Kronika
Nafarroa iparraldeko zeharkaldia

 1. Eguna: Saigots-Aurizberri

Lehenengo eguna iritsi zen, eta ilusio handiarekin batu ginen denak Leioako Zientzia eta teknologia fakultatean goizean goiz. Ia-ia batak bestearen aurpegirik ikusi gabe ekin genion autobuseko bidaia luzeari. Irteera puntura iristerakoan eguraldi makalaz konturatu arren, indartsu hasi genuen ibilbidea. Baina goraka joan ahala, egoeraren gogortasunaz ohartzen hasi ginen. Hainbesteko euria hasi zuen, ezin izan genituela bidean egin beharreko azalpenak entzun ere. Horregatik, gure helburu bakarra aterpetxera ahalik eta azkarren iristea izan zen. Hortaz, goraka jarraitu genuen, eta ezpeldi (Buxus sempervirens) batetik igaro ondoren zuhaitz tarte batean bazkaldu. Elurra zapaltzen hasi ginen gutxi gorabehera 1200m ingurura.

Elurra zapaltzeak polita zirudien arren, pixkanaka konturatzen joan ginen ez zekarrela ezer onik. Ibilbideko punturik altuenean denok erdi izoztuta geunden (baten bati behatzak izoztuko zitzaizkion beldurrez!), elurrarekin belaunetaraino eta sekulako elur haizearekin kontran. Sustoren bat izan genuen gutako bat haizeak eramandako motxilaren estalki baten atzetik joaterakoan, amildegi batetik hurbilegi bukatu zuen-eta. Hori guztia pasata, lortu genuen ibilbidea zeharkatzen zuen errepide batera iristea eta kotxeen laguntzaz Aurizberriko aterpetxera heldu ginen.

Bertan, inoiz jan izan ez bagenu bezala afaldu ondoren, lehorgailuetan denon arropa lehortu nahi izan genuen. Azkenean bakoitzak bere motxila erdia lehortu nahian (motxila osoa blai eginda zeukatenak ere), arropa mendiak egin genituen ondoren lehorgailuetara eramateko. Egoera honetan, arropa mendi guztia lehortzeko gaupasa egin beharko zela ohartu ginen; izan ere, lehorgailuaren programak ez ziren batere motzak. Horrenbestez, lehentasunezko arropak soilik lehortzeko aukeraketa egin zen eta elkar ezagutzeko jolasik gabe itzali genituen argiak. Guztion nekea inguruan nabari zen!

2. Eguna: Aurizberri-Luzaide

Bigarren egunean goiz jaiki eta lehortzen utzitako gauzak biltzeaz batera jarri ginen martxan, Aurizberritik Luzaiderako bidea burutzeko. Oraingoan ere eguraldia ez genuen lagun, baina aurrekoan bezain txarra ez izateak esperantzarako tartea uzten zuen. Batzuon oinak oraindik bustirik eta aurreko eguneko nekeez, baina loak gogoberriturik bidea hasi genuen sabela hutsik, laster aterpe batean geratu eta gosaltzeko.

Gosaldu ondoren bideari berrekinda eta aurreko egunetako euriteek sortutako zenbait errekatxo ausardiaz igarota, bidean, II. Mundu Gerraren ondoren eraikitako bunker bat “ikusteko” (soldaduak bagina akabo) aukera izan genuen. Jarraian, igotzen hasi eta Granadako, Beraiko eta Turaorko mendi-lepoetatik ibili ginen. Lastimaz, Euskal Herriko behelaino ederrari esker, gainetan zeuden bista ederrak ezin izan genituen ikusi. Luzaiderako jaitsieran ordea… miraria! Eguraldia lagun, bailarako eta inguruko ikuspegiaz gozatu ahal izan genuen, baita eguzkiaren errainu gozoez ere, aspaldiko partez.

Ibilbidearen azken zatian eguraldi ona gozatu, aterpetxera heldu eta merezitako bazkari-merienda egin genuen salda on batekin, baita dutxatu ere. Eguna bukatzeko, eguraldiagatik eman ezindako zenbait konturen azalpena entzun genuen; besteak beste basogintzaren historia, basogintzaren kudeaketa zergatik aldatzen den lurraldearen arabera, eta goi mendietako larreen sorrera eta garrantzia.

3.Eguna: Luzaide-Orbaizeta

Goizean goiz esnatu, tripa ondo bete eta agur esan genion hain ondo jaso gintuen Toki-Ona aterpetxeari. Luzaide atzean utzita errepidez ekin genion bideari, eta hankazpiak gogortu baino lehen iritsi ginen Gainekoletara.

Bertatik ia 1000 metroko igoerari eman genion hasiera, mendiko larreen egoera eta hauen jatorria ikusiz. Gure lau hankako laguna gidari, lortu genuen haizea eta elurrari aurre egitea, eta Urkulu laino artean begira genuela, igotako metroak jaisten hasi ginen, Aezkoa ibarrera.

Antzinaroko gizakien hilobiak ikusi ondoren zohikaztegien espezie nagusiak errepasatu (Drossera rotundifolia, Pinguicula sp., Sphagnum sp. ...) eta haien kontserbazioari buruz eztabaidatu genuen. Urez estalitako pagadi (Fagus sylvatica) bat zeharkatu eta zenbait bidezidor hartu ostean, Orbaizetako olara iritsi ginen.

Bertan Zabalzatarrekin topatu ginen, artzain gaztandegi baten jabeak. Anai-arrebek transhumantzia eta artzainen bizitzari buruz hitz egin ziguten, eta ardiak eta gaztaren elaborazioa erakutsi. Bideari berriro ekin behar genionean, Zabalzatarrek gazta, bizkotxo, ardo eta kafea eskainiz eman ziguten sorpresa, eta ziztu bizian garbitu genuen mahaia, hutsik genituen sabelak betetzeko.

Eskerrak mila aldiz eman ondoren, azken kilometroak egin genituen, Juanito txakurra buru, Mendilatz aterpetxera. Eguzkiak ongietorria eman zigun eta afariarekin bapo geratu ostean, Zerika Taldeko Ion etorri zen aezkoako euskarari buruz pixkirrin bat elekatzera eta taldearen lana aurkeztera.

4. Eguna: Orbaizeta-Orbaizeta

Eguraldi ederrarekin esnatu ginen. Aurretik ibilbide zirkularra genuenez, motxila arinak prestatu eta gosaldu ostean, egun horretako hizlariarekin elkartu ginen aterpetxearen kanpoaldean. Koldo 17 urtez bertako inguruetako basozain izandakoa da eta makina bat istorio zeuzkan guretzako prest.

Abiatu aurretik, inguruetako parajeetan aurkitutako hainbat objektu erakutsi zizkigun: Orbaizetako munizio olan egindako kainoi bala, duela milioika urte bertan zeuden palmondoen fosilak, ipotx baten zapata … Hori guztia ikusi ondoren ibilbideari ekin genion, bere gidaritzapean. Bide osoan zehar zenbait animaliaren aztarnak ikusi genituen, hala nola: lepahori (Martes martes), lepazuri (Martes foina) eta azeri arruntaren (Vulpes vulpes) gorotzak; basasaguek (Apodemus sylvaticus) eta katagorri arruntek (Sciurus vulgaris) jandako ezkurrak; basurde (Sus scrofa) eta orkatzen (Capreolus capreolus) oinatzak eta abar. Gainera, basoan aurkitutako landareen inguruko azalpenak eman zizkigun, sendabelarren erabileraren inguruan aritu ginen eta zenbait lore dastatzeko aukera eduki genuen. Garai bateko kontrabandisten bidetik ibili ginan eta bertako istorioak entzun ahal izan genituen. Goiko larreetara heltzean, botak kendu eta hanka hutsik ibiltzeko aukera ere izan genuen. Eskerrak ez genuela Aconitum napellus landare pozoitsua zapaldu!

Bazkalostean itzulerari ekin genion eta, jaitsiera amaitzearekin batera, Orbaizetako ola zaharrera iritsi ginen. Aterpetxera iritsi aurretik azkeneko geldialditxoa egiteko aprobetxatu genuen eta Koldok bertako historia eta olaren garai bateko funtzionamenduaren berri eman zigun.

Aterpetxera heldutakoan, dutxetako txanda eta garagardo artean afalordua iritsi zitzaigun. Egunari bukaera emateko, afalostean txorien eraztunketari buruzko hitzalditxo bat entzun ahal izan genuen Ioar eta Mikelen eskutik, eta ohera joan aurretik, goma eta pintzaren jolaseko galtzaileek eguna laburbiltzen zuen antzerki bikain bat egin ziguten.

5. Eguna: Orbaizeta-Aribe

Zeharkaldiko azken eguna Ander Izagirrek narrastien inguruan emandako hizketaldiarekin hasi genuen. Bertan, narrastien identifikazioaz eta batez ere sugeek duten fama txarraz hitz egin zigun. Hura entzun ostean, motxilak hartu eta Orbaizetatik abiatu ginen. Lehen zatia errepidetik hasi bazen ere, segidan beste bide bati ekin genion, Irabiako urtegitik zetorren kanal baten gainetik. Ura garraiatzeko kanal hau erkamezti (Quercus faginea) batetik igarotzen zen, eta bide batez, erkametza eta haritzaren arteko diferentziak eta hauen hibridazioak azaldu zizkiguten beranduago.

Hemendik aurrera igoera gogorra hasi genuen ezpel (Buxus sempervirens) eta ipuru (Juniperus communis) artean. Igoeraren erdian, kobazulo batetik irteten zen erreka bat ikusi ahal izan genuen, eta geldialdia arnasa hartzeko bikain etorri zitzaigun. Behin goian, hamaiketakoa egiten geratu eta Anderrek lehen musker berdea (Lacerta viridis) harrapatu zuen guztioi erakusteko. Egunean zehar beste bi musker eta zirauna (Anguis fragilis) bat ikusi genituen, herpetologiarako ikusmen fina izateak duen garrantziaz konturatuz.

Atsedenaldi honen ostean, benetako ezpeldi bat zer den jakin genuen, bidea oso itxia baitzen eta adar artean nekez egin baikenuen aurrera, pintza eta goma jokoa baztertu gabe. Azkenean, Orbarara jaistea lortu eta bertako plazan bazkaldu genuen giro onean. Bazkalostean hasierako plana aldatzea planteatu behar izan zen denbora faltagatik eta azken kilometroak errepidez egin genituen. Aribera iritsi arte pasatzen ziren autoei olatuak egin genizkien, umore ona behin ere galdu gabe. Ariben bukatu zen zeharkaldia, kotxeen zain azken hiltzaile jokoa egiten genuen bitartean.

Denbora laburrean egindako lagunak agurtu eta etxera itzuli ginen, Nafarroako iparraldea elkarrekin ezagutzen igarotako bost egun horietan ikasitako guztia barneratzen saiatzen eta gertatutako txikikeri guztiak poztasunez gogoratuz.

 

Irteerako argazkiak

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...