Albisteak

Adaptazio postnuklearra: Txernobylgo txorien adibidea
Hondamendia gertatu zenetik ia 30 urtera, Txernobylen bizi diren hegaztiengan erradioaktibitatearekiko adaptazio zantzuak behatu dira

2014/05/08
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

1986ko apirilaren 26a, Txernobylgo zentral nuklearreko 4. unitatea lehertu eta historiako hondamendi nuklear handiena gertatu zen eguna. Igorritako erradioaktibitateagatik zentraletik 30 km-rako eremu guztia ebakuatu egin zen eta egundaino itxita dirau. Giza eta osasun-hondamendiaz gain, ingurumenarentzat ere kolpe handia izan zen zorigaiztoko leherketa. Zentralaren inguruko basoak hil egin ziren denbora gutxira, esaterako. Denboraren poderioz, ordea, gizakiak utzitako tokia berreskuratzen joan da natura eta, horren erakusle, erradioaktibitatearekiko adaptazioak garatu dituzte zenbait espeziek.


Adaptazio postnuklearra: Txernobylgo txorien adibidea
Giza dekadentziaren irudia da egun Txernobyl

Hiri hila da egun Txernobyl. Zentralaren hondarrak kupula erraldoi batez estaltzeko planak aurrera egin arren, ez da berehalakoan berpiztuko hiri abandonatua. Horren aurrean naturak bere bidea egin du. Zenbait hegazti arraro behatzen dira bertan etaPrzewalski zaldiak eta otsoak ere badira. Baina erradioaktibitatea presente da oraindik, eta bere eragina zuzena da naturarengan. Landare eta animalien ugaritasuna, banaketa eta mutazio-tasak anormalak dira eta zientzialariek behatu dute, esaterako, bertan bizi diren txorien zerebroak txikiagoak direla eta begi-lausoak dituztela. Intsektu, mikrobio eta bestelako deskonposatzaileen jokamoldea ere normaltasunetik urruntzen da.

Panorama honen aurrean, haatik, Txernobylen dirauen erradioaktibitatearekiko adaptazioak garatu dituzte zenbait espeziek. Hain zuzen ere, hori da Ismael Galván ikerlariak (Paris-Sud Unibertsitatea, Frantzia) zuzendutako ikerketak erakutsi duena. Horretarako, 16 espezietako 152 txori aztertu ditu Galvánen lantaldeak, guztiak ere Txernobylgo esklusio-gunearen barruan. Hegaztiei odol-laginak hartu dizkiete erradioaktibitateak DNA zenbat kaltetzen dien behatzeko eta gorputzean duten antioxidatzaile kantitatea neurtzeko. Gainera, hegoetako feomelanina edukia ere neurtu diete.

Functional Ecology aldizkarian plazaratu dituzten emaitzek baieztatzen dute erradioaktibitate altuko guneetako hegaztiek antioxidatzaile kantitate altuagoa dutela, faboratua izango litzatekeena DNA inguruneko erradioaktibitatetik babesteko. “Dakigunaren arabera, lehen aldia da erradiazio ionizatzailearen aurkako adaptazioa behatzen dena”, adierazi dute ikerlariek. Kaskabeltz handien (Parus major) eta enara arrunten (Hirunda rustica) kasuan, aldiz, aurkako joera behatu dute. Bi espezie horien erradioaktibitate altuko guneetako aleek egoera kaskarragoa azaltzen dute. Hegazti horiengan ohikoa baina feomelanina gehiago neurtu dute hegoetan. Pigmentu hori ekoizteko antioxidatzaileak erabiltzen dituztenez, baliteke hegaztiek DNA babesteko antioxidatzaile nahikorik pilatu ahal ez izatea.

Inork pentsa lezake berri onak direla Txernobylgoaren ondorengo hondamendien aurrean naturak aurrera egiten duela ikustea. Horren harira, ikerlariek nabarmendu nahi izan dutenez, “Txernobylgo populazioengan, hegaztiengan bereziki, erradioaktibitateak izan duen eragina kaltegarria izan da”.

Iturria: Science News

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...