Albisteak

Ba al dago eboluzioa aurresaterik?
Makila-intsektuak galderaren erantzule

2014/05/20
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

Denboran atzera egingo bagenu, izaki bizidunek berdin eboluzionatuko al lukete? Egungo puntu berdinera iritsiko al ginateke? Bada ikerketarik baieztatzen duena baldintza berdinen eraginpean izaki bizidunek norabide berean eboluzionatzen dutela. Horren adibide, azken glaziazioaren ondoren lakuak eta ibaiak kolonizatu dituen espinosoa dugu, izan ere, mundu mailan kolonizatu dituen gune desberdinetan behatu da arrain espezie horrek ezkatak galdu dituela eta finagoa egin dela. Bestalde, intsektu espezie desberdinek genomako eskualde berean mutazio berdinak pilatu dituzte eboluzioan zehar, landare toxikoez elikatzea baimentzen dietenak. Adibide horiek, ordea,  salbuespen dira, eboluzioa zinez zorizkoa omen da. Hori baieztatzera dator makila-intsektu espezie batekin egindako ikerketa.


Ba al dago eboluzioa aurresaterik?
Makila-intsektuaren bi formetako bakoitza bere ostalariarekiko dago egokitua

Kalifornian (AEB) bizi den Tinema cristinae makila-intsektuak bi forma edota ekotipo desberdin garatu ditu ostalaritzat duen landare espeziearen arabera. Forma bat hosto zabaleko landare espezie batean bizi da eta bestea, aldiz, hosto findun batean. Forma biek ere morfologia desberdina garatu dute norberaren ostalariaren hostoekin mimesi bidez kamuflatzeko. Sheffield-eko Unibertsitateko (Ingalaterra) Patrik Nosil-en lantaldeak makila-intsektu espezie horretako hainbat ale aztertu ditu, ekotipo bietakoak eta toki desberdinetan bilduak, euren genoma sekuentziatu eta ale bakoitzak bere ostalariaren hostoekiko mimesia nola garatu duen ebazteko.

Science aldizkarian kaleratu duten lanean biltzen denez, ekotipo desberdinen artean diferentzia nabarmenak aurkitu dituzte genoma mailan. Espero zitekeen emaitza horretaz gain, ordea, ekotipo berdineko aleen artean ere diferentziak aurkitu dituzte. Zehazki, ikerlariek ondorioztatu dute ekotipo berdineko aleen genomaren %17 besterik ez dela modu berean aldatu. Datu horiek iradokitzen dute ostalariarekiko espezializazioak bultzatutako eboluzioa hein txiki batean aurresangarria izan daitekeen arren, eboluzio horretan zoriak pisu handiagoa duela.

Horrez gain, ekotipo bateko intsektuak beste ekotipoaren ostalari den landarera pasatzean eta intsektu horien ondorengotza aztertzean ikusi dute biziraun duten ondorengoek DNAko gune zehatz batzuetan mutazioak pilatu dituztela. Gune horiek bat datoz, hain zuzen ere, ekotipo bien arteko desberdintasuna markatzen duten eskualdeekin. Datu horrek adieraziko luke ekotipo bien arteko desberdintasuna azaltzeko zoriaz haratago hautespen naturalaren pisua handia dela. Beste hitzetan, esan liteke ekotipo desberdinen agerpena hautespenak bultzatutako gertakari aurresangarria dela baina ekotipo horietako bakoitzak bere ostalariarekiko mimesia garatzeko zorizko bidezidor desberdinak har ditzakeela.

Iturria: Science

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...