Albisteak

Izaki bizidun erraldoi bat hiltzen ari da
"Pando" izena ipini dioten superorganismo honek ezingo du egungo belarjaleen presioa jasan

2017/12/07
Mikel Yarza Unamuno
Iruzkinik ez
bisita

Batzuen esanetan munduko izaki bizidun handiena dena, “Pando”, arriskuan dago milaka horzkaden eraginez. Izan ere, zuhaitz bakarrez osaturiko baso hau orain arte jasan ez duen orein populazioa ari da jasaten. Oreinek irteten diren zuhaitz berriak jaten dituzte, basoari berriztatze naturala etenez. Hori dela eta, kolonia erraldoi hau pixkanaka hiltzen ari da.


Izaki bizidun erraldoi bat hiltzen ari da

“Pando” Izakia plantetan daukagun izaki handiena da. Ez da indibiduo bakarra, kolonia oso bat baizik. Zuhaitz hauek Europan daukagun lertxunaren (Populus tremula)  antzekoak dira (Populus tremuloides) eta nahiz eta gain-begirada bat botaz baso arrunt bat ematen duen zuhaitz indibidual guztiak sustraien bidez lotuta daude super organismo bat osatuz. Izan ere, izaki bakar kontsideratzen da guztiak direlako genetikoki  berdinak. Askoren esanetan ere existitzen den izaki zaharrena da, 80 mila urteko adina duela estimatzen baitute. 

Kolonia hau Estatu Batuetan dago, Utah estatuko erdialde- hegoaldean eta 43 hektareako baso bat osatzen du. Gaur egun aipatzen dugun egoeraren arrazoia basoa zahartzen dagoela da, eta hau ez da basoak berriztatze ahalmena galdu duelako gertatu, belarjaleek eragindako presioa handitu delako baizik. Izan ere, bertako oreinek azken hamarkadetan gorakada garrantzitsua jasan dute eta populazio honek elikatu beharra dauka. Oreinek txorten edo zuhaitz helduak bakean uzten dituzte, ezin baitira hauen kimu gazteetara iritsi, baina behetik datozen txorten berriek ez dute hazteko aukerarik izaten, irten bezain laster jaten baitituzte. Honen ondorioz indibiduo zaharrez baino osatzen ez den baso bat daukagu, generazio berriak falta zaizkiona.

Txorten zahar gehienek 110 eta 130 urte inguru dauzkate, espezie honentzat bizi itxaropen arrunta dena, eta basoko lurrean zuhaitz hil ugari daude (basoaren beste elementu garrantzitsu bat) baina ez da bizi berririk ageri.

Beste behin, gizakiak gaude honen atzean. Izan ere, oreinen gorakada hau azken hamarkadetako gertakari bat da, eta honen arrazoia gizakiak bere harrapari nagusiak kendu dituela izan da. Otso gabe populazioak bere kontrol naturala galdu du, eta kopurua igotzeaz aparte beraien portaera ere aldatu da. Gaur egun ez dute harrapariez kezkatu beharra eta lasai asko ibitzen dira janaria aukeratuz eta zonalde bat erdi jana utzi ordez guztiz jaten dituzten topatutako ale guztiak.

 

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...