Albisteak

X eta Y, bi hizki gehiago genomaren alfabetorako
Ikerlariak gai izan dira DNAn bi nukleotido artifizial daramatzan bakterioa sortzeko

2014/05/13
Mikel Irastorza
Iruzkinik ez
bisita

DNA harizpi bakoitzak azukre molekulez osatutako bizkarrezurra du eta bertara basea nitrogenatuak atxikitzen dira, elkarrekiko osagarri izanik DNAren helize bikoitza osatzen dutenak. Lau base desberdinez osatzen da DNA, naturan unibertsalak direnak: adenina (A), timina (T), guanina (G) eta zitosina (C). Lau hizki horiengan oinarritzen da proteinen sintesia ordenatzen duen aminoazidoen kodifikazioa eta segida. Bizitzak Lurrean milioika urtetako bidea egin du lau hizkiz osatutako alfabeto horrekin. Orain, zientziak pauso bat haratago eman du eta DNAn gizakiak diseinatutako base artifizialak daramatzan organismo biziduna sortu dute.


X eta Y, bi hizki gehiago genomaren alfabetorako
A-T, G-C ... eta X-Y?

Zientzialarien burutan izan da aspaldidanik ia posible izango litzatekeen informazio genetikoa gordetzea naturan agertzen direnez bestelako gai kimikoetan. Bide horretan, 1989an Steven Benner ikerlariak zuzendutako lantaldeak lortu zuen zitosina eta guanina eraldatuak zituzten DNA molekulak sortzea in vitro. Gai izan ziren, gainera, erreakzio-hodietan DNA horren bikoizketa lortzeko, DNA hori RNA gisa transkribatzeko eta RNA horretatik proteinak kodetzeko.

2008an, Scripps Ikerketa Zentruko (Kalifornia, AEB) Floyd Romesberg biologoak zuzendutako lantaldeak ikerketa interesgarria kaleratu zuen, zeinetan gai izan ziren 60 gai kimiko aztertzeko elkarrekiko osagarri eta parekagarri izango ziren esperantzan. Bereziki interesgarri suertatu ziren d5SICS eta dNaM baseak, besteak baina egokiago parekatzen baitziren eta, horregatik, susmoa piztu zen DNAren helize bikoitzaren barruan txertagarriak izan zitezkeenarena eta DNA bikoizten eta itzultzen duen makinaria entzimatikoarekin bateragarriak izango zirenarena.

Nature aldizkarian kaleratu berri duten lanaren arabera, bi base artifizial horiek izaki bizidun batengan txertatzeko gai izan dira. Zenbait traba gainditu behar izan dute horretarako. Lehenik eta behin, nukleotido artifizialak zelularen barrura sarrarazteko Escherichia coli bakterioa eraldatu dute alga diatomeo baten proteina bat sintetizatu eta bakterioaren barnealdera base artifizialak ponpa ditzan. Bakterioak ez lituzke, bestela, base artifizial horiek sintetizatuko bere baitan. Base artifizialen fluxua bermatua delarik, plasmido gisa ezagutzen den DNA molekula txiki zirkular bat txertatu diote bakterioari, zeinaren baitan base artifizial bikotea sartua zuten aldez aurretik. Bakterioaren medioan base artifizialen edukia bermatua dela, ikerlariek behatu zuten bakterioak nola plasmidoa bikoizten duen bertan txertatuta dauden base artifizialek horretarako inolako eragozpenik ekarri gabe.

Oraindik ere lanean dihardute zelulara sartutako base artifizial horiekin RNA transkribatzeko eta proteinak ekoizteko. Momentuz, base arrotz horiekin DNA egonkor mantentzea eta belaunaldiz belaunaldi pasatzea besterik ez dute lortu. Hizki gehiagorekin aminoazido gehiago ekoizteko posibilitatea aurreikusten du Romesberg-ek. “Hizki gehiagorekin hitz berriak asma daitezke eta hitz berriekin gauza berriak esan litezke”, adierazi du. Etorkizunera begira teknologia honekin posible litzateke, esaterako, aminoazido toxikoak sortzea proteinak ekoizteko zeintzuek bermatuko luketen tumoreetan kantzer zelulak soilik hiltzea. Ez du uste, haatik, posible denik zerotik base artifizialekin soilik osatutako genoma osatzea, bere aburuz “DNA integratuegia dago zelularen bizitzako edozein aspektutan”.

 

Iturria: Nature

Estekak

Jatorrizko publikazioa
Romesberg-i elkarrizketa (ingelesez)

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...