Kronika
Gipuzkoako kostako zeharkaldia
2016/04/13-17

source site Aurten ere, urteroko legez, Euskal Herriko bazterrak ezagutzera atera ginen EuskalNaturaren eskutik. Bost eguneko zeharkaldian, Hondarribiatik Debarainoko bidea egin genuen, gure kostaldeko eta inguruetako pasaien edertasunaz gozatuz. Gipuzkoako lurrak izan ziren protagonista ibilbidean eta etapa bakoitzean aditu baten konpainia izan genuen gai bat lantzeko. 

go here 1. eguna: Hondarribia – Donostia 

click Motxilak gainean hartuta, eta ohi denez izen erronda bat egin ondoren, prest ginen denak kostako zeharkaldiari hasiera emateko. Eguzkiari ere ez zitzaion etortzea ahaztu, eta gero larrutik sufritu behar izan genuen sargoria. Hori, baina, ez genekien Hondarribi aldean bideari gogotsu ekin genionean. 

Bideari ekiteko denborarik ez genuen eduki Jaizkibelgo lehenengo berezitasunekin topatzen hasi ginenean. Euskal kostaldeko endemismoa den Armeria euscadiensis espezieari argazki erreportai bat egin, eta ziztu bizian elkartu ginen Aranzadiko Anaïsekin. Honen eskutik ikusi ahal izan genituen errelikto bezala geratu diren Woodwardia radicans bezalako iratze tropikalak. Azalpen orokorragoei bide emanez, landaretza halofilo eta tropikala begitantzetik geologia pixkat ikastera igaro ginen taldekide baten laguntzaz. Paramoudra, eozenoa, espikula, harearria, eta orogenia terminoekin denak mareatu ondoren, eta beharrezko argazkiak atera ostean, kostaldeko bideari jarraibidea eman genion. 

Gora beheratsua izan zen gero bidea, eskalatzera iritxiz tarteka. Argi geratu zen bidea diseinatu zuenak gogo txarrez aukeratu zituela pasabideak eta inor bidean erortzeko tranpaz josi zuela. Horren adierazle dira Azabaratza inguruko labar bustietan egondako erorketak. Zorionez, gehienok salbu iritxi ginen erreka bazterrean oinak freskatuz bazkaltzera.

Merezitako atsedenaren ondoren etorri zen eguneko turmaleta. Otadi eta txillardi guztiak zuzen zuzen zeharkatuz igoera gogoangarria burutu genuen militarrekin gurutzatu arte (bai, kontserbazio bereziko eremu batean militarrak tiroka ibili ei dira). Batzuk indar armatuen kanpamentu bikainean geratu nahi zuten arren, ongi etorriak izango ez ginelakoan aurrerago geratu ginen zain taldea trinkotu zedin. Bertan, eguneko kotxelariei agur esan eta Pasai Donibanerako bidea hartu genuen Mixintxolako zelaiak zeharkatuz. Jaizkibelgo labar altu eta bertikalenei begira Jaizkibelen balio eta arriskuak azpimarratu ondoren labarraren krestatik herriraino jaitsi ginen. Hemen etorri zen eguneko beste atrakzioa: pasaiako badia motoran zeharkatzea. 

Partaideen adorea nekea baino handiagoa izango zela joz, Pasai Sanpedroko puntetako penditzetatik igotzea erabaki genuen. Honela, konturatzerako Uliako aterpetxean geunden afari goxo goxo baten aurrean. Hainbeste indartu ginen, gero ez zegoela inor oheratzeko prest. Gaubela hasteko, izen jokoekin memoria praktikan jarri genuen. Otsoen jokuan maisulanak, inork traizio ere dei ditzakenak, ikusi genituen ondoren. Giro apartean, jende berria ezagutzeak dakartzan laguntasun berriak imajinatuz, zentzu guztietan aseta joan ginen lotara.

 Anaïs Jaizkibelen endemikoa den Woodwardia radicans iratzearen inguruko azalpenak ematen

Armeria euscadiensis Jaizkibelen         Taldea Jaizkibelgo labarretan zehar

Aitor Jaizkibelgo orogenia azaltzen         Bazkaldorduan hankak freskatzeko momentuaz disfrutatzen

Taldea Pasaiako motoran         Gaueko jokoetan murgilduta

2. eguna: Donostia – Zarautz

Aurreneko eguneko ibilbide gogorrari buelta emateko irteerako etaparik luzeena izan genuen aurretik. Gorabehera gutxiago izan genituen baina gure hankek 30 bat kilometro inguru egin behar izan zituzten.

Jaiki eta ondo gosaldu bezain laster Uliatik Donostiara jaitsi ginen. Zurriolako eta Kontxako hondartza atzean utzi eta Igeldon barneratu ginen. Santiago bideko marrei segi eta segituan ikusi genuen itsasoa gure eskuinetara.

Pasa genituen lurretan landaketa, larre, baratze eta baserriak ikusi genituen. Baita erretako eremu zabalak ere eta geldialditxo bat egin genuen hezegune batean. Bertan, Hyla meridionalis hegoaldeko zuhaitz igelaren informazioa kontatu zigun taldeko lagun batek Maialen Sistiagak euskalnaturako web orrian behinola helarazi zigun informazioa gogoratuz.

Azkenean Oriora jaitsi eta Goenkaleko Maria Luisaren etxe ondotik pasata Zarauzko dunetara jaitsi ginen.  Bertan Ibon Aristi doktoreak biotopoaren inguruko eta itsas korronteen inguruko kontuak kontatuta denok hondartzara jaitsi ginen hankei deskantsu ematera. 

Afalostean erromeri giro bikaina eduki genuen trikiti-hotsez alaituta. Bejondeiela musikari eta kantari on eta ez hain on denei.

Goizean goiz Donostia zeharkatzen

Aldapan gora!        Taldea Mikelen azalpenak entzuten

Ingurumen zientzietako neskak azalpenetaz disfrutatzen        Zarautz gure oinpean

Joseba “Psikologo lanetan”        Afalostean trikitixaren erritmora kantan eta dantzan

3. eguna: Pagoetako Parke Naturala

Aurreko bi egun gogorren ondoren, motxila handiak alde batera utzi eta ibilbide zirkularraz gozatzeko aukera izan genuen. Goizean goiz Zarautzetik abiatu ginen Pagoetako hagin basoak (Taxus baccata) ezagutzeko irrikitan! Bertan, Antxon Gomez Pagoetako basozainarekin geunden geldituta. Aldapa gogor batzuen ondoren, iritsi ginen Saberri baserri ingurura eta Antxonen laguntzaz, parke naturaleko txokorik ederrenak ezagutzeko aukera izan genuen, haginen garrantziaz, historian zeharreko erabileraz eta hagin basoaren kontserbazioaz hitz egiten zigun bitartean. Bidean gauza mordoa ikusi genituen: antzinako elur zuloak, zuhaitz ustelduak (ukitu bezain pronto erortzen zirenak), pottokak (Equus caballus), okil espezie desberdinen habiak …

Aia herrira heldu eta bazkaltzen genuen bitartean eguzkiaz gozatu eta siestatxo bat botatzeko aukera izan genuen… denbora laburrez ordea, euria hasi zen eta! Beraz, pixkanaka beheranzko bideari ekin genion, goizeko ibilbideari eta bazkariari esker indarberrituta. Indarra ez genuen soilik ibiltzen jarraitzeko lortu, baita psikokiller jokoan egurra emateko ere!  Agorregira iritsitakoan, burdinolaren funtzionamendurako beharrezkoa den urtegiaren inpaktu ekologikoaz aritu zitzaigun Ibon Aristi, ibai ekologian aditua. Ondoren, errotan gelditu ginen, antzinan txoko honek eduki zuen garrantziaz ohartu eta bere edertasuna miresteko.

Burdinola ikusi ondoren, Zarautzera buelta hasi genuen, baina ez edonola, iodo-belarra (Chelidonium majus) eta musker berdea (Lacerta bilineata) izan genituen bidelagun. Gainera, Pagoetako parke botanikoa eta zenbait mahasti igaro genituen. Zarautzera iritsi eta dutxa bero bat hartu ostean, afaldu eta gaubelaren txanda heldu zen. Egunean zeharreko “pintza” eta “hitz debekatua”-ren jolasetako galtzaileek beraien dantzarako abilezia erakutsi zuten “JustDance”-arekin.

Elur zuloen inguruko azalpenak entzuten

Pagoetarako bidean     Mikel eta Gabone aldapan gora

Antxon Gomez haginen inguruko azalpenak ematen     Ibon Agorrekigo burdinolaren garrantziaz hitz egiten

Okilen habiak ikusten     Ioritz eta German Agorregiko informazio panelak irakurtzen

4. eguna: Zarautz – Getaria

Esnatzearekin batera motxila handiak berriz ere bizkarreratu eta ekin genion txangoari. Egun hasiera nahikoa eguraldi onarekin hasi ahal izan genuen, nahiz eta gure poza ez zen ibilbide osorako lagun izango.

Egun honetan Zarauztik Getariako Askizu auzoraino gindoazen Agate mendiaren banalerro bietan ibiliaz, Ibon Aristi biologo eta bertako bizilaguna bidelagun genuela. Santa Barbara auzotik igo ahala, txangoko lehen protagonista ezagutu genuen, artelatza, edo bertakoek ezagutzen zuten bezala, arkamurka (Quercus suber). Agate mendiaren berezitasun klimatiko, geologiko eta geografikoek, hain izaera mediterranearra duen harri-bitxia ezagutarazi zizkigun Ibonek.

Ostean, Eitzaga auzotik barrena Meagasekora pasa ginen. Bertan, eguneko beste 2 protagonistak ikusi genituen, artea (Quercus ilex) batetik, eta inguruan gailentzen ari den mahatsa (Vitis vinifera) bestetik. Arteak ere presentzia oso handia du gure kostalde osoan zehar, eta Agateko lerroan, batez ere mendebalde partean. Dena den, eta txakolinaren garrantzia dela medio, mahastiek hainbat gune menderatu dituzte gizakiaren esku-sartzearen ondorioz.

Idea batean, Askizutik barrena San Prudentzio eta Askizu auzoetara bira egitea bazen ere, Kajuategiko Arkamurka singularra ezagutu ostean hasi zen euriagatik bidea ebaki behar izan genuen. Eta horrela, Askizuko frontoiaren aterpera joan ginen bazkalordurako.

Arratsaldea, deskantsorako probestu ahal izan genuen, hankei dagokionean behinik behin. Izan ere, Aitor Arrizabalaga, EHUko doktoregaia, etorri zitzaigun saguzarren ekologiari buruz hitz egitera. Eta ilunduta, afal ostean, saguzarrek ekokokapenerako erabiltzen dituzten deien ehizan aritu ginen espezie batzuk identifikatzen.

Kajuategiko arkamurkarekin ateratako argazkia  Askizuko frontoian atseden hartzen

Aitor saguzarren ekologiaren inguruan hitz egiten

5. eguna: Getaria – Deba

Konturatu aurretik azken eguna heldu zen… bizkorregi! Egunari hasiera paregabea emateko, trikitixa, pandero eta kazuela tapa soinuak izan genituen iratzargailu moduan, eta ondorio bezala, 30 bat lagunen bihotzak ahotik ateratzeko puntuan. Jaikitzerakoan, bat baino gehiago, bere aurpegi eta gorputza lientzo moduan erabili zituztela konturatu zen. A ze sorpresa! Askizu aldean naturzaleez gain, margolariak ere bagenituen! Azken aldiz motxilak prestatu eta gosaldu ondoren, bideari ekin genion. Askizutik Zumaiako hondartzara jaitsi ginen, bertako duna sistemaren berezitasunetaz jabetzeko, eta aurretik Zarautzen ezagututako dunen inguruko oinarriak sakontzeko.  

Dunen ostean, Zumaiako Flysh-a eta bere inguruko txoko ederrak ezagutzeko garaia heldu zen. Horretan laguntzeko, Martin Arriolabengoa, geologian adituak, arroka sedimentario sekuentzia honen sorrera eta ezaugarri bereizgarriak azaldu zizkigun, bere arbelaren laguntzaz adierazpen grafiko erabilgarriak eginez!

Gero, kostaldeko bideari jarraituz eta Sakoneta alde batera utzita, aldapan gora egin genuen. Bazkariarekin energia berreskuratu aurretik, behatokiz behatoki paisaiaz gozatzeko aukera izan genuen. Denok batera egingo genuen azken bazkaria zela ohartuz, baina beti ere Debara heltzea buruan izanda, ekin genien azken kilometroei.

Baina Deba uste baino arinago heldu zen eta baita bidaiaren amaiera ere… Autobusa zain genuela, lagun batzuk hurrengora arte agurtu, eta Bilborantz abiatu ginen, bost egun zoragarri igaro ostean, datorren urtean txangoa errepikatzeko desiatzen. Bejondeigula!

Taldea flysharen ertzetik igarotzen

Josune, Uxue eta Ibon iratzargailu lanetan     Gazteak Martinen arbeleko azalpenekin txunditurik

Nekearen nekez, ziplo lurrera     Etxera buelta, nekaturik, baina irribarrea galdu barik

Irteerako argazkiak

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...