Albisteak

Erlauntz galduaren bila
Erleak gai dira erlauntzerako bidea gogoratzeko

2014/06/05
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

Hegazti eta ugaztunek zerebroan mapa kognitiboak garatzen dituzte ezagunak dituzten tokietako erreferentziak erabiliaz orientatzeko. Erleen kasuan ez zen uste, inondik inora, zerebroak orientaziorako gaitasuna ematen zienik, izan ere, egituraz oso desberdina da intsektuen zerebroa ugaztunenen eta hegaztienen  aldean. Horren ordez, egundaino uste izan da erleak erlauntzerako bidea aurkitzeko eguzkiaren posizioaz baliatzen zirela. Kaleratu berri den ikerketa bat, ordea, baieztatzera dator erleek eguzkiaren posizioaz haratago, gaitasuna dutela euren zerebroan eraikitako mapak erabiltzeko erlauntzera itzultzerakoan.


Erlauntz galduaren bila
Erlea (Apis mellifera), etxera bidean

Erleak gai dira egunean 2000 lore bisitatzeko nektar bila eta ezaguna da euren artean nola pasatzen dioten loreen kokalekuari buruzko informazioa nolabaiteko dantzen bidez. Dantza horiek eguzkiarekiko duten kokalekuan oinarritzen da, hain zuzen ere, loreen kokalekuari buruzko informazioa. Eguzkiak erleen iparrorratz gisa jokatzen duela esan daiteke, beraz. Baina erleek badute orientaziorako darabilten sistema gehigarria ere, funtzionamenduz hegaztiek eta ugaztunek erabiltzen dutenaren hain desberdina izango ez zena.

Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian kaleratu denez ikerlariek zenbait ale anestesiaz lokartu zituzten sei orduz, euren erloju biologikoa atzeratzeko eta horrela eguzkiaren posizioa orientazioan lagungarri ordez nahasgarri suerta zedin. Baina, erlojua atzeratuta zuten eta, ondorioz, eguzkiarekiko orientazioa trabatuta zeukaten erleek ez zuten denbora gehiago behar izan erlauntzera itzultzeko. “Frogatu dugu badutela mapa kognitiboak eratzeko gaitasuna”, adierazi du ikerketako partaide izan den Randolf Menzel-ek (Berlingo Unibertsitate Librea, Alemania). “Bidaiaren hasieraren eta amaieraren eta euren kokapenaren inguruko informazioa aurretiaz ezagutzen dituzten mugarri geografikoekiko daukaten erlazio geometrikoaz ebazten dute”.

Erleen jarraipena egiteko radar harmonikoa erabili dute ikerlariek. Tramankulu hau gai da erle baten hegaldia jarraitzeko kilometro bateko distantziara aurretiaz erleen toraxean transmisore bat ipiniz gero. Kasu honetan, erleak erlauntzetik 400 m-ko distantziara askatu ondoren egin zituzten neurketak.

Iturria: BBC

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...