, itsasoaren ekologian funtsezkoak dira, esate baterako, tunidoen elikaduraren oinarrietako bat direlako. Arrain mesopelagikoen adibide ditugu linterna-arrainak (Myctophidae) eta ziklotonidoak (Gonostomatidae).

AZTI-Tecnaliako Xabier Irigoien buru izen duen ikerketak ondorioztatu du arrain mesopelagiko horien biomasa egundaino estimatu izan dena baino 10 bider handiagoa izan daitekeela. Nature Communications aldizkarian argitaratu duten ikerketan azaldu gisan, arrain mesopelagikoek ur sakonetarako migrazioan garraiatzen duten karbono dioxidoaren eta ur sakonetan arnasten duten oxigenoaren kalkuluekin iritsi dira ondorio horietara. “Arrain horiek materia organikoaren ibilbidea azkartzen dute ur azaletik ur sakonetara”, azaldu du Irigoienek.

Ikerketa osatzeko Malaspina espedizioan bildutako datuak erabili dituzte. “Eskuratutako emaitzek nabarmentzen dute arrainen biomasak horrek ozeanoetako ziklo biogeokimikoetan jokatzen duen rola berriz aztertu behar dela”, adierazi du Irigoienek. “Baliteke arrain horiek ur sakonetako produkzio primarioaren %1-10 inguru arnastea”. Arrain mesopelagikoak izan daitezke erantzule, gainera, ur sakonetan neurtu den bakterioen arnasketa-tasa harrigarriki altuarena.

Iturria: CSIC

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...