Albisteak

Argitik materia sortzeko bidean
Duela 80 urte formulatutako teoriari diseinu esperimentala eman diote zientzialariek

2014/05/24
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

Breit eta Wheelerek 1934an iradoki zuten bi argi partikularen edo fotoiren arteko talkatik posiblea izan zitekeela elektroi eta positroi bana sortzea. Nahiz eta teoriak berak zentzua duen eta argitik materia sortzeko inoiz proposatu den teoria sinpleena izan arren, ikerlariek ez zuten uste inoiz frogagarria izan zitekeenik, izan ere, energia kantitate izugarria behar da esperimentua egiteko. Orain, fisikari talde batek Breit eta Wheeler-en teoria testatuko duen esperimentua proposatu dute, egungo teknologiarekin egingarria dena.


Argitik materia sortzeko bidean
Argitik materia sortzeko energia handiko fotoiak sortzean dago gakoa

Nature Photonics aldizkarian plazaratu gisan, argitik materia sortzea unibertsoaren sorrerako lehen 100 segundoetan garrantzitsua izan zen fenomenoa da. Unibertsoko leherketa handienetan ere, gamma izpien artekoetan, behatzen dira halako fenomenoak. Londoneko Imperial College-ko (Ingalaterra) Steve Rose ikerlariak adierazi duenez, “fisikari guztiok Breit eta Wheeler-en teoria onartzen dugu baina eurak izan ziren teoria laborategian inoiz frogatuko zenik ukatu zuten lehenak. 80 urte beranduago, oker zeudela baieztatzera gatoz”.

Proposatu duten talkagailuan bi pausutako esperimentua gertatuko litzateke. Lehenik eta behin, intentsitate handiko laser argiaren bidez elektroiak azeleratuko lituzkete, doi-doi argiaren abiaduraren azpitik jarri arte. Orduan, elektroi horiek urrezko xafla baten aurka jaurtiko lirateke eta talkaren ondorioz argi ikusgarria baina mila milioi aldiz energia altuagoko fotoiak sortuko lirateke. Bigarren pausuan, urrezko ontzi baten barruko gainazala laser bidez berotuko lukete, erradiazio termiko eremu bat sortzeko eta izarrek igortzen dutenaren antzeko argia sortzeko. Lehen pausuan sortutako fotoiak bigarren pausuan sortutakoen aurka jaurtitzean elektroi eta positroiak sortuko lirateke eta materia partikula horiek detektatu egingo lirateke urrezko ontzitik ateratzean.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...