Erreportajeak

2016ko Martxoa
Matematiken garapena berridaztea, emakumeen ekarpenetatik abiatuta

Matematikaren garapenean, emakume gutxi batzuen ekarpenak nabarmendu dira. Betidanik izan dira emakume matematikariak, baina ez dira historian aipatzen. Hainbat dira ondorio bidegabe honen arrazoi, funtsean, erabaki erlijioso eta sistema patriarkala. Pentsamendu ideologikoek gizona emakumea baino gaitasun handiagokoa zela pentsarazten zuten (batez ere, zientzian). Emakumeek betebehar batzuk zituzten eta, noski, gaitasun intelektualak garatzea ez zen horietako bat. Bestetik, emakumeek oztopo asko izan dituzte gizartean, esaterako, unibertsitateko ateak itxiak izan zituzten 1910. urtera arte, izan ere, unibertsitatean matrikulatzeko orduan genero bereizkeriarik burutzen ez zuen legea aldarrikatu zen urte hartan. Honela, emakumeak unibertsitateetan izena ematea ahalbidetu zen.


Egilea: Lara Aresti Gabiola

Lara Aresti Gabiola

Matematikako graduatua

GALaren izenburua: Matematiken garapena berridaztea, emakumeen ekarpenetatik abiatuta.

Sophie Germain 1776. urtean jaio zen Parisen. Gazte garaian, matematika liburuak hartu eta aitaren liburutegian babesten zen. Bertan irakurri zuen Montucla-nek idatzitako “Matematiken historia” liburua. Liburu honetan Arkimedesen hilketa gogorra kontatzen du. Arkimedesen problema geometriko baten murgilduta zegoen eta ez zuen erromatar soldaduen galdera entzun, ondorioz, hil egin zuten. Sophie oso harrituta gelditu zen historiarekin eta zientzia hau ikasteko gogo pozgarria sorrarazi zitzaion. Aitak ez zuen Sophiek zientziak ikasteko erabaki hori onartzen eta, orduan, ezkutuan ikasten zuen liburutegian, gauez. Baina hau ez zen oztopo bakarra izan. Helduagoa zenean eta bere ikasketak gehiago sakondu nahi izan zituenean, aurretik aipatutako oztopoarekin aurkitu zen; unibertsitatera sartzea debekatuta zuen. Baina ez zen etsi. “Le Blanc” gizon izena hartu eta honekin matrikulatu zen. Ez zen klasetara joaten, baina eskura eman beharreko guztiak bidaltzen zizkion bere irakasle Lagrange-ri. Irakasle honek, hain lan erakargarriak egiten zituen ikaslea ezagutu nahi izan zuen. Txundituta geratu zen emakume bat zenaren berri ematerakoan. Berehala, Sophie, mundu zientifikoan onetsia izan zen. 1804. urtean, “Diskisizio Aritmetikoak” argitaratu zuen. Garai honetan Chadni matematikariak aztertutako igurtzimenduak sortutako gorputz elastikoen bibrazioaren lana oso pil-pilean zegoen. Sophiek gai honi lotutariko lehiaketa garrantzitsu bat irabazi eta mundu osoko matematikari nagusienetako bat bihurtu zen. Gainera, elastikotasunari buruzko zenbait lan gehiago egin zituen; gorputz elastikoen izaera, borneak eta hedapena, baita gorputz haien kurbadurari buruzkoa ere. Gorputz elastikoen problemak ebazteko erabilitako analisi-printzipioei buruzko lana ere egin zuen. Bestetik, zenbaki-teorian ere lan handia egin zuen. 1808. urtean, bere aurkikuntzarik miresgarriena lortu zuen. x, y eta z zenbaki osoak izanik non x5+y5=z5, orduan, x, y edo z, 5 zenbakiagatik zatigarria izango da. Ondoren, Lagrangeren formula erabiliz, Fermat-en azken teorema frogatzea lortu zuen 100 zenbakira arte. Hau da, n zenbaki lehen bakoitia 100 baino txikiagoa bada, ezin da xn+yn=zn ekuazioa askatu.

Sophie baino lehenago, 1718. urtean, Maria Gaetana Agnesi jaio zen, Milanen. Maria talentu aparteko haurra zen. 9 urte zituela italieraz, frantsesez, gaztelaniaz, hebraieraz, grekoz, alemanieraz eta latinez hitz egiten zuen. Hala ere, hizkuntzak baino, zientziak zituen gogokoago. Gaztaroa Matematika ikasten eta bere 21 neba-arrebak zaintzen pasa zuen. Bere aita Boloniako Unibertsitateko irakaslea zen eta honek ate asko zabaldu zizkion. 15 urterekin,  Milaneko jakintsu ospetsuenak joaten ziren bilera horietako partaide zen. 20 urte zituela “Instituzio Analitikoak” izeneko kalkulu diferentzial eta integralari buruzko tratatua hasi zuen. Hamar urte pasa ziren lan hau bukatu eta argitaratu zuen arte. Egundoko arrakasta izan zuen. Kalkuluari buruzko lehen testu-liburua izan zen. Kantitate finituen analisia, maximo eta minimo, ukitzaile eta inflexio-problemak, eta beste gai anitz agertzen dira bertan. Liburu honetan azaltzen diren aplikazioen artean, oso ezaguna den “Agnesiren kurba” izeneko aplikazioa dago. Kurba sorgina izenaz ere ezaguna da, izan ere, nola izan daiteke maila honetako aurkikuntza egin duena emakumea izatea? Emakume hau, gutxienez, sorgina izan behar zela zioten. 1752. urtean, bere aita hil zen. Urte honetan, ikasketa-mundua utzi zuen eta karitate-lanetan hasi zen.