Kronika
Gorbeialdeko zeharkaldia
2017/04/05-09

1. eguna: Udala-Urkiola

EHUko Leioako Campusean elkartu ginen goizeko zortziak eta erdietan, autobusean igo eta ziztu bizian Udala auzora abiatzeko. Aurkezpen azkar batzuen ostean (Bilbotartutako Getariarrak, bosgarren mailako biologoak…), hankak eta bizkarra deskantsatuta genituela gogotsu ekin genion bideari, nahiz eta eguraldia gure aldeko ez izan.

Eñaut Izagirre, Incognita Patagonia proiektuaren parte den glaziologoa, izan  genuen lehenengo egunean aditu. Pausu eskas batzuk emanda egin genuen gure lehenengo geldialdia, elurzuloen eta aurreraxeago karobien inguruko azalpen batzuk jasotzeko. Zabalandirako bidean Besaideko tontorra igo, eta martxan jarri genuen tradizio bihurtutako gomaren jokoa. Lagun berrien esperientzi faltaz baliatzea bezelakorik ez dago goma alde batetik bestera ibiltzeko.

Jarraian, Eñautek formazio karstikoen inguruko azalpenak eman zizkigun hamaiketako txiki bat egiten genuen bitartean. Anbotoko magalean bazkaldu genuen, eta hoztu aurretik abiatu ginen berriz ere. Beharbada Anbotoko igoerak inpresio handia eragiten du, guk ez genuen sentsazio hori bizitzeko aukerarik eduki, behe-lainoak metro eskas batzuetako ikusgaitasuna baino ez baitzigun uzten. Azkenean heldu ginen tontorrera eta pena handiz, ez baikenuen glaziazioaren aztarnak ikusteko aukerarik eduki, jaitsierari ekin genion. Karsta atzean utzita azkeneko kilometroak egin genituen San Antonio ermitaren ondoan zegoen aterpetxera arte.

Heldu ginerako beheko sua piztuta zegoen, eta epeltasuna ikaragarri eskertu genuen. Dutxatuta eta primeran afaldu ostean, sutondoan eseri eta Germanek anfibio eta narrastien inguruko azalpen batzuk eman zizkigun. Ondoren, hitzaldian aipatutako zenbait espezie argazki eta soinuen bidez identifikatzeko txapelketa egin genuen; kroak-kroak, marmolaire edo marmoleire? Elkar ezagutzeko zenbait jolasen ostean, lotara erretiratu ginen hurrengo egunerako indarberritzeko.

 

2. eguna: Urkiola-Legutio

Ostegunak argitzearekin batera denok gora! Epelean gosaldu genuen afaldutako ostatu berean eta, indarrak hartuta, Esti Sarrionandia EHUko irakaslearekin elkartu ginen ibilaldiari Urkiolatik behera ekiteko.

Bidean zapaburu eta arrabioak ikusteko aukera izan genuen, parada ederra aurreko gauean ikasitakoa frogan jartzeko. Estik basoen kudeaketari buruzko azalpenak ere eman zizkigun. Modu argi eta interesgarrian, onddo eta landareen garrantzia aipatu zuen, eta azpimarratu enbor hilek gure basoei ematen dieten aberastasuna. Hamaiketakotxo bat egiteko tarte bat hartu ondoren, eguerdi alderako Otxandio zapaldu genuen. KORRIKAko irteera-leku izaki, kolore eta alaitasunez jantzita zeuden kaleetan zehar iritsi ginen herriko plazara. Eguzkia lagun, bertan bazkaldu genuen Korrikako lekukoarekin babespean. Mineraletan aberatsa zen iturri bat ere aurkitu genuen (aberatsegia zenbaiten gusturako), baina gutxi egon ginen bertan, kantinplorak urez bete eta tripak indarberrituta, bideari ekin baikenion.

Legutiora iritsi eta eztarria ondo busti ondoren ederki asko sartu zitzaigun kiroldegiko aldageletan dutxa freskoa! Aurretik zumbako klasean parte hartu zuenik ere izan zen. Kontzentrazio handia eskatzen zuen joko bat ikasi genuen eta nahiko barre egin ere bai. Oso ondo afaldu genuen arren, ezin izan ginen asko luzatu, kiroldegiko sarrera orduz mugatuta baikeneukan. Beste zenbait joko eta prenda artean ilundu zuen egunak eta goxo-goxo lotara joan ginen. Kiroldegiko areto zabalak elkarren zurrungak ez entzuteko nahikoa espazio eman zigun.

3. eguna: Legutio-Sarria

Goizean goiz altxa eta Legutioko kiroldegia utzi genuen. Eguraldia lagun izango genuela zirudien goizean goizetik, eta gosari on batekin indarrak hartu ondoren, 3. eguneko ibilbideari ekin genion.

Urrunagako urtegia pasa, eta Zarate aldera abiatu ginen. Bidean Ibon Aristiren urtegien egoera eta ibaien ekologiari buruzko azalpenei eta azpijokoei adi (agian bigarrenei gehiago lehenengoei baino). Denon arreta bereganatu eta “psikokiller”-eko frogak gainditzen joateko edozein momentu aprobetxatzeko gaitasuna erakutsiz beste behin.

Muruan bazkaltzeko tartetxo bat hartuta, batek baino gehiagok ez zuen hondartzan egongo bagina lez eguzki pixka bat hartzeko aukerarik galdu. Tripa beteta, indarrez beteta segi genuen. Bidean istriputxorenbat jasanda, eta eguzkiak gogoz berotzen zuela heldu ginen Zaratera. Jada ez zitzaigun asko falta Sarriako aterpetxera heltzeko, baina bidezidor eta larre berriak ezagutzeko gogoz zeuden “taldeko GPSak”, eta bide berriak ezagutzeko aukera luzatu ziguten…

Lehertuta iritsi ginen aterpetxera, dutxa frexko baten beharrean. Zerbeza batzuen laguntzaz indarberritu eta Aitor Arrizabalaga, saguzar eta sitsetan aditua izan genuen gurekin afalostean. Zortea ez zen baina gure adeko egon, eta sitsendako tranpa mimo handiz prestatu bagenuen ere, ezin izan genuen bat bera ere harrapatu.

Ohera joateko gogorik ez, eta sekulako antzerki saioaz gozatzeko aukera izan genuen, jada ia profesional bihurtutako taldekide antzezleen eskutik. Datorren urtean zerekin harrituko gaituzten ikusteko gogoz geratu ginen.

4. eguna: Sarria-Gorbeia

Iratzargailuak jo zuen, egun eguzkitsu bat genuen zain; mugitzen hasi orduko, agerian gelditu ziren gaueko margolarien lanak. Honenbestez, aurpegia garbitu eta gosari eder baten ostean, janari-banaketa egin genuen, oraingoan, tentuz, Gorbeiara igo beharreko pisua ahal zen gehien neurtuta. Egunero bezala goiz abiatu ginen eta atzean utzi genuen Sarriako aterpetxea.

Hasierako zatia asfaltatua izan zen gehienbat, errepide bazterretik, eta bideari jarraiki, lehen geldialdia egin genuen Zarateko garbitokian. Bertan, talde guztia elkartu ginen berriro ere, gorputza freskatu genuen bertako iturrian eta zertxobait jan gerorako aldapak arazorik gabe igo ahal izateko. Dena jaso eta motxilak bizkarrean jarri bezain pronto abiatu ginen maldan gora, hasiera-hasieratik ikuspegi paregabeez gozatuz.

Bigarren geldialdi bat egin genuen Araza gaina harrapatzean, fundamentuzko hamaiketako bat egin ondoren, berriz ere abiatu ginen, Gorbeiako gurutzea jada agerian genuela. Bertara igo baino lehen, mendiaren magalean bazkaldu genuen eta batek baino gehiagok lo-kuluxka txiki bat egiteko aprobetxatu zuen. Indarberritu ostean, motxilak bere lekuan jarri eta pixkanaka Gorbeiako gailurrera iritsi ginen. Bertan ginela, Eñaut Izagirre batu zitzaigun, lehen eguna gurekin igaro zuen aditua. Paisaiaz gozatzen ari ginen bitartean, une egokia iruditu zitzaigun Korrikari gure ekarpen txikia egiteko; eta hala, pankarta eta lekukoa eskuan genituela lau haizetara oihukatu genuen Korrikaren leloa, gurutzea inguratu genuen korrika eginez, txalo eta irrintzi artean amaituz.

Ospakizunak amaitu ondoren, Gorbeia atzean utzi eta aterpetxerantz abiatu ginen. Beheranzko bide malkartsuan geldialdia egin genuen, bertako bistez baliatuz, Eñautek glaziarren inguruan hitz egin zigun. Zehazki, glaziarrek mugitutako sedimentuek sortutako morrenez. Zertxobait gehiago ikasita, bideari jarraitu genion eta pixkanaka, geroz eta gehiago gerturatu ahala, mendien artean ezkutaturik zegoen aterpetxea bistaratzen hasi zen.

Goma eta pintzen dantzen amaiera iritsi zen aterpetxea zapaldu orduko, bizkarreko zama kendu eta botak askatzeko unea. Zelai orlegian etzan eta dutxetarako txandak egin bitartean, geure artean antolatu ginen jatorduko lanak egiteko. Gauero bezala, mahai-inguru ederra izan genuen, antzerki eta guzti. Azkenik, bai ornitorrinko bai mendizale, guztiok oheratu ginen.

5. eguna: Gorbeia-Areatza

Gorbeiako aterpetxean ondo lo egin ostean, zer erremedio, 9:30etan Martin Arriolabengoarekin, EHUko geologoarekin, geratu eta eguraldia lagun bosgarren eta azken etapari ekin genion; aterpetxetik bertatik Areatza herriraino.

Bidean ikusitako formazio karstikoen inguruan hitz egin zigun Martinek, baita egungo mendien eraketa prozesuaren inguruan ere. Geologoa izanda, ez zuen galdu aukera Gorbea mendiko alde bakoitzeko lurzoru motak azaltzeko: lohia eta kareharria, kasu. Hala, tipi-tapa Pagomakurreko parkera iritsi eta hamaiketako egin genuen.

Tripa beteak solasaldirako gogoa ekarri eta Euskal Herriko kobazuloetan egindako astakeriez aritu ginen hizketan. Bertako maizterrak, saguzaharrak, ere izan genituen hizpide. Azken horiei ahalik eta kalte gutxien egiteko zenbait gomendio ere jaso genituen gainera.

Gosea asetu eta bidean aurrera egin genuen. Oraingoan, baso-kudeaketari zegokion azken eredu bat ikusi eta Ibon Aristik ibai-ekosistemen inguruko azken hizketaldia eman zuen. Kasu honetan, ibaietako berezitasunak aipatu zizkigun, horien artean, hein batean substantzia toxikoak deuseztatzeko duten ahalmena.

Eguerdiko 15:00ak aldera bazkaltzeko beta hartu genuen. Bukatu bezin pronto, etapako azken txanpari egin genion aurre eta arratsaldeko 17:30ean iritsi ginen Areatzara.

Azkenean, autobusa hartu eta lokartzen hasi orduko iritsi ginen Bilboko Termibusera.

Hurrengoa ere aurtengoa bezain zoragarria izan dadila! Bejondeigula!

 

Irteerako argazkiak

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...