Marinelli glaziarraren azken hamarkadetako atzera-egite azkarra
Darwin mendikatean (Suaren lurraldea, Txile) dagoen glaziarrik handiena da eta 1950eko hamarkadaz geroztik atzera-egite izugarria jasan du, 15 km luze den fiordoa agerian gelditu delarik.

Mendiminez bloga | 2015/11/30 (azken aldaketa: 2015/12/01 ) | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 567
Gako hitzak: glaziologia, patagonia

Marinelli glaziarraren azken hamarkadetako atzera-egite azkarra
Marinelli glaziarra izen bereko fiordoaren barnealdean, 2015eko Apirilean. Jarraitu asterisko gorria hurrengo irudietan.

Marinelli glaziarra Darwin mendikatean hedatzen den izotz-eremuko handiena da; 120 km2-ko azalera du eta 19 km-ko luzeera, gainera, itsasoko marearen eragina jasaten duenez, tidewater motako glaziar bezala ezagutzen da. 

Darwin mendikatea, Andeak jarraituz, Ipar-mendebaldetik Hego-ekialdera hedatzen da 54º20’ eta 55º Hego latitudeen artean. Sarmiento mendian hasi eta 260 km-ko luzeerarekin Yendegaia badiara arte luzatzen da. Mendikatearen %50 glaziarrek estalita dago, etenik ez duen izotz-eremu batek 2.000 metrotik gorako mendi garaien ardatza jarraituz; 2.300 km2-rekin, altuera galdu hala, glaziarrek arro bereiziak osatzen dituzte gehienak itsas-mailara arte iritsiz, eta bertan calving izeneko gertaerak ohikoak dira. 

Marinelli glaziarraren azken hamarkadetako atzera-egite azkarra
Marinelli glaziarraren kokapena Darwin mendikatean, Hego Amerikako hego muturrean, Suaren lurraldeko uharte handian.


Eta zer da calving-a? Glaziarren eta Antartikako izotzezko plataformen izotz-galera mekanikoa da. Ablazio-prozesu edo glaziarraren masa galeraren osagai garrantzitsua da uretan amaitzen diren glaziarretan, itsasoan zein lakuetan.

Prozesu honek aldaketa azkar eta nabariak eragin ditzake glaziarren atzera-egite prozesuan. Normalean, mota honetako glaziarretan zantzu klimatiko batek (tenperaturen igoera esaterako) eragindako atzera-egitea jasaten badute ere, ondoren glaziarraren arroaren geometriak edota fiordoaren topografiak garrantzia gehiago izaten dute, hasierako seinale hau handitu edo txikituz. 

Marinelli glaziarraren kasuan adibidez, 1913an, Alberto de Agostini esploratzaile eta apaiz italiar famatuak ateratako argazkian ikus daitekeen bezala, glaziarraren aurrea Izotz Aro Txikian eratutako arku-formako morrenan zegoen; orduko azalera 250 km2-koa zen eta 35 km luzeera zuen. Hala egon zen 50eko hamarkadara arte ere, 1945eko irudiak erakusten duen bezala, baina geroztik atzera-egite azkarra jasan zuen, gero eta sakonera handiagoko fiordoaren agerpenak itsasoko uraren sarrera ahalbidetuz.

Satelite-irudi bidez egindako jarraipenak erakusten duen bezala, Marinelli glaziarrak 15 km inguru egin zituen atzera hamarkada gutxitan. Gaur egun berriz, gero eta dinamika egonkorrago bat erakusten du, atzera-egite tasa leunagoarekin. 2015eko Apirilean egindako espedizioan ikusi genuen bezala, harri ama gero eta gehiago ikusten da, egonkortasun-dinamika berri bat ezartzen ari dela adieraziz. 

Marinelli glaziarraren azken hamarkadetako atzera-egite azkarra
Marinelli glaziarraren azalera-aldaketak 1913 eta 2015 urteen artean.


Marinelli glaziarraren azken hamarkadetako atzera-egite azkarra
Alberto de Agostinik ateratako argazkia 1913an, Darwin mendikatera egin zuen lehen espedizioetako batean.


Marinelli glaziarraren azken hamarkadetako atzera-egite azkarra
Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak burututako Trimetrogon kanpaina, hegazkinetik ateratako irudiekin.


Marinelli glaziarraren azken hamarkadetako atzera-egite azkarra
Harri ama gero eta gehiago agerian gelditzen, 2015eko Apirilean.


Bideoak




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Mendiminez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...