Erreportajeak

2014ko iraila
Burbunak eta etsayak

http://envsci.uprrp.edu/?my-essay-writing Hernanin matxinsaltoari 'saltaperikoa' esaten zaio, eta igelari 'ingela'. Ez da lehengo kontua, oraingoa baizik, eta eremu txikietan izanagatik, ehunka hitz daude hernaniarrek zaharretatik jaso eta erabiltzen dituztenak, gaur egun ere. Hitz horiek historiako liburuetan geratu ez daitezen, egitasmoa sortu dute Aranzadi zientzia elkarteak eta Dobera euskara elkarteak, eta 2016rako dokumental bat eta liburu bat argitaratuko dira, mehatxatuak dauden izen horiek eta ondare hori guztia gazteenek jaso, eta herrian zabaltzeko helburuarekin.

Burbunak eta etsayak
Egilea: Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre

Iñaki Sanz-Azkue Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko ikerlaria da eta Eñaut Agirre Hernaniko Dobera euskara elkarteko kidea.

Zer egiten dute biologo batek eta euskal filologo batek proiektu berean? Burbunak eta etsayak egitasmoan Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak hartzen dute parte, biologoak eta euskal filologoak elkarlanean. Urumea bailarako biztanleek urteetan zehar naturarekin eduki duten harremanak bertako ahozko ondarean izan duen eragina ikustea eta hau biltzea dute helburu. Horretarako, Urumea errioaren inguruko bailara eta baserri inguruetan aurki daitezkeen fauna eta flora espezieei bertakoek ematen dizkieten izenak biltzen ari dira, baita espezie ezberdinei loturiko kondaira eta mitoak ere. Egitasmoak Ereñotzuko Auzo Udalaren eta Hernaniko Udalaren diru-babesa du eta emaitzak ikusgarriak ari dira izaten.

Izenik gabe, izanik ez

Lightbox Image

Izenik ez duenak, izana ere ez omen du. Gizakiak ezagutzen duen horri jartzen dio izena eta ezagutu ezean, izenik gabe geratzen da. Izan ere, zertarako izena jarri, ez badugu erabiliko?

Zalantzarik ez da azken ehun urteetan asko aldatu dela gizartea: landa gunetik gune urbanizatuetarako saltoa oso azkarra izan da eta egun, euskal gizartearen ehuneko handi batek bere denboraren zatirik handiena gune urbanizatuetan igarotzen du, naturatik aldenduta. Honela, urte gutxian, naturaz inguratua lan egitetik, leku itxi batean, pantaila baten aurrean lan egitera pasa gara, naturarekin oso kontaktu gutxi izatera. Era berean, teknologia berrien etorrerak, aisialdi mota ere aldatu du. Duela 60 urte etxetik kanpo, naturak eskaintzen zigunarekin jolasten bagenuen, egun, hori guztia pantaila batek ordezkatu du.

Lightbox Image

Bizimodu aldaketa honek erosotasun handiak ekarri dizkigun arren, hainbat medikuk, psikologok eta psikiatrak eginiko ikerketek naturarekin kontaktu falta honek pertsonengan eta batez ere, umeengan eragin kaltegarriak sor ditzakeela ere ohartarazi du (Louv 2005, 2011; Freire 2011). 

Gure egitasmoan, ordea, beste ikuspuntu batetik begiratu genuen gaia eta galdera hau egin genion geure buruari: Bizimodu aldaketa honek zein eragin du Urumea bailarako ahozko ondarean?

Naturarekin kontaktu falta eta ahozko ondarea

http://www.aroundlife.net/physical-science-homework-help/ Cambridgeko Unibertsitateko Zoologia Sailak  2002an egin zuen ikerketa baten arabera, Ingalaterrako lehen hezkuntzako ikasleek Pokémon serieko askoz pertsonai gehiagoren izenak dakizkite, euren inguruko fauna eta flora arruntarenak baino (Blamford et al., 2002). Ikerketan ondorioztatzen dutenaren arabera, espezieak ez dituztenez ezagutzen, ez diete izenik jartzen. Adierazten dute, naturarekin kontaktu faltak, honekiko isolatzea eragiten duela. Beraz, izenik ez duten espezie horiek kontserbatzeko interes gutxi azaltzen dute ikasleek.

see url Euskal Herrian horrelako frogarik egin ez den arren, elkarrizketa gutxi batzuk egitea baino ez dago, ikusteko, baserri inguruan bizi diren 60 urtetik gorako gehienek, belaunaldi berrienek baino askoz espezie gehiago ezagutzen dituztela; eta noski, frogatzeko, ezagutzen dutenari, kasurik gehienetan, izena jartzen dietela. 

Euskara batuaren sorrera eta espezieen izenak

Azken ehun urte hauetan, ordea, euskarak ere bilakaera garrantzitsua izan du euskara batuaren sorrerarekin batera. Euskara batuaren sorrerak, biologoen lanean ere aldaketa ekarri du, eta lehen herriz herri izen ezberdinez ezagutzen ziren naturako espezieak gaur egun euskal izen bakarrarekin identifikatzen dira, horrek dakartzan onura eta kalte guztiekin. 

Estandarizazioak sekulako onurak ekarri dizkio euskarari eta lan honen helburua ez da inolaz ere orain arteko esfortzu guztia hankaz gora jartzea. Aldi berean, ordea, lekuan lekuko hizkera, istorio eta hitz pila bat galtzeko zorian daude, eta ondare hori berreskuratzea oso interesgarria iruditzen zaigu, idatzi honetan azaldu nahi ditugun hainbat arrazoirengatik. 

Baserri giroan bizi izan diren belaunaldi zaharrenek, oso kontaktu gutxi izan dute euskara batuarekin eta ezagutzen dituzten espezieen izenentzako, belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho transmititu zaizkien izenak erabiltzen dituzte. 

Belaunaldi berrienek, aldiz, euren etxe inguruko gero eta espezie gutxiago ezagutzen dituzte eta izendatzeko orduan euskara batuko izenak jartzen dizkiete, ikastolan ikasitakoak edo liburu edo internetetik jasotakoak. 

Momentu honetan, adieraz dezakegu, bertako fauna eta florari deitzeko lekuan lekuko izenak erabiltzen dituzten azken belaunaldien aurrean gaudela. Pertsona horietako askorekin joango dira, herri, auzo edo bailara bakoitzeko ahozko ondarearen parte diren gure fauna eta floraren euskal izenak eta beraiei loturiko kondaira, gertakizun bitxi eta istorioak.

Lightbox Image

Burbunak eta etsayak: Urumea bailarako ondareari tiraka...

Lightbox Image

Honela du izena Urumea bailaran naturari loturiko ahozko ondarea biltzeko martxan jarritako egitasmoak. Izenak berak proiektuaren zentzua azaltzen du: “Burbuna” eta “etsaya” Hernanin Cerambyx cerdo espezieari ematen zaizkien izenak dira. Bi baserritan baino ez diote eman izena espezie honi eta bietan 90 urte inguruko pertsonek. Biak ala biak, baserri inguruan bizitakoak, baserri inguruan hariztiak zireneko garaietan biziak eta euren haurtzaroan espezie honekin jostatzen ibilitakoak. “Besterik ez zan ordun eta…” esaten digute. Bi baserri horiek marra zuzenean bost kilometroko distantziara baino ez daude, nahiz eta bietan izen ezberdinarekin izendatu duten espezie bera. Gainera, beste baserrian emandako izenari buruz galdetuta, bietako inork ez zuen sekula beste izena entzun.

Baserrietan galdeketak eginez

40 elkarrizketa inguru egin dira guztira, gehienak Hernaniko udalerrian. Elkarrizketa hauetan anfibio, narrasti, hegazti, ugaztun, arrain, ornogabe, landare baskular, zuhaitz eta perretxikoen izenak bildu dira, eta guztira Urumea bailaran azal daitezkeen 500 espezieri buruz galdetu zaie. Bukaerako emaitzarik gabe oraindik, guztira 400 espezie izan dira gutxi gorabehera izendatu dituztenak, eta horietatik batzuk, sinonimo bat edo gehiago dituzte Hernanin bertan. Kasu gutxi batzuetan, espezie bakarrarentzat sei izen biltzeraino ere iritsi gara. Aegithalos caudatus, euskara batuan buztanluzea izeneko hegaztia da horietako adibide bat. Hauek dira Hernanin espezie honentzat bildu ditugun izenak: Kautsa, txirta txoriya, isatsluxia, txiyo ttikiya, txirriskalaya eta ttattarra. 

Lightbox Image

Ikerketa zaharrei ikuspuntu berria emanez

Ez, “Burbunak eta etsayak” proiektuak ez du ezer berririk asmatu. Duela ehun urte Telesforo Aranzadik dagoeneko bildu zituen txori izenak, arrain izenak, landare izenak (de Aranzadi, T., 1909, 1930, 1933) eta geroztik, beste zenbait autorek ere egin du bilketa lanik (Garmendia, P., 1934; Aranzadi Zientzia Elkartea, 1961)… ordutik hona zenbat aldatu ote da gizartea, eta oraindik ere, Telesforok aurkituriko hitz batzuk, guk ere bildu ditugu hernaniarren ahoetatik. Txortxinta (Fringilla coelebs), txirriskla (Serinus serinus), xabalua (Platichthys flesus)... dira adibide batzuk. Telesforok eta beste autore gutxi batzuk egindako lanak dira egungo euskara batuko hegazti izenen oinarria.

Urte askotako ikerketa hutsunea eta gero, Euskaltzaindiak ere atera zuen Euskararen Herri Hizkeren Atlasean animalia eta landareen Euskal Herri mailako izenak biltzen dituen lana ere:

www.euskaltzaindia.net

Asier Sarasua biologo eibartarrak ere bultzada handia eman dio izen arrunten munduari, bere blogean ikus daitekeen moduan:

www.eibar.org/blogak/sarasua

Burbunak eta etsayak-ek ikuspuntu berria eman nahi dio lanari. Izan ere, herri askotan eginiko elkarrizketa bakanak egin beharrean, herri bakarrean elkarrizketa asko egin ditugu, eskala txikian izenak zenbat alda daitezkeen frogatzeko. 

Era berean, euskal filologo eta biologo baten arteko elkarlanak, lana modu zorrotzagoan egitea ziurtatu du, espezieak ondo identifikatu eta pertsonen elkarrizketak ondo bideratzeko, identifikazio eta izen akatsik gerta ez dadin.

Tokian tokiko ezagutza: arrobiyuaren eta frankoliñen kasua

Ikusten duguna ezagutzen dugu, ikusten ez duguna ez. Esperientziak eta naturaz inguratuak bizitzeak eman die ezagutza elkarrizketatuei, eta kuriosoa suertatzen da ikustea nola euren baserritik gertuen dauden habitateko espezieak baino ez dituzten ezagutzen. Hezeguneetako limikola eta antzeko hegaztien kasuan, esaterako, Urumeako uholde lautadetatik oso gertu zeuden bi baserritan baino ez ditugu jaso izenak. Gilloya (Crex crex), Lear txori ttikiya (Charadrius dubius), brankolin ttikiya (Calidris alpina)… Gainontzeko elkarrizketatuentzat, guztiak “frankoliñak” eta “kuluxkak” ziren.

Salamandra salamandra espeziearen kasuan ere, kilometro baino gutxiagoko distantzian zeuden bi baserritan, batek “arrobiyua” moduan izendatu zuen, eta adierazi zuen nahiko sarritan ikusten zuela etxe ondoko basoan. Bestean, basorik ez etxe inguruan, eta arrobiyuak urruti xamar itxuraz, eta dokumentaletan ikusia zuela adierazi zigun, baina espeziea ez zela Hernanikoa.

Lightbox Image

Kondairak: arrobiyuarekin jarraituta

Arrobiyuarekin, ordea, bada kondaira antzeko bat ia herri guztira zabaldua dagoena eta egitasmo honi esker bildu ahal izan dugu: Ahoz aho igaro den istorio honek dioenaren arabera, basogintzan lanean ari zen basomutil koadrila batek goiz osoa lanean igaro ostean, bazkaltzeko atsedena hartu omen zuen. Bazkaria egiteko ardura zuenak, eltzean errekako ura jarri eta babak jarri omen zituen irakiten. Bera konturatu ez eta, itxuraz, errekako urarekin batera, bertan zeuden arrobiyuak ere eltzera sartu omen ziren. Arrobiyuak eta babak, guztiak jarri omen zituen batera, konturatu gabe.

Bazkaltzeko ordua iritsi zenean, babekin batera arrobiyuak zeudela konturatu omen ziren. Batzuk baietz, gose zirela eta jango zutela eta besteek ezetz. Hala, jan zutenak hil egin omen ziren eta ez zutenak jan, bizirik atera. 

Hortik, ondorioztatzen omen da: “arrobiyuak benenua dula”. 

Ziurrenik, istorio hau erabiliko zuten txikienei ohartarazteko arrobioak bazuela likido erresumingarri bat eta ez zela ukitu behar.

Izenak bailaraka edo belaunaldiaren arabera aldatzen direneko adibideak: mazkar eta sorginorratzen kasua

Aurretik azaldu dugun moduan, Hernanin bertan izena bera izan daiteke espezie bakarrarentzat, edo oso aldakorra. Aldakortasuna, ordea, modu ezberdinean nabari daiteke: gune geografikoaren arabera, edo belaunaldiaren arabera.

Lightbox Image

Errekako arrain espezie baten kasuan, mazkarraren (Barbatula barbatula) kasuan alegia, Hernanitik Goizuetara doan bidean, 3 kilometrotan dauden 3 bailaratan, lau izen ezberdin bildu ditugu: xerbua, exkalluxarra, muxarra eta muxarkua. Eman diren deskribapen bikainek ez dute dudarako zirrikiturik uzten. Arrain berari buruz ari dira hitz egiten.

Lightbox Image

Sorginorratzen kasuan aldaketa ezberdina da. Lekuaren arabera baino, belaunaldiaren arabera aldatzen da. Etxeko zaharrenek, 70 urtetik gorakoek, “burruntziya” edo “infernuko burruntziya” deitu izan diote. Berrogei eta hamar, hiru hogei urte arteko ia guztiek, ordea, “elikoterua”. Zaharrenek ez zuten itxuraz helikopterorik ezagutu.

Urumean desagerturiko espezieen testigantzak eta izenak: ur-satorra eta igarabaren kasua

Izenak eta kondairaz gain, biologoentzako interes berezia duten aipamenak eta testigantzak bildu ahal izan ditugu. Hala, urte askoan errekan ehizean eta arrantzan ibilitako adineko pertsona gutxi batzuk Galemys pyrenaicus, ur-satorra eta Lutra lutra, igaraba identifikatu dituzte eta azkeneko aldiz noiz ikusi zuten eta non ere esan izan digute. Aurreneko espeziea, ur-satorra, Hernanin “ur-arratoya” moduan identifikatu dutena, Urumea bailaran oso leku gutxitan aurkitu da, eta Hernanin desagertutzat ematen da. Igarabaren kasuan, Hernanin “iyaraba” eta “urzakurra” moduan ezagutua, egun Urumean ez dagoela adierazten da eta deskribapen bikainak eman dizkiguten testigantzak ditugu.

Dibulgazioa izenak bizirik mantentzeko: Ziraba proiektua

Bilketa liburutegietan bakarrik gera ez dadin, dibulgazioa beharrezko jo dugu. Lehendik ere egin da froga bat Hernanin beste proiektu batekin, Ziraba proiektuarekin hain zuzen ere, eta oso emaitza interesgarriak eman ditu. Dobera eta Aranzadi, beste hainbat elkarterekin elkarlanean egiten ari gara Ziraba proiektua, eta hor, anfibioei buruzko unitate didaktiko bat Ereñotzuko Txirrita Eskolan landu behar zela baliatuz, ikasleek anfibioek euren auzoan, Ereñotzun hartzen duten izena ikasi ahal izan dute. Era berean, adineko auzoko hainbat pertsonei elkarrizketak egin dizkiete, anfibioak eta sugeak gaitzat hartuta, euskalkiak landu ahal izateko.

Istorio zaharretatik teknologia berrietara: Burbunak eta etsayak Facebooken eta irratian

Izan ere, Urumeako bailarako hainbat baserritako, sukalde, ukuilu, kupel arte, atari etab.-etan egindako elkarrizketa hauek zabaltzen ez badira, zentzu askorik ez du lanak. Hau dela eta, Burbunak eta etsayak proiektuak bere facebook orria ireki du:

http://es-es.facebook.com/pages/Burbunak-eta-etsayak/637916082912930

Azalpen gehiago behar badituzu, ordea, ondorengo estekan lor ditzakezu. Euskadi irratiko Norteko Ferrokarrilak egindako elkarrizketan:

http://www.eitb.tv

Egitasmoaren emaitza: liburua eta dokumentala

Egindako lana modu erakargarri batean zabaltzeko asmoz, emaitza guztiak modu atseginean azalduko dituen liburua ateratzeko asmoa du Burbunak eta etsayak egitasmoak. Era berean, momentu honetan, TRUK HD multimedia enpresarekin elkarlanean, aurretik elkarrizketaturiko pertsona batzuk bideo kamarekin ari gara grabatzen, natura eta ahozko ondareari buruzko dokumental txiki bat egiteko asmoz.

Bibliografia

Aranzadi, T.: «Nombres vascos de aves», Revista Internacional de los Estudios Vascos, 1909, 111, 160-167.

Aranzadi, T.: «Nombres de plantas en euskera», Revista Internacional de los Estudios Vascos, 1930, XXI, 449-451.

Aranzadi, T.: «Nombres de peces en euskera», Revista Internacional de los Estudios Vascos, 1933, XXIV, 375-386.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saila. 1961. Repertorio de nombres vascos de aves adoptado por la sección de ornitología del grupo de ciancias naturales de Aranzadi. Munibe Ciencias Naturales, Vol. 13 fasc. 3-4: 310-326. 

Blamford, A., Clegg, L., Coulson, T. & Taylor, J. 2002. Why conservationist should heed Pokémon, Science magazine, núm. 3(9).

Freire, H. 2011.Educar en verde. Ideas para acercar a niños y niñas a la naturaleza. GRAO

Louv, R. 2005. The last child in the woods. Algonquin books.

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...