Zaharrak berri. El algarrobico.

Ardura zaitez! bloga | 2014/03/28 (azken aldaketa: 2014/04/01 ) | Egilea: Garikoitz Perurena | Bisitak: 1135
Gako hitzak: Algarrobico

Zaharrak berri. El algarrobico.
El Algarrobico hotela. Almeria.

Albistea oraindik azken denboraleak gure kostaldean eragindako zauriak irekita daudenean iritsi da: Almeriako El Algarrobico hondartzan eraikitzen hasi ziren hotelari legezkotasuna aitortu diote. Hamaika urtez eraikitze-lanak etenda egon eta gero gutariko batzuk behintzat pentsatzen hasiak ginen zementuzko gorpu hori kostako ekosistemen defentsaren garaikur bihurtua zela. Inozoak gu.

Zein zaila den kostako eremua zedarritzea, itsasotik zenbateko distantziara bukatzen den kostako ekosistemen lur zatia mugatzea. Lan arrunt nekeza, baina nekeza bezain garrantzitsua. Izan ere ingurune horretan beste inon hazi ezin diren landare eta animalia espezieak bizi dira. Eta espezie horiek bertan egotea garrantzitsua iruditzen ez bazaigu, horietako asko espezie mehatxatuak eta babestuak direlako behintzat haien eskubideak aitortu beharko genizkieke. Eta hala ere, oraindik argudio hori pisurik gabekoa dela uste baduzue, errespeta dezagun itsasoaren ondoko lur zatia gure eraikin eta ondasun materialetan kalterik eragin ez diezagun behintzat.

Baina agintariek ez dute berdin pentsatzen. Ez agintariek ez eta onura ekonomiko neurrigabeak beste ezer bilatzen ez dutenek. Eta horren adibidea da El Algarrobico hotela. Beste garai batzuk gogora ekartzen digun eraikina, adreiluaren garaia, espekulazioa, krisi honetara eraman gaituzten arrazoietako bat. Hau da testuingurua. Eta orain dela gutxi arte oraindik gauzak hobe egiteko aukera bazegoela zirudien, guzti honetatik zerbait ikasi dugula erakusteko aukera. Baina epaileek, indar politikoak xaxatuta, gu guztiok iraganera bidaltzea erabaki dute. Ez gauzak hobe egiteko, ez, baizik eta orain 10 urte estropozu egin genuen harri berdinarekin estropozu egiteko.

Kantak zioen bezala, esperantzara kondenatuta bizi gara. Eta itsasoraren enbatek bakoitzaren eremua zein den erakutsiko digutenaren esperantza daukat. Okerrena? gero kalteordainak guztion diruarekin ordainduko dietela.



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...