Albisteak

Termodinamikari aurre egiten dion salbuespena
Laser-argitan harrapatutako nanopartikula batek termodinamikaren bigarren legea hausten duela behatu da

2014/04/01
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

Termodinamikaren bigarren printzipioak dioenez sistema baten desordenak edo entropiak berez emendatzeko joera du, hau da, sistema orok desordenerako joera espontaneoa du. Eskala makroskopikoan bete-betean betetzen dira termodinamikaren legeak. Atomo eta molekulen mundura sartuz gero, ordea, lege horiek zalantzan jartzen dira batzuetan. Horren adibide dugu nazioarteko ikerlari talde batek kaleratu duen lana, zeinak erakutsi duen nola laser-argitan harrapatutako nanopartikula batek, inguruan duen gasa baina hotzago egon arren, gas horri beroa transmititu diezaiokeela.


Termodinamikari aurre egiten dion salbuespena
Partikula hotzak nolatan gas beroa berotu?

Nature Nanotechnology aldizkarian kaleratu dutenaren arabera,100 nm-ko diametroa duen kristalezko nanopartikula bat laser-argi bioletaren bidez harrapatu eta espazioko puntu batean airean sostengatu dute. Nanopartikula hori inguruan duen gasarekin etengabeko talkan mantentzen delarik, ikerlariek tranpan dagoen nanopartikula hoztea lortu dute. Hozketa-sistema itzaltzean, ikerlariek behatu dute nola nanopartikulak inguruko gasetik beroa jasotzen duen tenperatura biak berdindu arte, hasiera batean espero zitekeen bezala. Hala eta guztiz ere, kasu batzuetan neurtu dute beroaren transmisioa ez dela gasetik nanopartikularanzkoa izaten, alderantzizkoa baizik. Fenomeno horrek termodinamikaren bigarren legea hausten du, izan ere, nanopartikula egoera ordenatuagora (hotzagora) pasatzen da gasari beroa transmititzean.

Emaitzek agerian uzten dute termodinamikaren legeek eskala nanometrikoan euren mugak dituztela eta esparru horretan aplikatzeko berrikusiak eta eraldatuak izan behar direla. Eskala horretan kokatzen dira, esate baterako, izaki bizien zelulak edota gailu nanoteknologikoak eta ikerlariek azpimarratu nahi izan dute elementu horien portaera maiz inguruan dituzten molekulek eragindako zorizko joan-etorri termikoen menpe egon daitekeela. Eskala horretan termodinamikak nola funtzionatzen duen ulertzea zinez funtsezkoa da, beraz.

Iturria: Agencia SINC

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...