Mendiminez

Lightbox Image
EÑAUT IZAGIRREREN BLOGA
 
Geografia ikasketak bukatuta, mendiko gida izateko ikasketak egiten dihardut orain, eta mendiarekin lotura duten prozesu geomorfologiko zein erliebeak ditut gogokoen, glaziologian zein goi-mendietako geomorfologian interes handiena ezarriz. Mendizaletasuna eta Geografia bat datozela iruditzen zait, eta biak uztartzea nahiko nuke blog honetan, irakurleoi informazio osagarria luzatu nahian. 
Gabonetara arte ez neukan sarrera berri bat publikatzeko asmorik, baina gaurko gertakizunak zein mendiarekiko dudan maitasun eta sentimenduek hala behartuarazi naute. Hortaz, gaurko sarrera hau bapatekoa eta espontaneoa izango da, sentimentuz betea.

Mendiminez bloga | 2012/12/14 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 1326 | iruzkin

Annapurna, lehen zortzimilakoa
Annapurnako ipar pareta. Bertan zabaldu zuten lehen bidea, aurrerago bide "normal" bezala ezaguna. Annapurnak baina ez dauka bide normalik, denak ere, sagu-zuloak baitira.

1950eko Ekainak 3, lehen 8.000 metro baino gehiagoko mendia igo zen: Annapurna.

Gailurra Maurice Herzog eta Louis Lachenalek zapaldu bazuten ere, inguruan alpinismo frantziarraren "la creme de la creme" batu zen: esandakoez gain, Lionel Terray, Gaston Rébuffat, Marcel Schatz, Jean Couzy…

Nepal ezezaguna zen garai haietan, eta gailurrera igotzeaz gain, lan geografiko itzela egin zuten Kali Gandhaki haran estuak banatzen dituen bi mazizoetan (Dhaulagiri eta Annapurnakoetan). Beraien lehen aukera Dhaulagiri izan bazen ere, eguraldiak eta mendiaren baldintzek atzera eginarazi zieten, eta bailararen beste aldean dagoen Annapurna itzelera bideratu zituzten indarrak, ipar aurpegitik tontorra "konkistatzera" iritsi ziren arte. Hala ere, Maurice eta Louisek prezio altua ordaindu behar izan zuten, gailurra zapaltzeak behatzak galtzea eragin baitzien. Lionel Terrayk esan zuen moduan: "Alferrikakoaren konkistatzaileak gara".

Beraiek zabaldu zuten bidea, eta ondoren etorri ziren gainontzekoak. Gaur egun tristea da; Maurice Herzog, espedizio hartako lider handia, 93 urte zituela zendu baita. Goian bego!

Horrela, ziklo moduko bat itxi bada ere, beraiek zabaldutako bideak aurrera darrai! Ez dezagun galtzen utzi!

Kilimanjaro menditik dagoen ikuspegia surrealista bezain ikusgarria da. Gorako bidean ekosistema ezberdin asko zeharkatu ostean, mendizaleek beraien nortasuna aurkitzen dute beherantz begiratzean, horizontean luzatzen den hodei-geruza zabalari begira.

Mendiminez bloga | 2012/11/30 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 1358 | iruzkin

Kilimanjaro, Afrikako zerua
Kilimanjaro mendiaren kokapen geografikoa eskala ezberdinetan.

Kilimanjaro mendia Tanzania ipar-ekialdean dago, Keniako mugatik oso gertu. 5.892 metroko sumendi inaktibo hau bakandurik goratzen da inguruko sabanan zehar, 4.800-5.200 metro inguruko desnibelak aurkezten dituelarik. Hori dela eta, munduko mendi isolatu garaiena dela esan daiteke.

Mendia, itxura obalatua duen gune bolkanikoa da, eta ekuatoretik 340 kilometro hegoaldera dago. Meru mendia 75 km hego-mendebalderantz dago, eta Kenia mendia berriz -Afrikako bigarren gailur garaiena-, 300 km iparralderantz. Geologikoki, Kilimanjaro forma konikodun estrato-sumendia da, eta 3 tontorrek osatzen dute (kraterrak): Shira, mendebaldean, 3.962 metrorekin; Kibo, erdian, 5.892 metrorekin; eta Mawenzi, ekialdean, 5.149 metrorekin.

Shira izan zen agertzen lehena, duela 750.000 urte, ondoren Mawenzi azaleratu zen, eta azkenik, Kibo, 500.000 urte inguru soilik dituelarik. Shira kraterreko laba ez zen oso biskosoa, hortaz, eremuan dexente zabaldu zen, mazizoaren oinarria eratuz malda leunekin. Krater hau kolapsatzean, Shira itzali eta Mawenziren aktibitatea hasi zen, eta denbora gutxira Kibokoa, biskositate handiagoko laba ateraketekin. Horrela, multzoa altuera irabazten joan zen, gaur egun mendiak duen konfigurazioa hartuz, malda malkartsuenak goialdean daudelarik (%30-40 artekoak). Gainera, gainontzeko kraterrak itzali eta inguruak higatu egin ziren; Kibok, ordea, erupzio jarraiak izan zituen, mendiaren altuera 6.000 metroetaraino hurbilduz.

Egun hauetan "Antartika, 100 urtez ikertzen eta esploratzen" hitzaldiak, erakusketa eta abar antolatu ditugu EHUko Letren Fakultateko Geografia Departamentutik, hori dela eta, ostiral-larunbat bitartean "Pikosetara" egindako mendi-irteera duzue hau.

Mendiminez bloga | 2012/11/12 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 15770 | iruzkin

Europako Tontorrak, geomorfologia aztertuz
"Antartika, 100 urte ikertzen eta esploratzen" kartela

Egun hauetan "Antartika, 100 urtez ikertzen eta esploratzen" hitzaldi-zikloa, erakusketa eta mendi-irteera antolatu ditugu EHUko Letren Fakultateko Geografia Departamentutik, hori dela eta, ostiral-larunbat bitartean Europako Tontorretara egin genuen mendi-irteera interesgarriaz mintzatuko naiz.

Europako Tontorrak bakanduta eta berezko entitate geografikoa duten mazizo menditarra dira, kantabriar banalerrotik iparraldera aurkitzen direnak, kostaldetik 20 kilometro eskasera. Harrizko mendi-puska itzel hau, La Peña deitua, Kantabriar Mendilerroaren barneko berezitasun geografiko garrantzitsua da.

Mendikateko garaierarik altuena Torrecerredo da, 2.648 metrorekin, mendi tontor eta haran sakonen arteko desnibela izugarria delarik, kasu batzuetan 2.300 metrotara ere irits daitekeelarik. Hortaz, Europako Tontorretan, goi mendiak kantabriar-kate osoko adierazpen gorena hartzen du; bertako altuera, bolumen, fisiografia, paisaia eta aniztasun geografikoagatik, Europa hegomendebaldeko goi mendi atlantiarraren erakuslerik onena delarik.

Argazkilaritza ikastaroan ikasitakoak praktikan jartzen

Mendiminez bloga | 2012/11/04 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 934 | iruzkin

Irati udazken koloretan
Iratiko pagadi baso zabalak

Zubiko egun libreak aprobetxatze aldera, eta eguraldi-iragarpenak ostiralean batez ere lagun zirelarik, Irati inguruetara abiatu nintzen, Pirinioetako edertasuna bilatu nahian. 

Iratiko basoa edertasun osoz jantzita dago egun hauetan, udazkeneko koloreek guztiz jantzi dituztelarik bertako zuhaitzak, pagoak ehuneko handi batean.

 

Himalaya eta Karakorum mendikateen edertasun eta handitasunak ahaztuarazi egiten dituen arren, Asia erdialdean badira hauek bezain mendikate luzeak.

Mendiminez bloga | 2012/10/28 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 824 | iruzkin

Tien Shan, Himalayaz haratagoko mendikate galdua
Asia erdialdeko mendi-lerroak Himalaya eta Karakorumetik iparraldera

Himalaya, duela 50 milioi urte eratu zena subkontinente Indioa Eurasiakoarekin talka egiten hasi zenean, izango da, ziur aski, munduko mendikate elurtu ezagunena. Hala ere, iparraldean, Tarim-eko arrotik haratago, Himalaya eratu zuten indar tektoniko berberek osatu zuten Tien Shan mendikatea. Mendikate hau 2.500 km luzatzen da Uzbekistan, Tayikistan, Kirgistan, Kazajstan eta Txina mendebaldeko lurretan.

Geografook normalean 4 mendi-lerro banatzen ditugu Tien Shanen: mendebal, ipar, erdialde eta ekialdekoa. Mendebalde eta iparraldeko mendi-lerroek klima epel eta hezea daukate, erdialde eta ekialdekoak klima gogorragoa duten bitartean, negu hotz eta uda beroekin.

Munduan gune ezkutu eta ezezagun asko ditugu oraindik ere, horietako bat Errusia ekialdeko puntan aurkitzen den Kamchatkako penintsula da.

Mendiminez bloga | 2012/10/18 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 761 | iruzkin

Shiveluch sumendia Kamchatkako penintsulako sumendi garaienen eta aktiboen artean aurkitzen da. Itsas mailatik 3.283 metroko garaiena duen sumendi hau estratu-sumendi estilokoa da, laba gogortu, errauts konpaktatu eta erupzioek kanporatutako harriek eratutako geruzak txandakatzen direlarik.

Sumendiaren hego isurialdean ikus daitekeen gris argi koloreko arroka hedadura, 1964an gertatutako erupzio leherkor baten emaitza da. Hego isurialdearen zati handi bat amildu egin zen, eta kolore argiko arrokak, gertaera hark eragindako lubiziak utzitako arrastoak dira. Gaur egun oraindik aktiboa den isurialdeko prozesua da, landaretzak ezin izan baitu inguru horretan hedatu.

Ostirala, klaserik ez eta eguraldi ona. Egun aproposa gustoko ditugun, baina zertxobait urrun aurkitzen diren mendi inguruetara hurbiltzeko. Horrela ba, Aralarrerantz, mendi ibilbide polit eta interesgarria egiteko asmotan.

Mendiminez bloga | 2012/10/08 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 950 | iruzkin

Aralar ikuspuntu geografikotik
Egindako ibilbidearen mapa eta profila

Amezketako San Martin auzoan kotxea utzi, eta Larrondoko kanpetara eramango gaituen GR-20 ibilbidea hartu dugu. Hurritzez eta haritzez osatutako basoan gora egin hala, pagoak, gorostiak eta elorriak ugarituz doaz. Kanpa hauetatik, Artubi mendirantz abiatu gara, Aralarreko larre hori-berdexkak zeharkatuz.

Atzerapen-prozesu handienetarikoa jasaten ari den glaziarra da.

Mendiminez bloga | 2012/05/17 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 972 | iruzkin

Columbia glaziarra 3.050 metrotara dagoen izotz-kapela batetik jaisten da itsas-mailara arte, Chugach mendietako isurialdeetan zehar, Prince William Sound izeneko fiordora arte, Alaska hego-ekialdean. Munduko glaziar aldakarronetarikoa da, ur-masa handiak izoztu edo urtuz.

Uharte bolkaniko honek daukan aberastasuna ikusgarria da, laurisilva oihanetik basamortuko kaktusetara igaro zaitezkeelarik egun berean

Mendiminez bloga | 2012/03/08 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 909 | iruzkin

Badira egun batzuk Madeira irlatik (Portugal) itzuli berri naizela. Neguko oporralditxo bat egiteak ez omen du kalterik egiten eta gainera ikusitakoak ikusita, esan dezaket, zientifikoki ere oso aberatsa izan den bidaia izan dela.

Ikuspuntu geografikotik uhartea oso aberatsa den arren, gaurkoan biologo-botaniko edo ornitologoentzat berezia izan daitekeen irla batetaz hitz egin nahi dizuet (labur-labur).

Guk 6 bat egun eman ditugu bertan, eta ia uharte osoa ezagutzeko aukera izan dugu, zati askotan trekking bat burutuz, eta beste batzuetan autobusez mugituz. Hala ere, gaur ez naiz hitz askotan luzatuko eta argazki batzuk luzatuko dizkizuet, atsotitzak dioen bezala: "argazki batek mila hitzek baino gehiago balio du".

Zientzialari errusiarrak lakuraino iritsi dira, lurreko ur-masa zaharrena pilatzen duen laku antartikora

Mendiminez bloga | 2012/02/08 | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 1474 | iruzkin

Hiru hamarkada luzetan Antartidan aurkitzen den Vostok lakuan zulatze-lanak burutzen jardun ostean, zientzialari errusiarrek duela gutxi  lortu dute lakuaren ur-mailaren oinarrira iristea. Laku hau, izotz-kapelatik 3.800 metro beherago aurkitzen da, eta adituek diotenaren arabera, ziur aski Lurreko ur-masa zahar eta puruena (garbiena) izango da.

Mendiminez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...