Odol beltza eskutan

Ardura zaitez! bloga | 2015/06/10 (azken aldaketa: 2015/06/10 ) | Egilea: Garikoitz Perurena | Bisitak: 716
Gako hitzak: Coltan, Koltan, telefono mugikorra, tximeleta efektua

Odol beltza eskutan

Txinatar esaera zahar baten arabera, tximeleta baten hegazkada munduaren bestaldean sentitu daiteke. Alegia, gure ekintza guztiek, baita txikienek ere, ondorioak dituzte. Eta munduaren beste puntan ere eraginak izan ditzakete. Eta, zeinek ez du telefono mugikorrik gaur egun? Honezkero, gailu hau ezinbestekoa da jende askorentzat. Bada, telefono mugikorrek tximeleta efektu ikaragarri bat eragiten dute.

Komunikazio tresna bat baino gehiago da telefono mugikorra pertsona askorentzat. Besoaren apendize bat bailitzan darabilte askok. Beti azken modeloaren bila; abantzuaren gatibu. Izan ere, telefono mugikor batek batez beste 7 urteko bizi-zikloa izan dezakeen arren, gutxik dute egun 7 urte edo gehiagoko telefono bat. Eta ikerketa soziologikoen arabera, gailu berria erosteko arrazoien artean ez ohi da egoten aurrekoa apurtu dela, baizik eta berriak pantaila handiagoa duela, aplikazio gehiago dituela, kamera hobea duela edo, besterik gabe, politagoa dela. Baina deiak egin eta jaso, hori guztiek egiten dute.

Gaur egungo aparatu elektronikoak bezalaxe, telefono mugikorrak egiteko Columbio eta Tantalio mineralen aleazio bat behar da, Koltan izenez ezagutzen dena. Lehengai hau batez ere Afrika erdialdetik erauzten da, Kongoko meatzetatik. Meatze hauek ustiatzeko oihan tropikalak moztu eta bertako animalia eta landare espezie askoren habitatak suntsitzen dira. Galtzeko arriskuan dauden gorilak mehatxatuz, besteak beste.

Bestalde, nazioarteko hainbat erakundek salatzen dutenez, meatze hauetako nagusiak gerrillari eta militar ohiak izaten dira. Hauek, mineralak salduta lortutako diruarekin armak erosi eta populazioa arrastoan sartuta edukitzeaz arduratzen dira.

Gainera, Manos Unidas erakundearen arabera, langileen artean 7 eta 10 urteko haurrak daude. Noski, meatzetako zuloetatik errazago sartzen dira eta menderatzeko ere errazagoak dira.

Argi dago, beraz, telefono mugikor berri bat erostea erabakitzen dugunean ondorio latzak eragin ditzakegula. Eta zenbat telefono mugikor izan dituzue azken 7 edo 10 urtetan? Honekin ez dut esan nahi zuek zaretenik guzti honen erantzuleak. Besteak beste, dendara joaten zaretenean inork ez dizuelako guzti hau azaltzen.

Baina orain badakizue. Zein erabaki hartuko duzue hemendik aurrera?

Bideoak




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...